Atzo egin genuen agerraldian bigarren lauhilekoko plangintza azaldu genuen eta, aldi berean, egungo hezkuntza egoeraren gainean euskal ikasleon hitza eta aldarrikapena azaleratu nahi izan genuen.

Irailean adierazi bezala, administrazio ezberdinetatik datozkigun erasoak etengabeak dira. Pasa den ikasturtean ekindako bidean aurrera jarraitzen dute Catalan eta Celaak zuzendutako hezkuntza administrazio ezberdinek. Eta irailean egoera txarra zela esaten bagenuen, gaurko egunez, okerrera egin duela adierazi beharrean aurkitzen gara. Bereziki azken hilabeteetan, pasa den ikasturtean dekretu bidez onartutako planak inposatzen hasi direlako gure ikastetxeetan. Hain zuzen ere, Educacion para la paz, Trilinguismoa eta TIL hizkuntza eredu arrotzak eta ikasleon aurkako dekretuak.

Pasa den ikasturtean argi adierazi genuen ez geundela neurri berri hauek onartzeko prest. Ikasturte hasieran ere, ildo honetan berretsi genuen gure konpromisoa. Baita azaroan 6an Amurrion burututako ikasle egunean ozen oihukatu ere, izan ere, egun osoko jai erraldoi batetik haratago 1500 ikasle batu zituen manifestazio nazionala burutu genuen ikasle eta abertzaleok. Aipaturiko eraso guztiei erantzun eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatu genuen. Guzti honetarako gainera, manifestu bat kaleratu genuen, Euskal Herri luze eta zabalean aurkitzen diren hainbat eragile eta talderen atxikimendua jaso zuena. Bertan, eduki zehatz batzuk markatzen genituen.

Euskalduntzen ez duten ereduei ez!
Curriculum arrotzei ez!
Dekretu eta konbenio errepresiboei ez!
Hezkuntza patriarkarrari ez!
Hezkuntzaren merkantilizazioari ez!
EHn ikasteko traba administratiboei ez!
Bai Hezkuntza Sistema Nazionalari!

Gaurko egunez, eduki sinple nahiz indartsu horiei eutsiz, gure borrokarako konpromisoan berresten gara. Eta hain zuzen ere, eraso bakoitzaren aurrean, ikasleria sendo eta indartsu bat artikulatzera joko dugu. Bereziki Celaa nahiz Catalanek inposatzen dituzten plan espainolistak onartzeko prest ez gaudelako.

Euskalduntzen ez duten ereduei ez! Trilinguismoa eta TIL hizkuntza eredu arrotzak ez ditugu onartzen. Finean, euskal ikasleok nahi eta Euskal Herriak behar duen euskalduntzea bermatzen ez dutelako. Aldi berean, hizkuntza arrotzen sustapena gauzatuz, nortasun arrotzen baitan hezi nahi gaituztelako, espainiar eta frantses herritar bilakatuz.

Curriculum arrotzei ez! Euskal ikasleok ez dugu educacion para la paz delakoa onartzen. Bereziki, inposaketa bat izan eta soilik interes politikoei erantzuteaz gain, euskal jendarteak bizi duen zatiketan sakontzen duelako, kohesioa eta bizikidetza bultzatu beharrean. Herri honek duen gatazka politikoa modu integralean landu ez eta alde bakarreko kaltetuak aitortzen dituelako. Honela bada, adoktrinamendu honen bitartez, ikasleoi errealitatearen ikuspuntu partzial eta interesatua erakutsi nahi zaigu, sumisio eta akritikotasunean heziz.

Dekretu errepresiboei ez! Ikasle boterea zanpatu asmoz dekretu infantilizatzaile eta zigortzaileak ipini dituzte martxan. Ikasleok sumiso eta akritiko bihurtzen jarraitu nahi dute. Iruñerriako ikasleak pasa den azaroaren 17an argi azaldu zuten bezala, ez ditugu inondik inora halako jarrerak onartuko.

Hezkuntza patriarkarrari ez! Jasotzen dugun hezkuntza ereduak boterean oinarritutako harremanak elikatzen ditu. Honela, patriarkatuaren tresna izango diren gizon eta emakumeak ateratzen dira ikastetxeetatik, sistema bera birproduzituko duten herritarrak hain zuzen ere. Honen aurrean, Ikasle eta abertzaleok hezkidetza tailerrak gauzatuko ditugu martxoan zehar, pertsonan oinarritutako heziketa eredu askatzaile baten aldarrian.

Hezkuntzaren merkantilizazioari ez! Unibertsitatean aurrera darraiten Bologna Prozesuaren aplikazioaren lehen ondorioak antzematen hasiak dira ikasleon egunerokotasunean. Lan karga eta enpresen esku sartzearen aurrean, ikasleok borrokan jarraituko dugu eta fakultatez fakultate, ikasleon behar eta nahiak asetzen bidean dinamikak gauzatuko ditugu.

Ezezko guzti hauen aurrean, euskal ikasleok badugu gure alternatiba, Hezkuntza Sistema Nazionala. Eta hau lortzen bidean, eraso bakoitzaren aurrean ofentsibaz erantzungo dugu eta bestelako ereduak eraikitze bidean eragin. Euskal ikasleok eskola euskalduna aldarrikatzen dugulako, curriculum propio baten gainean oinarritutako heziketa parekidea eta subjektu aktibo gisa gure hitzaren errespetua.

Honela bada Celaa eta Catalani, nahiz eurek kudeatzen duten administrazioei, argi adierazten diegu, eraso eta inposaketa bakoitzaren aurrean ikasleria sendo batekin topo egingo dutela, borrokatzeko prest. Eta aldi berean, euskal ikasleriari, bere eskubideen alde borrokan jarraitzeko deia luzatu nahi diegu. Inposaketa bakoitzaren aurrean alternatibak eraikiz lortuko baitugu euskal ikasleok nahiz Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzea.

Ikasle borrokaz lortuko dugulako!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa