Gernikako Akordioak manifestazioa deitu du Larunbaterako Euskal Herriaren normalizazio bidean, Sorturen legalizazioa eskatzeko. Manifestazio honen harira, gaur, Gernikako Akordioko gazte eragiletako kideok agerraldia burutu dugu Bilbon euskal gazteriari manifestaziora joateko deialdia eginez.

Ikasle Abertzaleak ere eragile horien artean aurkitzen da, gu ere izan gara gaurko agerraldian eta, beraz, hemendik ere berriz esan nahi diegu euskal gazte eta ikasle guztiei Larubatean Bilbora bertaratu daitezela.

Hemen daukazue agerraldiko audioa: hemen

Eta hemen testua:

Gazteok etorkizun askea! LEGALIZAZIOA ORAIN!

Gaur hemen bildutakoak Gernikako Akordioaren sinatzaile garen gazte eragiletako kideak gara. Alternatiba Gazteak, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak eta GaztEHerria.

Euskal gazteok denbora gehiegi daramagu oinarrizko eskubideak urratzen diren egoera batean bizitzen. Giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak etengabe erasotuak izan dira urte askotan zehar. Auzitegi Gorenak proiektu politiko berri bat ilegalizatzeko erabakia hartu du beste behin ere, modu honetan euskal jendarteari eta gazteriari bere bozka askatasun osoz adierazteko eskubide ukatuz.

Oso ondo ezagutzen dugun egoera da hau. Gazteok eskubideen etengabeko murrizketa jasan izan dugu eta jasaten dugu gaur egun ere. Asko izan dira, lege ilegalizatzaile hauek aitzakiatzat hartuz erreprimituak izan direnak; proiektu politiko jakin baten alde lan egitearen akusazio soila oinarritzat hartuz erreprimituak. Guk lan hau erabat zilegizkoa dela kontsideratzen dugu eta hala adierazi nahi dugu

Azken hilabeteetan atxiloketak, torturak, kartzelaratzeak, epaiketak, zigorrak eta euroaginduak ikusi ditugu behin eta berriz. Gogora arazi nahi dugu, baita ere, euskal gazteria dela oinarrizko eskubideen murrizketa honek gehien zigortu duen sektoreetako bat. Gaurko egunez, euskal gazteriaren zati batek ilegalizatua eta kriminalizatua jarraitzen du. Horren adibide da atzo bertan Donibane Lohizunen atxilotua izan zen Irati Tobarren kasua. Gazteari gure elkartasuna adierazteaz gain, atxiloketa berri hau salatu nahi dugu, eta esan nahi dugu atxiloketa honekin lortzen den gauza bakarra Euskal Herriak bizi duen egoera antidemokratikoan sakontzea dela. Horregatik, eskubideak murrizten dituzten neurri ororen desagertzea exijitzen dugu; honela, berme guztiekin, gure lan politikoa askatasun osoz garatu ahal izateko; baldintzarik gabe, helburu politikoa edozein delarik.

Honekin batera, Espainiar Estatuak Euskal Herrian martxan jarri den normalizazio prozesuan aurrera egiteko inolako borondaterik ez duela azpimarratu nahi dugu. Gazteok, euskal gizartearekin batera, bake eta askatasun eszenatoki baterako ateak irekiko lituzkeen egoera demokratiko bat ekarriko duen konponbidea bultzatzeko lanean ari gara. Eta, bitartean, Estatu Espainolak bide horretan oztopoak jartzen dihardu, azken erabaki judizialek edota atxiloketek frogatzen duten bezala. Argi dago hauen helburua abian den prozesua porrotera eramatea dela.

Etengabeko probokazio hauen aurrean guk argi daukagu ez dugula abiatu dugun bidean atzera egingo. Sinatzaile garen Gernikako Akordioa bideorri baliagarritzat hartuz, desiratzen dugun askatasunezko etorkizun hori errealitate bilakatzeko bermerik onena gu geu garela argi daukagu. Gu gara Euskal Herriaren etorkizuna, baina baita oraina ere; eta horregatik, bide horretan aurrera egiten hasteko betebeharra daukagu, hain desiratua den eszenatoki demokratikoa gaurdanik eraikitzen hasteko betebeharra. Honenbestez, Estatu Espainiarrari gure herriaren aurkako errepresio mekanismo guztiak desaktibatzeko exijitzen diogu; honela, euskal gizartea izan dadin herri hau behinbetiko konponbidera eramango duen indarra.

Beraz, Euskal Herriak pairatzen dituen eskubide murrizketa ororen aurka; ideia, proiektu eta eragile guztien legalizazioaren alde eta, batez ere, giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko ororen errespetuan oinarritutako egoera egiazki demokratiko bat lortze aldera euskal gazteriari honako deia luzatu nahi diogu: “Euskal Herriarentzat normalizazioa. LEGALIZAZIOA ORAIN!” lelopean Apirilaren 2an Bilboko La Casillatik arratsaldeko 5t’erdietan abiatuko den manifestazioan parte har dezala.

Euskal Herriaren oraina eta geroa garelako, askatasunezko etorkizunaren bermea garelako, jar gaitezen martxan!

2011ko Martxoaren 31an

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa