Ikasle Abertzaleok, EH Palestina sareko kide izanik, bat egiten dugu asteburu honetan Zestoan ospatuko den egunarekin. Pasa den ikasturtean garatutako brigada kulturalean Euskal Herriko unibertsitateetako ikasle ezberdinek ere parte hartu zuten eta bertako errealitatea ezagutzeko aukera izan zuten.

Orain, lan horri jarraiki, herri oso bati babesa eskaini eta laguntzeko lanean jarraitzen dugu sare honekin batera. Beraz, Apirilaren 2an Zestoan dugun topaketa egun berezia izango da, elkartasuna eta boikotaren bidean berrestearekin batera, aldarrikapena zabaldu eta aurrera jarraitzeko indarrak hartzeko eguna izango baita.

Hona hemen, Euskal Herria – Palestina sareak prentsaurrekoan eskainitako testua:

Palestinak pairatzen duen jazarpen eta okupazioaren aurrean -Nazio Batuek 242. ebazpenean gaitzetsi zutena-, bertako talde ugarik (GKE, sindikatu, kultur arloko kolektiboak) nazioarteko legedia errespetatzen ez duen bitartean Israeli boikota egiteko nazioarteko deialdia egin zuten 2005ean. Hegoafrikan bere garaian zabaldu zuten ildoari jarraituz, palestinarrek apartheid egoera pairatzen dutela salatu eta BDS (Boikot, Desinbertsioak, Isunak) nazioarteko kanpainari ekin zioten Israeli nazioarteko legedia betearazteko.

Euskal Herrian aldarrikapen honekin bat egiten dugun taldeok (internazionalistak, alderdiak, sindikatuak, Palestinako herriekin senideturiko herriak, gazteak, ikasleak, GKEak, brigadistak, eta abar) Euskal Herria-Palestina Sarea osatu berri dugu.

Gure helburua Palestinako herriaren elkartasuna adieraztea eta Israeli boikoteatzeko aldarrikapena indartzea Giza eskubideak  eta nazioarteko legedia errespetatzen ez dituen bitartean Israel ez da Estatu demokratikoa izango eta hori dela eta Euskal Herrian, Europan eta mundu osoko hainbat herrialdetan egiten duten bezala, ez dugu Estatu sionistaren inolako adierazpenik onartuko.

Boikotaren jarduerak ibilbide luze izan du Euskal Herrian. Macabik Gasteizen jokatu dituen partidetan, Noak edo Mayumanak eman dituzten kontzertuetan palestinarren askapen-oihua entzun da. Hilabete honetan bertan Hondarribian Israelgo sukaldariek egin behar zuten ikastaroa bertan behera uztera behartu ditugu. Garaipen itzela, benetan!

Ildo honi jarraituz, apirilaren 2an Zestoan, Palestinarekin senideturiko herrian, Euskal Herria-Palestina Eguna antolatuko dugu, Estatu sionistaren okupazioa pairatzen duen herriari elkartasuna adierazteko asmoz.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa