Beno, aitortu beharko dugu… futbol-zale amorratuak ez izan arren Asteazkenean indar osoz animatuko ditugu Selekzioko jokalariak! Ez zaizkigu golak axola, berdin digu zein den amaierako emaitza, marrazaina ere ez dugu irainduko…

Ez, ez goaz futbol partida soil bat ikustera, aldarrikapen jai handi batean parte hartzera goaz Bilbora! Euskal Herria Nazio bat da, eta Nazio gisa bere Selekzio propioa izateko eskubide osoa duela aldarrikatzen dugu. Horregatik, jaia eta aldarrikapena egun osoko kontua izango bada ere, dei berezia egin nahi dizuegu arratsaldeko 18’30etan Areatzatik abiatuko den MANIFESTAZIO NAZIONALera joateko.

Abenduaren 15ean ESAITek eta hainbat eragilek prentsaurrekoa eskaini genuen, hona hemen bertan irakurritakoak:

ESAITen adierazpena:

Urteak eta urteak daramatza herri honek bere selekzio nazionalen ofizialtasuna aldarrikatzen. Eta horren lekuko da ESAIT, azken hamabost urte hauetan, bere jarduera, ofizialtasunaren nahia eta beharra jendartean sustatzea eta indartzea izan delako.

Abendua, besteak beste, euskal selekzioaren futbol partidua dela eta, ofizialtasuna ardatz hartuta, aldarrikapen horren ispilu bihurtzen da. Ziurrenik oraindik gogoan izango dituzue 2007an eta 2008an, ESAITek Bilbon antolatutako manifestazio erraldoiak edota, iaz, 2009an, Anoetan, Euskal Herriko kirolarien kolektiboak antolatuta, ekimen ikusgarri hura. Eta aurten ere ziur gaude horrela izango dela, aipatu ekimen horiek antolatzeko erabili genituen arrozoi berberak, egun, jarraitzen dutelako, Espainiako eta Frantziako Gobernuen aldetik zein etxeko Gobernu eta futbol federazioaren aldetik, ukazio sistematikoan kokatuta jarraitzen dutelako.

Euskal Herriko futbol jokalariek, orain hiru aste, euskal hedabideetara bidalitako txostenean argi azaldu zuten, Euskadiko Futbol Federazioaren jarrera etsigarriaren gainetik, prest daudela, futbol zelaian zein behar den leku guztietan herri honen koloreak defendatzeko. Eta deia luzatu zuten, partidaren eguna, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen egun bihurtzeko. Testuinguru horretan kokatu behar dugu, futbol partidua jokatzeko euskal jokalariak prest egotea. Baina argi utzi zuten ere, aurrerantzean, euskal herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bidean urratsak emateko beste bide batzuk jorratu beharko direla eta eurak soilik ez direla gai bide horiek lantzeko. Beraz bide batez, laguntza eskatzen ere ari direla uste dugu.

Zentzu horretan, euskal futbol jokalariek euskal jendarteari egindako eskaera ezin dugu alde batera utzi, are gutxiago, mezua, zintzotasunean oinarritzen denean. Beraz, uste dugu beraien idatziaren edukietan kokatu behar garela eta aurrera egin behar dugula, ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Abenduaren 29an, Bilbon, futbol partidua baino zerbait gehiago dagoelako jokoan, ofizialtasunaren bidean, ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera, hain zuzen.

Beraz, ESAIT prest dago euskal jokalariek eskatu bezala, abenduaren 29a, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen egun bihurtzeko. Zentzu horretan eta beste hainbat ekimenen artean, aurreratzen dizuegu, Bilbon, partiduaren aurretik, arratsaldeko 18:30ean, Arenaletik abiatuta, MANIFESTAZIO NAZIONALA burutuko dugula lelo honekin: “NAZIOA GARA, OFIZIALTASUNA, lortu behar dugu, lortuko dugu!!”
NAZIOA GARA, OFIZIALTASUNA!!

Lortu behar dugu, lortuko dugu!!

Eragile politiko, sindikal eta sozialen oharra:

Euskal jendartean nagusiki hedaturik dagoen ofizialtasunaren nahia eta beharrak ikusita eta euskal futbol jokalarien eskaera kontuan hartuta, hemen bildu garenok honako hau adierazten dugu:

1.- Euskal Herria, Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Zuberoak osatzen duten nazioa da. Nazioa den heinean, Euskal Herriko kirolariek beren nazioaren koloreekin euskal herriko selekzioa ordezkatuz nazioarteko txapelketetan parte hartzeko eskubidea dute.

2.- Guk, euskal jendarte zati baten ordezkari garen heinean, eskubide horren ukazioa arbuiatzen dugu; batetik, kirolariei Euskal Herria ordezkatuz beren koloreekin gainontzeko munduko nazioen moduan ofizialki lehiatzea ukatzen zaielako, eta, bestetik, euskal herritarrok nazioartean gure ordezkaritza izateko dugun eskubidea urratzen dutelako.

3.- Euskal Herriari, ofizialki ordezkatua izateko eskubidea ukatzen zaionean, Euskal Herriaren kanpo proiekzioa, eta, finean, bere nazio izatea ukatu nahi zaio. Euskal herritarron eskubide kolektibo eta indibidualen urraketa arbuiatzen dugu.

4.- Zentzu honetan, herritarrei dei egiten diegu, abenduaren 29an, Bilbon “NAZIOA GARA, OFIZIALTASUNA !!, Lortu behar dugu, lortuko dugu!!” lelopean, ESAITek antolatutako ekimenetan eta zehazki, arratsaldean Arenaletik abiatuta arratsaldeko 18:30ean, egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko, egun hori euskal herriko selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenerako eguna izan dadin.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa