Urriaren 2an, larunbata, Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko nazio manifestazioa izango da Bilbon. 17:00ean da zita Bilboko Aita Donostia plazatik. BLOGa.

Ikasle Abertzaleak antolakundeak, deialdi honekin bat egin eta oinarrizko eskubide guztiak errespeta daitezen, bereziki, eskubide zibil eta politikoak errespeta daitezen exigitu nahi du. Beraz, dei egiten diogu euskal ikasleriari, larunbatean, Bilboko kaleak aldarrikapenez okupatu ditzan.

Berria.info-tik hartutako notizia:

Pertsona guztien eskubide guztiak aldarrikatzeko sortu den «hazia» sustatzeko eta herritarrei mugimendua bultzatzen lagun dezatela eskatzeko, agerraldi jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Bilbon 40 gizarte eragiletako ordezkariek. Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei lelopean Bilbon egingo den manifestazioari atxikimendua emateko izan zen agerraldia. Manifestazioa larunbat arratsaldean izango da, 17:00etan.

Ekimenerako prestatutako aretoa bete egin zuten eragileetako 50 bat ordezkarik. Baina aulki bat hutsik zegoen. Askapena zuen idatzirik paperean. Hain zuzen, talde internazionalistako ordezkariak bete behar zuen eserlekua, baina Espainiako Poliziak Askapenako kideak atxilotu zituen atzo goizaldean bertan, Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta agerraldian izatekoak zirenak inkomunikatuta zituzten. Eragileen ustez, agerraldian salatu behar zituzten eskubideen urraketen beste adibide bat izan zen atzoko operazioa.

Aulki hutsaren zergatia azalduz hasi zuten agerraldia eragileen ordezkari lanetan aritu ziren Lorea Bilbao abokatuak eta egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean Udalbiltzaren aurkako auzian epaitzen ari diren Lander Etxebarriak: «Hemen izatekoak ziren, gu guztiok bezala, Euskal Herrian inor gehiagok bere giza eskubideak eta eskubide politiko eta zibilak urratuak izan ez ditzan konpromiso irmoa hartua baitzuten». Atxilotuei elkartasuna adierazi, eta horiek «berehala» askatzeko eskatu zuten.

«Loratzen ari den hazia»

Atzo bildutakoak «sendo loratzen ari den eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduaren hazia» direla seguru daude; herri mugimenduak baduela ahalmen hori. Azaldu dute ez direla «esparru homogeneoa», eta nabarmendu dute partaideen artean «ideologia ugari» daudela eta hainbat «pentsaera eta kultura sozialetatik» datozela.

Baina azken hilabeteetan «premia bizi batek» batu dituela diote: «Eskubide guztien jabetza osoa izatea pertsona eta kolektibo orok, inolako bazterketa eta salbuespenik gabe, Euskal Herri osoan». Behar horren inguruan bildu eta «nortasun handiko mugimendua» osatu dutela azaldu dute; mugimendu «bizia eta parte-hartzailea» dela, «ahotsik gabekoen ahotsa, milaka herritar anonimoen indar higitzailea».

«Autoritarismoaren zentsura»

Irailaren 11n giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztien alde egitekoak ziren manifestazioak debekatu izana salatu dute eragileek: «Estatu autoritario baten zentsurarekin topo egin zuen herritarren adierazpen libreak». Debeku horien aurka izandako erantzuna, berriz, «paregabea» izan zela uste dute, «ordura arteko era guztietako eragileen inplikazioa areagotu egin baitzen ordu gutxiren buruan». Eta irailaren 11n bertan, Kafe Antzokian, «geldiezina den mugimendu bat» ikusi zela ohartarazi dute.

Orain, debeku horien aurka, urriaren 2rako beste manifestazio baterako deia egina dagoela gogoratu dute Bilbaok eta Etxebarriak, eta ezbairik gabe egin dute bat deialdiarekin, «horrek indartu egingo baitu orain arte lortu dugun adostasun zabal eta landua».

«Oraingoan, bai»

Irailaren 11ko manifestazioan eskatu nahi ziren eta larunbatean aldarrikatuko diren eskubideen zerrenda gogora ekarri, eta «oraingoan, bai», esan zuten «irmotasun osoz»: «Oztopo guzti-guztien gainetik, Bilboko kaleak beteko ditugu».

Beraz, manifestazioarekin bat egiteko eta parte hartzeko deia egin zieten kolektiboei eta herritarrei; «hasitako bidea geldiezin egiteko deia».

Atxikimendu zerrenda:

AAM, Abante Konpartsa, Ahaztuak, Alternatiba Gazteak, Anitzak, Askapena, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Boltxe Kolektiboa, CNT, Eguzki, Elkartzen, Emakume Internazionalistak, Esait, Eskubideak, Etxerat, Euskal Herrian euskaraz, Euskal Herriak Bere Eskola, Ezker Gogoan, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, GaztHerria, Gernika Batzordea, Gite-Ipes, Giza Eskubideen Behatokia, Hontzak Konpartsa, Ikasle Abertzaleak, Iratzarri, Kaskagorri Konpartsa, Komantxe konpartsa, Komite Internazionalistak, Lau Haizetara Gogoan, Lokarri, Mekaguen Konpartsa, Pa… Ya Konpartsa, Salhaketa Bizkaia, Sare Antifaxista, Torturaren Aurkako Taldea, Txori Barrote Konpartsa, Udalbiltzako auzipetuak.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa