Ikasle Abertzaleakeko kideok ere bat egiten dugu Urtarrilaren 27rako Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin. Ez da elkartasunez soilik egiten dugun deialdia, ez horixe! Guri ere bete-betean eragiten digun erreforma baten aurrean deitzen den greba izanik, 27an ikasgelak hustu eta kaleak betetzeko deia egiten diogu euskal ikasleriari!

Gazteak gara, eta erreforma hauen bidez biderkatu egingo zaizkigu egun bizi ditugun zapalketa egoerak. Gazteok lan merkatuan sartzeko sekulakozailtasunak ditugu gaur egun, langabezia tasa izugarria da. Baina, gainera, lan mundura sartzea lortzen dutenek kontratu prekarioak eta lan baldintza ezegokiak pairatu behar dituzte.

Ikasleak gara, eta ikasle gisa krisiaren aitzakipean zerbitzu publikoei egiten zaizkien murrizketak ondo ezagutzen ditugu; unibertsitatera joateko aukera mugatu eta elite bati eskaintzeaz gain, enpresen beharrak asetzera norabidetu nahi duten eraldaketa neoliberala dugu horren adibide.

Eta noski, gu gara etorkizuneko langileak! Langile sumisoak nahi dituzte eta hori lortzeko ikastetxe eta unbiertsitateetatik hasten dira lanean, horretarako bultzatzen dute “fulltime” ikasle eredua.

Ikusten duzue, arrazoiak sobera daude; beraz, altxa aulkietatik eta atera kalera! Gaurko eta biharko langileon eskubideen defentsan ikasleok ere, urtarrilaren 27an Greba Orokorra!

Hona hemen Iruñerriako Ikasle Abertzaleakeko kideek egin duten bideoa:

Irakurketaren testua osorik irakurtzeko:

Euskal Herriko gehiengo sindikalak grebara deitu du euskal jendartea urtarrilaren 27an pentsioen erreformaren aurka. Guk, Ikasle Abertzaleok, bat egiten dugula adierazi nahi dugu, etorkizuneko langile bezala, erreforma hau ere, gure eskubideen aurka egindako neurri bat delako. Horregatik, ikasgelak hustu eta kalera ateratzeko deia egiten diogu euskal ikasleriari.

Izan ere, erreforma honen ondorioz, biderkatu egingo dira egun gazteok lan munduan bizi ditugun zapalketak. Pentsioen lege berri honekin, jubilazio adina 67 urtetara atzeratzeaz gain, pentsio osoa kobratzeko 35 urtez kotizatu izana exigituko da baldintza gisa. Hau da, egungo ikasleok bizi osoko lanaldia burutu beharko genuke jubilazio duin bat eskuratzeko. Neurri berri hauek, egun langileek nola gazteok pairatzen ditugun eskubide urraketa eta zapalketen testuinguruan kokatu behar ditugu. Gazteok, lan merkatuan sartzeko zailtasunak eta bere ondoriozko langabezi tasa handia sufritzen dugu. Eta lan munduan bertan sartzeko aukera dutenek ere kontratu prekariaok eta lan baldintza ezegokiak bizi behar izaten dituzte. Argi dago beraz, erreforma berri hauek egun bizi dugun egoeran ez direla inolaz ere jendarteak eta langilegoak dituen behar sozialak asetzeko eginak; alderantziz, zapalketa eta bazterketa soziala elikatu besterik ez dute egiten.

Ikasleok ordea, arrazoi gehiago ere ikusten ditugu kalera ateratzeko. Hain zuzen ere, krisiaren aitzakipean zerbitzu publikoaren murrizketa gauzatzen ari dira, baita hezkuntzan ere. Unibertsitatera joateko aukera mugatu eta elite bati eskaintzeaz gain, enpresen beharrak asetzera norabidetu nahi duten eraladaketa neoliberala dugu. Horrela bada, ikastexteetatik hasitako obedientzia eta sumisioan oinarrituko heziketari jarraipena eginez, unibertsitatean lan erritmoetara ohitzen gaituzte, “fulltime” ikasle eredua bultzatuz.

Langile borrokak urteak daramatza bere eskubideak aldarrikatu eta herriak behar duen aldaketa sozial nahiz ekonomikoa bultzatzen. Ikasle eta Abertzaleok ere, egungo sistemak sustatzen dituen interes pribatu eta neoliberalen jabe izanik, gaurko eta biharko langileok eskubideen defentsan bat egiten dugu. Horregatik, datorren urtarrilaren 27an, ikasleriari Greba egitn eta baita egunean zehar burutuko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen diogu.

Arrazoiak soberan daude, beraz, altxa aulkietatik eta atera kalera! Gaurko eta biharko langileon eskubideen defentsan ikasleok ere, urtarrilaren 27an Greba Orokorra!!!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa