GaztEHerriak ere Larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, Ikasle Abertzaleak GaztEHerriako partaide izanik hementxe jarriko dugu euskal gazteriari bereziki eginiko deialdi hau:

Aldaketa garaiak datoz Euskal Herrira, itxaropenez ikusten ditugun garaiak, ilusioz beteriko garaiak.

Euskal Herriak, euskal herritarrak alegia, askatasunean bizitzeko hautua egina dauka. Azken hilabeteetan behin eta berriro ikusi ditugu Euskal Herriko kaleak jendez lepo, presoen eskubideen alde, errepresio bortitzaren kontra, askatasunaren alde… Denak, eskubide guztiak errespetatuak izango dituen eszenatoki berri baten eskean.

Oraingoan, proiektu politiko guztiak defendagarriak egingo dituen egoera berri baten exijentzian, sentsibilitate eta jatorri politiko oso ezberdinak dituzten herritar talde baten eskutik, berriro ere kalera ateratzeko deia luzatu digute.

Gazteok, gure etorkizuna askatasunean eta dagozkigun eskubideen bermearekin eraiki behar dugula behin eta berriro azpimarratu izan dugu. Horregatik, gazteok ere, ezinbestekoa dugu proiektu politiko guztiak zilegi direla aldarrikatzea, eta honekin batera, aukera politiko ezberdin guztien artean hautatzeko eskubidea bermatua izatea.

Hori dela eta, GaztEHerria osatzen dugun eragile zein norbanakook ere Bilbon izango gara. Euskal herritar bezala, euskal gazte bezala, dagozkigun eskubideen bermea exijitzeko. Honekin batera, azpimarratu nahi dugu ilegalizatua aurkitzen den sektore politiko oso baten eskubideak errespetatzea dela exijitzen duguna, sektore oso bat baita lan politikoa burutzeagatik errepresioaren jopuntuan aurkitzen dena, azken urtean 60tik gora gaztek pairatutako atxiloketa, tortura eta gartzeleratzeak erakusten duten bezala.

Egoera demokratikoa eraikitzeko beste pausu oso garrantzitsutzat hartzen dugu azken ekimen hau, bakea lortzeko bidean, euskal herritarroi dagozkigun eskubide zibil eta politikoen errespeturako beste bultzada bat, eta horregatik, Larunbatean, “Bakerantz LEGALIZAZIOA!” lelopean, Bilboko La Casillatik 17.30tan abiatuko den manifestaziora joateko deia luzatzen diogu euskal gazteriari.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa