Azaroak 25, Osteguna, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna. Urtero bezala, ekimen ezberdinak antolatu ditugu unibertsitate eta ikastetxeetan egun honetarako. Horrekin batera, Bilgune Feministak antolatutako mobilizazioetan ere parte hartzeko dei egiten dizuegu ikasle guztiei.

Zergatik? Oraindik arrazoiak azaltzea beharrezko da ala?

Hona hemen IAk egun honen harira egindako irakurketa:

Beste behin kalean gara. Beste behin Hezkidetzaz hitz egiten dugu Azaroaren 25 batean. Batzuek feminismoaz hitz egiten dugunean Ikasle Abertzaleok beste ezer ez dakigula esango digute. Beti gaudela Hezkidetzaz hitz egiten, gaurko sistema parekidea eta hezkidetzailea denean. Baina guk argi daukagu ezetz.

Argi daukagu, berdintasun faltsuaren gizartean bizi garela, eta hau mantentzeko, hezkuntza izugarrizko baliabide garrantzitsua dela. Hezkuntzak berdin egiten gaitu bai! Emakume berdin eta gizon berdinak egiten gaitu. Bi multzo osatu nahi ditu, homogeneoak, eta mugitu ez direnak. Baina guk badakigu zer nahi duten eta ez diegu utziko!

Horregatik gaude hemen berriro ere Hezkidetzaren garrantziaz hitz egiteko. Honek pertsona aske moduan tratatuko gaitu, eta gure desberdintasunak onartuz jendarte parekide bat eraikitzeko bidean lan egingo du.

Eta zergatik hitz egiten dugu emakumearen kontrako indarkeriaz hitz egiteko momentua denean Hezkidetzaz? Ba indarkeria bera mantentzen duelako gaurko hezkuntza sistemak. Gizonezkoa boteredun ezartzen du, eta honela bermatu egiten du indarkeria mota oro. Zilegi da emakumea zapaltzea gizarte honetan. Horregatik eskatzen dugu guk Hezkidetza. Inor zapaltzea zilegi izango ez den jendartea sortuko dugu Hezkidetzaren bidez!

Honetaz gain, mugimendu feministak azken urteetan lantzen dituen autodefentsa ikastaroez hitz egin nahi dugu. Emakumezkook behar-beharrezkoak ditugu, eta soilik zenbaiten borondatez antolatzen direnean heltzen dira guganaino. Udaletxe batzuek hartu dute jada hau antolatzeko ardura. Baina hain garrantzitsua bada zergatik ez da derrigorrezkoa? Zergatik gure eskoletan ez dugu autodefentsa feminista hau lantzen?

Hemendik, deialdi eta eskera zuzena egiten diegu instituzio guztiei, prebentzioa benetan landu nahi badute etor daitezela gure ikastetxeetara eta hemendik lantzen has daitezela. Bestela ahoa prebentzio hitz politez bete baina beti bezala ezertan geratzen jarraituko da. Eta okerrena ez da hau, okerrena egunero-egunero eraso desberdinen albisteak entzuten jarraitu beharko dugula!

Aski delako, guk, ikasleok, autodefentsaren eta hezkidetzaren aldeko apustua egiten dugu! Ikasleok ez dugulako erasotzaile gehiago sortuko dituen hezkuntza bat nahi, kalera aterako gara! Nazkatuak gaude egunero beste eraso bat gertatu dela entzun behar izateaz! Ikastetxeko zuzendariek, irakasleek, udaletxeek, instituzioek orokorrean entzun dezatela haien esku dagoela egoera hauek ez errepikatzea. Ez ditugu hitz polit gehiago nahi, has daitezela behingoz hain garrantzitsua den prebentzioa lantzen!

Hala ere ez gara eserita geratuko haiek noiz hasiko zain! Guk bitartean aurrera egiten jarraituko dugu, beti bezala, eta gure txikitasunetik pausu handiak emango ditugu emakumeon eskubideen defentsan! Ikasle borrokaz hezkuntza sistema parekide bat lortuko dugulako! Hezkuntza zapaltzailearen aurrean guk Hezkidetza!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa