Apirilaren 22an, gazte guztiak elkarlanean Soraluzen iraultzari ekingo diogu, matxinadara salto egingo dugu! Gazteok elkarlanean geldiezina izango den indarra artikulatuko dugu! Eta ikasleak ere bertan izango gara, salto egiteko prest!

Iaz Zestoan gazte mugimenduak burutu genituen topaketetan argi geratu zen gazteok oraindik baditugula ametsak eta egungo status quoa aldatzeko gogoa. Lehen aipatutako aldaketa guzti horiek arriskuekin batera aukerak ere ekarri baitituzte. Elkarlanean jardunda egungo sistema kapitalista patriarkala iraultzeko gai garela ikusi genuen.

Azken hilabeteetan, ostera, gazteriak herriz herri diagnostikoak burutu ditu gazteon kezka eta beharrizanak identifikatzeko asmoz. Ikasleok ere, gazte garen heinean dinamika horretan bat eginda, ikastetxe eta unibertsitatean, ikasleon berezko arazoak identifikatzen ari gara.

Sistema kapitalista patriarkarra bestelako aurpegia erakusten saiatu arren, argi daukagu hau ez dela guk nahi dugun bizi eredua eta herri eredua egunerokotasunean inposatzen diguna. Ez eta ikastetxe eta unibertsitatean ezartzen digutena. Ikasleok aski ongi ezagutzen dugu zein den sistemaren aurpegia, egunerokoan gure ikasgelatan ikusten baitugu. Genero bereizketan oinarritutako heziketa eredua, kamerak eta seguraten presentzia itogarria, hizkuntza moderno eta arrotzen inposaketa, enpresen eskusartzea, produkzio itsura bideratutako ikasketak…. sistemak berak bere biziraupenerako baliatzen du hezkuntza.

Egoera honen aurrean ordea, ikasleok ere, gazte garen heinean bizi ditugun arazoak berriz ere mahai gainean jarri eta kolektibo gisa erantzun nahi diegu hauei. Gazteok beti joan izan gara bi pauso aurretik, guztia zalantzan jarriz eta gure alternatibak planteatuz. “Bizitza… baina nola bizi?” Egunerokoan ditugun kontraesanez jabetu eta hauek gainditzen saiatu behar gara, norbanakoak hartutako jarrerak kolektibo osoari eraginez. “Borroka nire baitan hasten da, aska ditzagun geure buruak!”

Horregatik, datorren apirilaren 22an, ikasleak ere Soraluzen izango gara, matxinadarako ditugun tresnak ikusi, ikasi eta gero erabiltzeko asmoz. Egitarau polita eta zinez iraultzailea da eskaintzen zaiguna, koherentzia eta autogestioaren izenburupean. Begira!

– 10:00etan izen ematearen irekiera Udaletxeko arkupean

– 11:00etan harrera Plaza Berrian

– 11:30-14:30 tailerrak zazpi arlotan banatuta: Harremanak eta sexualitatea, Komunikazioa, Kultura , Hezkuntza, Nekazaritza, Sozioekonomia eta Aisialdia.

– Ondoren bazkari herrikoia frontoian (txartelak egunean bertan izen ematearekin batera salgai)

Behin bazkaldu eta gero herriko txoko ezberdinetan kultur maratoia burutuko da. Honako guneak egongo dira:

Salto ausardiaz!: Dantza afrikarrak eta zanpantzarrak. Ez ikusteko, normalean bezala, baizik eta ikasteko. Dantza afrikar ikastaroa emango dute. Zanpantzarrak ere trajea jantzi eta bere ibilera bitxia ikasteko aukera izango da. Honetaz gain rokodromoa eta zirkoa ere egongo dira.

Salto erritmoaz!: Goientxe familia, Norte Apache, graffiteroak… Euskal Herriko hip-hoparen adierazgarriak.

Salto irudimenaz!: Bideo eta irudi sorkuntzaz osatutako erakusketa gela ilunean. Gazteon ikusentzuneko sormen lanak ikusteko aukera paregabea.

Salto kalera!: gelditzeko unerik utziko ez digun kale animazioa.

Salto sormenaz!: kontzertu didaktiko berezia musikari oso bereziekin eta ondoren bertso-hop emanaldi berezia.

Salto zentzumenetara!: Didgeridoo emanaldia, kontzertu lasaiak, txalaparta emanaldi bereziak…

eta gauean… Salto Dantzara!: Izateren kontzertua, erromeria Xeroxiette taldearekin eta sorpresa gehiago ere ez dira faltako!

Honetaz gain, dagoeneko martxan da egunaren webgunea ere: topatu.info/matxinsalto. Bertan izango dira eskuragarri bitarteko ezberdinak, egitaraua eta egunaren nondik norakoak eta nobedadeak.



Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa