Pasa den Larunbatean Euskal Herriak Bere Eskolak Batzar Irekirako deialdia egiteko prentsaurrekoa burutu zuen Donostian, eta gu ere bertan izan ginen. Hezkuntzan ematen ari diren erasoen aurrean ikasleok ere zeresan haundia daukagulako, Hezkuntza Mugimendua bultzatzeko garaia delako, Otsailaren 5ean ikasleok ere Bilbon izango gara!

Ondo gogoratu zitaren ordua eta lekua: 9’30etatik 13’30etara Bilboko La Bolsan

Hemen dituzue Ainhoa Larrabe EHBEko kidearen hitzak:

prentsaurrekoaren audioa.

Hona hemen agerraldiko testua osorik,

Pasa den ikasturtetik hona, hausnarketa batean murgilduta izan gara Hezkuntza Mugimenduko kideak. 2009an Sarasateko adierazpena aurkeztu genuenetik, Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko indarrak bildu eta batzen gaituena oinarri, elkarlana sustatzeko beharrizana agerian geratu dira burutu ditugun ehunka elkarrizketa eta bileretan.

Hausnarketa honetan oinarrituz, iazko ikasturtean, Hezkuntza Deialdiaren dinamikaren banderapean, Manifestaldi arrakastatsua egin genuen Bilbon Martxoaren 13an, HSNren alde eta inposaketen kontra. Argi utzi genuen herri honek bere hezkuntza sistema propioa eraikitzeko borondatea eta nahia duela.
.
Zoritxarrez, hezkuntzak egun duen egoera ikusita kezkatzeko arrazoi nabarmenak ere baditugu. Administrazio ezberdinetatik, herri honen biziraupen eta garapena arriskuan jartzen duten ereduen inposaketek aurrera darraite, atzerapausu nabariak gauzatzen ari dira lurraldez lurralde: eskolaren bidez ikasleek euskalduntzeko duten eskubidearen urraketa; hizkuntza ereduen politikaren porrota datu bidez baieztatua egon arren, A eta G ereduaren aldeko apustua egiten jarraitzen da eta hori gutxi balitz euskara zokoratzen duten TIL eta Trilinguismoa abian jarri dituzte; curriculum arrotzen araberako balore, jakintza eta ezagupen nagusigo behartua, hezkuntza adoktrinamendurako esparru bilakatuz; gure herria irudikatzen ez duten mapen erabilera ikastetxeetan behartuz, adibidez; norberaren garapena kolektibitatean garatzeko baliabideak alboratzen dira eta ikasle akritikoak bultzatzen dituzten hezkuntza ereduen sustapena; etabar luze bat.

Hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Herri proiektua da, herri baten bizi- iraupenari nahiz garapenari egiten dion ekarpenagatik eta herriak hezkuntzari ematen dion osotasunagatik. Horregatik, herriz herri zein ikastetxez ikastetxe Hezkuntza Sistema euskaldun eta herritarrar baten aldeko dinamikak aurrera eramatearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Aisialdi euskaldunaren aldeko lana, herriko curriculum proiektuen garapena, hainbat ikastetxetan euskararen normalkuntza bidean ematen diren pausuak… herriz herri ematen diren aldaketa horiek dira motore. Guraso, ikasle, irakasle zein herritarrak batzen gaituena idartuz, bildu eta bakoitzak bere esparrutik bultza eginez lortuko dugu!

Guzti hau aurkeztu eta elkarlanean Hezkuntza Mugimendua aktibatu eta gorpuzteko, datorren Otsailaren 5ean, Batzar Irekia egingo dugu Bilbon, La Bolsa aretoan. La Bolsako Batzar Irekian, Euskal Herri osoan pasa den ikasturtean Bilboko kaleetan sortu genuen olatuari segida emateko oinarriak finkatuko ditugu. Segida hori, herriz herri eta ikastetxez ikastetxe Euskal Herri osoan gauzatu behar da. Horregatik, Batzar Irekian euskalduntzearen alde, Euskal Curriculumaren alde edota parekidetasunaren alde eman daitezkeen urrats praktiko andana aukeztuko ditugu. Bertan, besteak beste, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, euskalduntzean eman diren esperientzien berri emango digu; Hik Hasik herri ezberdinetan egin diren curriculum proiektuak ezalduko dizkigu eta Bilgune Feministak Hezkidetza Gida aurkeztuko digu.
Gaur hemen bildu garen hezkuntza esparruko kide ezberdinok, hezkuntza egoerarekin kezkatutako edozein ikasle, guraso, irakasle edo herritarroi Otsailaren 5ean, larunbata,  Hezkuntza bildu eta bultza goiburupean egingo dugun Batzar Irekira etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Herri bezela batzen gaituena indartu eta ikastetxez ikastetxe eta herriz herri urrats praktikoak emateko garaia da!
Guztiok zaudete gonbidatuak Batzar Irekira.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa