Ikasle mugimendua ez dago geldi, ez horixe! Aski argi ikusi ahal izan genuen guzti hori pasa den astean unibertsitate nahiz ikastetxeetan; euskalduntzearen alde, Seletibitatea eta Bolognaren aurka…. ikasleon eskubideen aldeko borrokak ez duela etenik! Aste honetan ere unibertsitate eta ikastetxeetan lanean jarraituko dugu ikasleok, ikasle borrokaz lortuko dugulako!

Zoritxarrez oraindik ere, ikastetxe eta unibertsitatean euskalduntzearen aldeko borrokan jarraitu behar dugu ikasleok. Medikuntza eta Farmaziako ikasleek argi erakutsi ziguten gainera ez dutela amore emateko asmorik eta euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidearen alde borrokan jarraituko dutela. Lapurditik ere euskalduntzearen aldeko borrokaren inguruko berriak  heldu zaizkigu. Hain zuzen ere, Baxoa euskaraz egiteko eskubidea bermatua izan dadin eskatu baitzioten Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek Hezkuntza Akademiako Errektoreari.

Azken urteetan unibertsitatean Bolognaren aukako bandera izan dugu ikasleon aldarrikapen nagusi. Unibertsitateko agintariek ordea, ikasleon hitzari entzungor eginda aurrera jarraitu dute inposaketaren bidean. Horrela, gaurko egunez, Prozesu honen ondorioak pairatzen hasi bagara ere, Ivef eta NUP-eko ikasleek erakutsi bezala, ez dugu amore emateko asmorik.

Leioan eta Arrasateko unibertsitatean, pasa den ostegunean Ikasle Topaketak burutu zituzten. Eztabaidarako eta hausnarketarako tartea izan zuten egunean zehar, baina baita festa egiteko aukera ere! Aurreko asteetan ikasleriarekin batera egindako solasaldietan ateratako ondorioak batu eta komunean jartzeko erabili zuten eguna. Horrela, ikasleriaren arazoak identifikatu eta hauei aurre egiteko proposamenak bildu zituzten, ikasleok kolektibo bezala antolatzeko eta eragiteko beharra azpimarratuz. Baina baita ikasleok subjektu aktibo bezala izan dezakegun indarra eta ahalmena gogorarazi ere. Ikasle borrokaz lortuko dugulako!

Ez dira unibertsitateak bakarrik borrokan aritu direnak. Iruñerriako ikasleek, esaterako, manifestu oso bat kaleratu dute,eta, gainera, ikasleriari bere eskubideen alde mobilizatzeko deialdia egin diote datorren Apirilaren 19 egingo duten manifestazioan.

Antolatuz eta borrokatuz Euskal Eskola Nazionala lortuko dugu!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa