Datorren apirilaren 15ean, Donostialdeako ikasleak kalera aterako dira. Egun horretan, ikasleek beraien aldarrikapenak kalera atera eta Bulebarretik Easo plazara egingo dute korrika. Zergatik? Ikasleon eskubidea delako, euskaldunduko duen eskola behar dugulako eta bereziki, azken hilabeteetan inposatzen dabiltzan hizkuntza eredu berriarekin bat ez gatozelako.


Argi dago egungo hezkuntza politikarekin aurrera daramaten estrategiarekin, euskaldunok 2.mailako hiritar izaten jarraitzea nahi dutela. Ildo honetatik, PSOE-PPren jaurlaritza bultzatzen ari den eredu trilinguearen kontra gaude. Euskarari orduak kentzerik ez dugu nahi, edo ez behintzat eleaniztasunaren izenean! Euskara ardatz eta oinarri izango duen hizkuntza eredu bat nahi dugu ikasleok. Ikaslen euskalduntzea bermatuko duen eredu bat gainontzeko hizkuntzei uko egin gabe.

Honekin batera, pasa den astean Donostiako ikasleek eginiko agerraldian, argi a adierazi zuten egun Donostian oso ugariak direla gazteak hizkuntza-eredu mixtoetan hezten dituzten eskola erdaldunak. Astean euskarazko 4 ordurekin, euskaraz komunikatzeko gai ez diren gazteak ateratzen dira urtero-urtero ikastetxe hauetatik. Nola ziurtatuko zaigu etorkizunean uneoro nahi dugun hizkuntzan aritzeko eskubidea, gazte horiek eta ondorioz belaunaldi hau guztiz euskalduntzen ari ez badira?

Arrazoiak soberan daude beraz Korrika egiteko, baina aurtengo leloak dioen moduan: Maitatu, ikasi, ari… ikasleok ere Euskalakari!

Egunaren gaineko informazio gehiago eskuratzeko Blog bat ere sortu dute: www.ikaslekorrika.blogspot.com.

Ez ahaztu, Donostiako ikaslea bazara, datorren apirilaren 15, korrikarekin, euskararekin zita bat daukazula! Ikasle borrokaz lortuko dugulako!


Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa