Topatu.info-ren jarraipen berezia

Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatzeko ikasle olinpiadetako finala burutu da Amurrion. Arkatzez mozorroturiko bi aurkezle izan dira, Iruña, Arrasate, Leioa, Bilbo uni eta Gasteizetik hurbildu diren taldeen gidari. Hamaikak aldera eman diete hasiera jokoei; piramideak osatu eta arraultzak jaurtitzea, aulki joko kooperatiboa, arropa kateak egitea eta beste hainbat jolasekin.

DSCN1699Hotz egin arren, gogotsu aritu dira bai taldeak eta eurekin ekarri dituzten intxadak ere. Azken hauek, etengabe animatu dituzte euren unibertsitateetako taldeak. Horrela, Aiaraldeako taldeak irabazi du. Mondragon Unibertsitateko taldea izan da tranpatiena eta sari berezia, berandu heldu den Nafarroako taldeari eman zaio.

Aldi berean, haurrentzako txokoan Porrotxek euskal haurrei erakutsi die koloretako mundu bat osatzen eta marrubizko muxuak banatu ditu. Emanaldian, gogora ekarri du Ikasle Abertzaleak-eko bozeramaile zen Ikoitz Arrese eta hari ere muxuak bidali dizkio.

Ondoren, paella mundiala dastatu ahal izan dute bertan bildutako 250 lagunek. Horrez gain, Jokin Labaien eta Beñat Gaztelumendik alaitu dute bazkaria euren bertsoekin, olinpiadetako giro beroari eutsiz.
DSCN1713
Egunak aurrera darrai, aldarrikapenak eta festa uztartuz. Dena prest dago 17:30etan udaletxeko plazatik abiatuko den manifestazio nazionalerako, “Ikasleoi erasorik ez, Hezkuntza Sistema Nazionala” lelopean.

Info+ aiaraldea.com

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa