Gaur Gasteizko Hezkuntza Delegaritza aurrean agerraldia burutu dugu hainbat eragile, kolektibo eta gazte mugimenduko partaidek  manifestuari atxikimendua eman diotela jakitera emateko

Goizean esan dugun bezala, Euskal Herriko hezkuntzaren egoerak txarrera egin du. Administrazio ezberdinetatik inoiz ezagutu ez ditugun erasoak ari dira ematen. Hori dela eta, ikasturte hasieran Ikasle Abertzaleok, kolektibo ezberdinekin bildu eta erasoaldi honi aurre egiteko asmoz, lanketa abian jarri genuen.

Ez dira kasualitate hutsak hezkuntzaren aurka eginiko erasoak. Egungo sistema patriarkal eta kapitalistak bere behar eta interesetara egokitzen du hezkuntza, egungo bere biziraupena bermatu eta etorkizunekoa ziurtatzeko. Horretarako, ikasleria sumiso eta akritikoa hezteko ahalegina egiten dute. Curriculum arrotzetan oinarritutako ikaskuntza bultzatzeaz gain, kontrol soziala ere erabiltzen dute beraien helburuak bermatzeko. Hori gutxi balitz, erasoaldi eta inposaketen aurrean altxatzen den orori errepresioaz erantzuten diotelarik. Honen guztiaren adibide da ikasleek egunerokotasunean ikastetxe nahiz fakultateetan bizi duten egoera.

Egunerokotasun horren aurrean ordea, ikasleriak argi erakutsi du egun inposatu nahian dabiltzan hezkuntza ereduaren aurrean, zein den bere hautua. Urriaren 12an herri eskolak burutuz, egutegi propio baten beharrizana agerian utzi zuen. Ikasgeletan eduki arrotzen aurrean euskal curriculuma aldarrikatzen du. Unibertsitatean, bologna prozesuaren inposaketaren aurrean bestelako eredu baten eraikuntzan dihardu. Eta ikasleriaren ahotsa ixilarazi nahi duen dekretuen aurrean, inoiz baino ozenago atera da kalera. Argi dago, euskal ikasleriak erasoaldi ororen aurrena, bestelako hezkuntza eredu baten aldeko hautua egin duela, Hezkuntza Sistema Nazionalarena.

Manifestu hau sinatu dugun, gazte mugimenduko eta Euskal Herriko eragile, kolektibo eta talde ezberdinok ikasleekin batera, argi daukagu hezkuntza dela herrien motore. Pertsona kritikoak sortuko dituen hezkuntza sistema beharrezkoa dugula. Euskalduna edukiz eta hizkuntzaz. Hezkidetzan oinarrituko dena eta nazionala. Hau da, Hezkuntza Sistema Nazionala.

Hortaz, orain Euskal Herrian bizi dugun erasoaldi honi aurre egin eta benetan Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzeko, datorren azaroaren 6an 17.30ean Amurrioko herriko plazatik abiatuko den manifestazio nazionalera bertaratzeko deia egiten dugu.

Ikasleen ahotsarekin bat egin eta denon artean ozen entzun dadin:
Erasorik ez, Hezkuntza Sistema Nazionala!

– Atxikimenduen zerrenda hasierako orrialdean albo batean ikus dezakezue.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa