Begiak busti zaizkigu gaur Oihanak GARAn idatzi duena irakurri dugunean. Begiak busti zaizkigu bai baitakigu bene-benetan idatzi duela, guk ere ondotxo ulertzen baitugu zer esan nahi duen “ez baikinateke garena izango IAko eskolatik igaro ez bagina” esaten duenean, adibidez. Neke, lan, buruhauste eta denbora asko eskatzen duen zerbait da militantzia, baina ordainetan ematen dizunak ez dauka preziorik. Eta IAko eskolak pertsonak aldatzen dituen bezalaxe, norbanako bakoitzak bere hondar alea ezartzen du IA osatzerakoan, betirako geratzen den hondar alea. Oihanak IAri eman zion guztiagatik, hementxe jarri dugu gaur bere txokotik idatzitakoa.

Eta zuri IAkide, aholku bat; gorde ezazu kaxoian egunkariko orrialde hori eta lanak gainezka egin eta dena beltz ikusten duzunean, ireki tiradera eta berrirakur ezazu testua.

Hona hemen Oihanaren zutabea:

Ikasle eta abertzale beti

Urteak dira ikasle garaiak atzean utzi nituela. Azterketen atarian, ikasleen kirioei erreparatuz gero pozten naizen arren, ikasle izatea faltan botatzen dut sarritan, maizegi akaso.

Nostalgia horrek eta egungo ikasle belanauldiak babesteko nahiak Ikasle Egunera gidatzen nau azaroro. Aurtengoan ere hala izan da, eta Guardia Zibilaren trabak gaindituta, Amurrion egin genuen topo larunbatean atzoko eta gaurko ikasleek.

Unibertsitate garaiak izan genituen gau osoan zehar hizpide, bizitako greba orokorrak, LOUaren kontra egindako borroka eguna, itxialdiak…. Gure bilobei ere kontatuko dizkiegun istorioak seguruena. Klasera gutxi joandakoak gara, baina gelak, eskolak eta fakultateak bizitasunez betetzeko ahalmena genuen. Bizitasuna eta ilusioa baita ikasle antolatuek soberan dutena. Kutsatzen den bizitasuna. Lapurtu nahi duten ilusioa.

Garai eta toki desberdinetan dinamikoa eta eraldatzailea izan den kolektiboa da ikasleria. Euskal Herrian ere halakoxea izan da. Ikasleak irakasle bilakatu gara sarritan pedagogia forma berritzaileak eskoletara eramateko; irudimena beti lagun, gure herria mapetan ager dadin lan egin dugu negu gorrian eta uda beroan, eta jaiegun arrotzei intsumisioaren bidez aurre egiten aitzindariak izan ginen.

Negozio grinaren gainetik, hezkuntza oinarrizko eskubidea dela tinko defendatu du ikasle mugimenduak, herritik eta herriarentzako hezkuntzan sinistuz eta hura eraikiz. Irentsi nahi gaituen mundu karratu eta grisa koloreztatzen saiatu da etengabe, eta horregatik egon da beti zuzendari eta dekanoen jomugan, baita orain Rubalcabaren dianan ere. Ikoitz Arrese IAko eledunaren, euskal gazteen aurkako azken sarekadan atxilotuaren hutsunea nabaria izan zen Ikasle Egunean, eta bera bezala gatibu diren ikasle eta abertzaleena ere bai.

Harrotasunez begiratzen dugu, ordea, atzera. Kolektibo horren historiaren zati txiki bat idatzi izanak harrotzen gaituelako. Ikasle mugimenduaren parte izateak arrastoa uzten du pertsonengan ere, ez baikinateke garena izango IAko eskolatik igaro ez bagina.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa