Ikasle Abertzaleak antolakundeko herrialde ezberdinetako ordezkariak bildu gara ikasturteari hasiera eman eta lehenengo lauhilekoari dagokion plangintza aurkezteko.

Iazko ikasturtetik gaur arte, ikasleok eta euskal hezkuntzak bizi dugun egoera ez da batere aldatu. Esan genuen iragan irailean ere, administrazio ezberdinetatik datozkigun erasoak etengabeak dira eta erabat indartu dira:

  • Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Xuberoan euskal departamentu propiorik ez. Horrela, euskararen ofizialtasunik ez, hots, euskaraz ikasteko eskubiderik ez. Gainera, euskal kultura folklore hutsa gisa erabilia da. Hau gutxi balitz, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan ikasteko traba administratiboak ikaragarriak dira egun bertako ikasle batentzat. Ezin ahaztu dezakegu, batxilergoa bukatzerakoan baxoa egitera kondenatuak daudela eta hau ere ezin dela euskaraz gauzatu.
  • Nafarroan betiko tonika españolistan jarraitzen dugu. Alberto Catalanek zuzendutako sailean euskara eta euskal kulturaren kontrako erasoaldiak ez du etenik. Aurreko ikasturtean ezagutu genuen testu liburuen zerrenda beltza delakoa. Bertan, Euskal Herria aintzat hartzen zuten argitaletxeak agertzen ziren eta hauei diru laguntzak kendu dizkiete. Ezin ahaztu ere, inposaketa bidez, ikasleon kontrako dekretua. Ikasleontzako baina ikasleon hitza kontutan hartu gabe.
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere, Isabel Celaa sailburua ez da atzean gelditzen. Bere lurralde auzokidearen ereduari jarraitu eta inposaketa bidez orain arte herri honek bizi izan duen erasorik handiena ematen ari zaio euskal hezkuntzari. Hirueledun hizkuntza marko berria, Euskal Herria terminoaren kontrako gurutzada mediatikoa, alde bateko biktimen presentzia ikasgeletan, ikasleon kontrako errepresioa…
  • Euskal Herriko unibertsitateetan ere, egoera ez da bestelakoa: Europatik datorren Bologna Prozesua dagoeneko gure ikasgeletan aplikatuta aurkitzen baita. Ikasleon hitzari entzungor eginez, unibertsitate eredu arrotz, antidemokratiko eta merkantilistak haziz doaz Euskal Herrian.

Baina ikasle eta abertzaleok eraso guzti hauei aurre egin eta horrenbeste amesten dugun Euskal Eskola Nazionalaren aldeko konpromisoan berresten gara.

Irailean hasi eta abendua bitarte hainbat ekimen eta mobilizazio antolatu ditu Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Urriaren 12 eta abenduaren 6ko jai egun arrotzei intsumisioa Herri Eskolen bitartez, emakumeon kontrako indarkeriaren aurkako egunean salaketa ekimenak, beste unibertsitate eredu baten aldeko Ikasle Olinpiadak… eta azaroaren 6ko Ikasle Eguna 2010.

Aurtengo Ikasle Eguna 2010 berezia izango da, izan ere, egun osoko jai erraldoi batetik haratago Manifestazio Nazionala deitzen dugu ikasle eta abertzaleok. Aipaturiko eraso guztiei erantzuteko ordua heldu da eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzekoa.

Honetarako manifestu bat kaleratu dugu. Berau, herri honetako hainbat gazte eragile, sektore ezberdinetan lanean diharduten gazte antolakunde, hezkuntza mugimenduko eragile eta herri mugimenduekin konpartitu nahi dugu.

Manifestuan lema bakarra:

Ikasleoi erasorik ez!

Hezkuntza Sistema Nazionala!!!

Eta eduki oso sinpleak:

Euskalduntzen ez duten ereduei ez!
Curriculum arrotzei ez!
Dekretu eta konbenio errepresiboei ez!
Hezkuntza patriarkarrari ez!
Hezkuntzaren merkantilizazioari ez!
EHn ikasteko traba administratiboei ez!
Bai Hezkuntza Sistema Nazionalari!

Aldarrikapen baten baitan, ikasleriatik haratago gazte masa erraldoia batzea da gure helburua. Honi jarraiki, irailaren hasieran aipaturiko eragileekin hartu-eman bira bat hasi genuen. Datozen asteetan, behin bira hau bukatuta emango dugu manifestuak jasotako atxikimenduen berri.

Horrela beraz, azaroaren 6an izango den Ikasle Eguna 2010 eta Manifestazio Nazionalarekin, kokoteraino gaudela adieraziko dugu. Manifestazio erraldoi bat izango da azaroaren 6koa, egun erraldoi bat..

Gaur beraz, dei egiten diogu ikasleria eta gazteria osoari, Ikasle Abertzaleaken dinamiketa ezberdinetan parte har dezan eta denon artean, administrazio ezberdinen erasoei aurre egin diezaiegun.

Ikasle borrokaz, Euskal Eskola Nazionala!

2010eko irailak 20,
Ikasle Abertzaleak

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa