Abenduaren 6n Espainiar Konstituzioa ospatzeko asmoa duzu ala?

Guri behintzat Euskal Herriaren existentzia bera ukatu eta zapaltzen duen konstituzio bat arrotza egiten zaigu; eta beraz, jai egun hau JAI EGUN ARROTZA dela esaten dugu! Horregatik, datorren Astelehenean, urtero egiten dugun moduan, intsumisio jarrera hartu eta ikastetxeak irekiko ditugu! Eta hori egitea ezinezko balitz, gure eskola propioak eraikiko ditugu, Herri Eskolak burutuko ditugu Euskal Herriko hamaika txoko ezberdinetan.

Hemen daukazue agerraldian irakurri den testua:

Alde batetik, audioa: entzuteko klikatu hemen!

Eta bestetik, testua idatziz:

Abenduaren 6ean
AI EGUN ARROTZEI INTSUMISIOA!

Frankoren Diktaduraren ondoren, ustezko trantsizioaren lehen urratsa emateko, frankismoaren oinordekoek 1978ko Konstituzioa hitzartu zuten Madrilen. Konstituzio hori estatu espainolaren bana ezinezko batasun inposatuan oinarritu zen; Euskal Herria, beraz, ukatuz.

Euskal Herriak ezezko biribila eman zion inposaketari; espainiar konstituzioak herri gisa ukatzen gaituelako, eta marko autonomiko horiek gure lurraldearen zatiketa administratiboa ekarri digutelako.

Gaurko egunez, nazio ukatua izaten jarraitzen du Euskal Herriak, hezkuntza eremuan, egunerokotasunean bizi dugun errealitateak eta egungo erasoaldiak argi islatzen du egoera hau. Trilinguismoaren legea edo TIL ereduen sustapena, Euskal Herria terminoaren desagertzea, dekretu zigortzaileak edo curriculum arrotzak bezalako neurri espainolistekin herri honen garapen kultural nahiz linguistikoa eten nahi dute. Nortasun arrotzen baitan hezi nahi dute euskal ikasleria, herri gisa ezabatu Euskal Herria. Horregatik, Herri honi eta euskal ikasleria osoari hezkuntza sistema propio bat izateko eskubidea ukatua zaio egun. Hori dela eta, egutegi arrotzak inposatzen dizkigute.

Euskal Ikasleok oso argi dugu ordea, abenduaren 6an, Euskal Herriaren ukazioa eta gure lurraldearen zatiketa ospatzen den egunean, guk ez dugula ezer ospatzeko! Horregatik, jai egun arrotz honi intsumisioa egin eta egutegi propio baten alde ikastetxeak irekiko ditugu. Lehentasunez klaseak normaltasunez ematea exijituko dugu. Eta hau egitea ezin izango balitz, Herri Eskolak burutuko ditugu ikastetxe, unibertsitate nahiz herrietan.

Datorren abenduaren 6an euskal ikasleak klasera joango gara eta Herri honen eraikuntzan hezkuntzak jokatzen duen paperaz mintzatuko gara “Hezkuntza Herrien Motore” eskoletan. Urriaren 12an, Herri latinoamerikarren independentzia borrokaz jardun genuen. Oraingo honetan, Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko borrokan hezkuntzak jokatutako paperaz hitz egingo dugu: bere garapena historian zehar, herri mugimenduaren garrantziaz eta egungo errealitateaz. Helburua, ordea, aurrera begira jartzea izango da, eta egun bizi dugun erasoaldiari erantzuna emateko herriak hartu behar duen paperaz jabetzea.

Horregatik, dei egin nahi diogu Euskal Ikasleriari, gaztediari eta azken finean Euskal Herritar guztioi, abenduaren 6ean, jai arrotzei intsumisioa egin eta ikastetxe, unibertsitate eta herrietan burutuko diren Herri Eskoletan parte har dezaten. Horrela, Euskal Herria ikasi eta egutegi propio bat aldarrikatuz, Hezkuntza Sistema Nazionala eraiki eta Euskal Eskola Nazionala irudikatuko dugu!

Jai arrotzei intsumisioa eginez euskal egutegi propioa eraiki!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa