Ikasle Abertzaleak antolakundeak datorren azaroaren 6an, amurrion, izango den Ikasle Eguna 2010eko egitaraua aurkeztu du Ze Esatek! taldearekin batera.

Bertan, goizetik hasita gauerarte antolatutako olinpiada, poteo, bazkari, kontzertu, azoka… azaldu dituzte. Besteak beste, Doctor Deseo, Habeas Corpus, La Pulqueria, Gose eta Ze Esatek! taldeen kontzertuak egongo direla aurreratu dute.

Gaurkoan Antiguoko Doka Antzokian hainbat ikasle eta Ze Esatek! taldeko kideak bildu gara datorren azaroaren 6an izango den Ikasle Eguna 2010en berri emateko.

Esan genuen aurreko astean: aurtengo ikasturtean inoiz baino arrazoi gehiago ditugu Ikasle Egun hau burutzeko. Izan ere, medio ezberdinetan entzun eta ikusi izan ahal dugun bezala ikasleon eta Euskal Hezkuntzaren kontrako erasoak etengabeak dira.

Hala ere, ikasle eta abertzaleok gogotsu ekin diogu ikasturte berriari eta Euskal Eskola Nazionalaren aldeko bideari. Ikustea besterik ez dago iragan astean Iruñerriako ikasleek burututako mobilizazioak, non ehunka ikaslek ezezko borobila adierazi zioten Alberto Catalán Sailburuak inposaketa bidez onartutako ikasleontzako dekretu zigortzaileari.

Horrela bada, Ikasle Eguna 2010eko egitaraua aurkeztu nahi dugu:

  • Goizetik hasita umeentzako ekintzak antolatu ditugu amurrion. Ume jolasak, tailerrak, aurpegi margotzea eta Porrotx pailazoa bera ere izango da amurrion. Gainera, Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko gune horretan, herri mugimenduko eragileen azoka jarriko dugu. Ezin ahaztu, goizean zehar “beste unibertsitate eredu baten aldeko” unibertsitateko ikasleen olinpiaden final handia burutuko dela.
  • Eguerdian 400 bat ikaslerentzat bazkari herrikoia prestatuko dugu. Ondoren musikaz alaituko dugu bazkalostea.
  • Arratsaldeko 17:30tan, udaletxeko plazatik hasita, Manifestazio Nazionala burutuko dugu. Bertan, ikasle eta gazte masa uholdea egotea espero dugu. “Ikasleoi erasorik ez! Hezkuntza Sistema Nazionala”. Hori izango da manifestazioaren lema. Gainera, iraila hasieran hasi genuen eragile ezberdinekin hartu-eman bira bat eta esan beharra dugu kaleratu genuen manifestua harrera oso ona izaten ari dela eragileon artean. Aipatu genuen bezala, manifestuak oso eduki sinpleak jasotzen ditu:

Euskalduntzen ez duten ereduei ez!
Curriculum arrotzei ez!
Dekretu eta konbenio errepresiboei ez!
Hezkuntza patriarkarrari ez!
Hezkuntzaren merkantilizazioari ez!
EHn ikasteko traba administratiboei ez!
Bai, Hezkuntza Sistema Nazionalari!

  • Manifestazio Nazionala bukatutakoan ekitaldi politikoa izango da karpa erraldoian eta ostean, iluntzeko 21:00etan kontzertu erraldoiei hasiera emango genieke, bertan:
  • HABEAS CORPUS – LA PULQUERIA – DOCTOR DESEO – GOSE – ZE ESATEK!

    Esatea ere, Ikasle Eguna 2010ek baduela kantua. Abestia Ze Esatek! Taldeak egin du eta bertan Sorkunek kolaboratu egin du. Gainera, Izar Mendiguren bertsolari laudiotarrak egin du kantuaren letra.

    Sarrerak 16€ balioko du eta bertan erosiz gero, 19€. Aipatzea ere egunean bertan Amurriora hurbiltzeko IAk berak autobusak antolatu dituela eta sarrerekin batera ohiko tabernetan egongo dela aukera apuntatzeko.

    Honekin esatea ere,  www.ikasleabertzaleak.org webgunean Ikasle Eguna 2010 eta Manifestazio Nazionalerako informazio osagarri dena egongo dela eskegita. Bai manifestua bera, sarrera salmenta puntuak edota kantua entzun eta deskargatzeko aukera.

    Besterik gabe, espero dezagun azaroaren 6 egun handia izatea eta euskal hezkuntzak bizi duen erasoaldi inposatzaile eta españolista honi behar besteko herri erantzuna ematea beti ere Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko uholdea gorpuzten joanez.

    Horrela, ikasle, gazte eta herritar orori dei egiten diogu azaroaren 6an amurriora gerturatu dadin Ikasle Eguna 2010era eta Manifestazio Nazionalera!

    Agerraldiko audioa: klik hemen

    Info+: Gara.net


    Etiketak: Info

    Iruzkin bat utzi


    • Artxiboa