Gasteizko Farmazioako ikasleek, fakultatean euskarak bizi duen egoera kaxkarra salatzeko lanean jardun dute orain arte. Horretarako astero, errebindikazio moduan kontzentrazioak burutu dituzte. Orain ordea, errebindikazio aldi honi amaiera emango emateko sinadura bilketa bati ekingo diote, ikasleon desadostasuna adierazi asmoz.

Hemen Farmaziako ikasleen irakurketa:

Hasteko, ezinbestekoa iruditzen zaigu ikasle guztiok ikasketak osotasunean euskeraz ikasi ahal izatea. 2013-2014 ikasturterako EHU/UPV euskalduntzeko planaren arabera, ingurugiro zientzietan, euskeraz eskaini beharreko irakasgaiak gazteleraz eskaini behar direnak bezainbeste direla dio, beste 3 karreretan ere, gaur egungo egoera oso urruti dago urte horretarako bete nahi denarekin. Baina gure ustez hau ez da beteko, eta egoera hau salatu eta borrokatuko dugu, ez bakarrik hori bete dadin, baita irakasgai guztiak euskeraz emateko aukera izan arte ere, dakigunez derrigorrezko irakasgai guztiak ere ez baititugu euskeraz.

Hau ez betetzearen arrazoietako bat trilinguismoaren ezarpena da, lotsagarria iruditzen baitzaigu euskeraz ikasi ezin dugun bitartean, derrigorrezkoak diren irakasgaien eskaintzak ingelesez egitea. Irakasgaiak euskeraz ez izateko arrazoiak ondorengoak dira: aurrekontu falta, irakaslerik ez egotea, irakasle berri baten eskaria dagokion departamentuek egin behar dutela esatea nahiz eta gero beraiek eskari guztiak ez onartu… Eta orduan nola da posible irakasgai ugari ingelesez eskaintzeko aukera? Ingelesak euskerak baino lehentasun gehiago du? Zein interes daude atzean?

Baina benetan harritzekoa dena da, irakasgai bat ingelesez jartzean, esaten diguzuela ea zertaz kexatzen garen, irakasle elebidun berri bat etorriko baita lehenago euskeraz ere ematen zen irakasgaia ematera, irakasgai hori euskeraz ematen zuen irakasleak ingelesez ematera pasako den bitartean. Honek esan nahi du, dirua ari direla xahutzen lehendik ere euskeraz ematen zen irakasgai batetan ingelesez ere eman nahi delako, beste irakasgai asko erderaz bakarrik eskeintzen diren bitartean.

Ulertezina iruditzen zaigu aldi berean, gazteleraz bakarrik irakasten duten irakasle asko elebidunak direla, eta ez zaigula eskaintza egiten euskeraz ikasi ahal izateko, lehen aipatu ditugun arrazoi edo aitzakiengatik: kontratua irakasgaia erderaz egiteko egin zela, dirua… Eta ingelesez eskaintzeko irakasgai bat ez dago halako trabarik? Zergatik? Beraz argi eta garbi ikusten da diruaren xahutzea zuzendaritzaren nahietara egiten dela, eta ez ikasleon beharren arabera.

Esan beharra dago, gure kontrako jarrera hau ez dela bakarrik irakasgaiak euskeraz ematen ez direlako, izan ere, irakasgaiak edukiz ere ez baitira euskaldunak. Irakasgai batzuk Euskal Herriari zuzenduta dauden bitartean, bertako flora, ingurunea… aztertzen dutelarik, beste irakasgai batzuk Espainiari zuzenduta daude, bertakoa ikasiz.

Baina ez dira hauek bakarrik euskeraren kaltetan egiten diren urraketak, batzuk aipatzearren: Irakasle batzuen euskera maila kaxkarra, unibertsitateko jarduera asko euskeraz egiteko aukerarik ez izatea, fakultateko batzarra bere osotasunean erderaz egitea askok euskeraz ez dakitelako…

Euskeraz ikasi nahi dugulako, errespetatu gure hitza!!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa