Iruñerriako ikasleek prentsaurrekoa burutu zuten Asteartean; bertan, azken aldian pairatzen ari diren zapalkuntza sistematikoa eta Nafar gobernuak hartutako hezkuntza neurriak salatzeaz gain, hauen aurrean egiten ari diren mobilizazioen berri eman zuten. Besteak beste, manifestu bat kaleratu dute eta Apirilaren 19rako mobilazazio eguna deitu dute.

Hemen daukazue agerraldiko audioa osorik Iruñerriako agerraldia

Euskararen garapena ekiditea helburu duen TIL ereduaren ezarpena eta Vascuence-ren legearen sustapena, orain 20 urte eratu zenetik indarrean dirauena; Foru dekretua, Ikasleen eskubide guztiak zuzendariaren esku utzita ikasleon ahotsa isilarazi nahi duten neurriak; Euskal Herria aintzat hartzen ez duten testu liburuak, Curriculum arrotzak oinarri dituztenak; ikasleon gaineko kontrola, gaizkiletzat hartzen gaituzte, polizia ikastetxe inguruetan noiznahi aurkituz; eta azkenik, lan munduan barneratzeko zailtasunak, jakina baita ikasleok eta gazteok krisi egoera honetan pairatzen ari garen egoera prekarioa dela eta ezinegona nabaria dela, gazteen %40a langabezian baitago.

Egoera honen aurrean, esan bezala, ikasleak ez dira besoak gurutzaturik geratu. Mobilizazioa hasi da jadanik, Manifestu bat kaleratu dute (beherago osorik irakur dezakezue) eta datozen asteetan horren sozializazioari ekingo diote. Apirilaren 19ra arte luzatuko den sinadura bilketa abiatu dute eta amaiera gisa Mobilizazio eguna deitu dute 19a. Honela, 13:00etan Autobus geltoki berritik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko dei egin diete ikasleei. Mobilizazioekin jarraituz, Maiatzaren 7an Iruñerriko Ikasle Eguna egingo dutela ere adierazi dute.

Hona hemen, agerraldiko testua:

Azkeneko denboraldian pairatutako zapalkuntza sistematikoa eta nafar gobernuak hartutako hezkuntza neurriak salatzeko gerturatu gara gaur, hemen gauden ikasle guztiak.

Esan bezala, Nafar gobernuak ikasleon aurkako erasoak etengabe bermatzen ari ditu, berriki ikusi dugun bezala “ikasleon eskubide ta betebeharren dekretuarekin” edota Euskal Herria aintzat hartzen duten hainbat editorialei diru laguntzen ukapenekin. Eraso hauek, azken aldian egindakoak izan dira baina duela urte askotatik pairatzen ditugun zapalkuntzak bermatzen jarraitu dute.Adb: Vascuenceren legea, Curricilum arrotzak edota Euskal Herriaren banaketa administratiboa . Gainera Eskola eredu arrotz berri baten eraikuntzari ekin diote, TIL izenaz ezaguna.

Eraso guzti hauei Nafar gobernuak ez die inolako irtenbiderik eman, alderantziz, indartu egin ditu. Ikasleok, hezkuntzaren sudjeto aktibo izan nahi dugun heinean, arazo guzti hauei irtenbide bat bilatzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Hau dela eta gaurkoan oinarrizko Hezkuntza manifestua aurkezten dizuegu “Hezkuntza eredua erabakiz, etorkizuna eraiki” deitua. Manifestu honetan, aurretik aipatutako erasoei aurre egiteko eta beste eskola eredu baten eraikuntzari ekiteko oinarriak azaltzen dira. Hiru atal nagusitan banatzen da:

Lenengo atala, Eskola eta unibertsitate euskaldun (edukiz eta hizkuntzaz) eta herritar baten eraikuntzari ekiteko oinarrizko baldintzak jartzen ditu.

Bigarren atalean, Ikasleon eskubide guztiak errespetatu eta ikasleok hezkuntzaren subjektu aktibo gisa jarduteko ezinbestekoak diren neurriak garatzen ditu.

Hirugarren eta azkeneko atalean, Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzan aurrera pausoak emateko lehenengo egin beharrak kokatzen ditu.

Ikasle ta Abertzaleok beste eskola eredu batean sinesten dugulako, bihartik aurrera epe motzean eta ertainean hainbat ekimen burutuko ditugu, Manifestu honen indartze prozesuari begira, horien artean sinadura bilketa orokorra, ikasle guztien artean, eta Iruñerriko Ikasle Eguna Maiatzak 7an.

Sinadura bilketa eta eragileen atxikimendua gaurtik apirilaren19rarte izango da. Bukatzeko, 19an bertan Mobilizazio eguna egiteko deialdia luzatzen diegu ikasle orori, 13:00etan Autobus geltoki berritik hasiko den Manifestazioan parte hartu eta manifestuari bere sinaduren bitartez babesa ematera animatuz. Manifestazio honen bukaeran Alberto Cátalani sinadurak emango zaizkio, bere hezkuntza politikekin bukatzeko ta beste eredu baten eraikuntzan hasteko.

Bukatzeko deialdia luzatu nahiko genieke Hezkuntza eremuko eragile eta estamentuei, bai apirilaren 19ko mobilizazio egunean parte hartuz edota bere babesa emanez manifestuari.

Gure hezkuntza sistema erabakiz, gure etorkizuna eraiki.

Eta hemen, manifestua osorik:

1.- Eskola eta unibertsitate euskaldun (edukiz eta hizkuntzaz) eta herritar baten eraikuntzari ekitea gaurdanik.

Euskara hizkuntza nagusitzat hartzea Nafarroako eremu guztietan. Gaur arte inposatutako mapa linguistikoa aldatu, Ley del vascuence deuseztatzea eta berri bat sortu euskararen ofizialtasuna eremu guztietara zabalduko duena.

Euskaraz ikasteko eskubidea ahalbidetzen duten heziguneei beharrezkoa den diru partidak bideratzea

Ikasketa espezializatuak (Lanbide Heziketa eta Unibertsitatea) bere osotasunean euskaraz garatu ahal izatea eskaintza zabalagoa eskainiz.

Euskara nagusitzen den ereduei lehentasuna ematea, TIL edo eredu arrotzei eman beharrean.

2.- Ikasleon eskubide guztiak errespetatzea eta ikasleok hezkuntzaren subjektu aktibo gisa jarduteko neurriak hartzea.

– Orain arteko neurri inposatu eta zapaltzaile guztiak ezeztatzea eta ikasleon oinarrizko eskubideen karta errespetatzea.

-Hezkuntza erabaki organoetan ikasleok ordezkari eta indar handiagoa izatea, bai eskola kontseiluan, bai Nafarroako eskola kontseiluan edo beharrezkoak diren guneak sortu.

-Ikasleok ikasturtean zehar ikasi behar ditugun edukiak gure interes eta beharrei egokitzea ikasturtearen hasieran eta klase emateko pedagogikoagoa den eredu bat bultzatzea, ikasleok klasearen parte aktiboa izanez, burujabetasuna eta heldutasuna lortuz.

-Ikastetxeetako zuzendarien gehiegizko boterea murriztea, jarrera autoritarioak ekiditeko eta ikasleonganako irudi totalitarioa deuseztatuz.

3.- Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzan aurrera pausoak ematea.

Gaur egungo banaketa administratiboa gainditu eta Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzea; Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria batuko duena.

Curriculum arrotzen aurrean Euskal Curriculumari lehentasuna ematea. Gure herria aintzat hartu eta errespetatzen duten edukiak eskaintzea arrotzak direnen aurrean.

Arrotz bilakatzen gaituzten froga eta metodologiaren birmoldaketa. Hau da, froga arrotzen ezeztapena Selektibitatea kasu; eta ikasketa metodologiaren aldaketa, praktikotasuna bilatuz teorizazio hutsen aurrean.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa