Pasa den apirilaren 7an ekin zion Korrikak Trebiñutik. Geroztik Euskal Herrian zehar ibili da. Milaka izan dira euskararen aldeko aldarrikapenarekin bat egin eta metro eta kilometroa batzuk korrika egitera batu direnak. Ikasleak ere  ez gara gutxiago izan, eta euskaraz maitatu, ikasi eta aritzeko konpromisoan berrestearekin batera, egun, ikastetxe eta unibertsitatean eleaniztasunaren izenean ematen diren urraketak salatu ditugu. Bereziki, atzoko egunez Leioako kanpuseko ikasleek Korrika Txikia antolatu zuten, eta gaur berriz, Donostiako ikasleria kalera atera da!

Donostaiko Ikasle Korrikan 100 ikasle baino gehiago batu dira. Bulebarretik ekin diote korrikari eguerdiko 12’00tan, eta kotxe eta megafoniak lagunduta Easora heldu dira. Oztopo dezente jarri dizkietela salatu duten arren, aurrera jarraitu eta beraien aldarrikapenak kalera atera dituzte. Amaieran, bertsolari eta guzti ekitaldia burutu duten. Hemen ekitaldian irakurritako testua eta argazkia:

Kaixo guztioi!
Lehengo, aupa zuek! Eskerrik asko Korrikaren bukaeraren atarian klasetik atera eta gurekin batera euskararen alde izerdi pixkat bota duzuenei.

Gaur hemen bildu zareten ikasleetako bakoitzak ezaugarri bereizgarriak dituzue. Batzuk alferragoak izango dira, besteak langileak, batzuk txukunak, besteak narratsak, inpuntualak, arduratsuak, azkarrak, motelak, hiztunak, isilak… Baina bereizgarri guzti hoien gainetik, gauza xinple batek batzen gaitu: euskaldunak gera, euskaraz ikastea erabaki dugu, hori delako gure herriko hizkuntza!

Euskaldun izatea beti ez da erraza izaten. Adibidez, haurtzaindegitik unibertsitatea bukatu arte, ia ezinezkoa da ikasketa guztiak euskara hutsean egitea. Erdaraz eskubide hori bermatua dago. Hamaika kasu aipa genitzake: lanbide heziketetan, euskaldunak erdaldunekin nahasten dituzte, total, denek erdaraz dakitenez. Unibertsitatean, karrera asko oraindik ere ez dira euskaraz eskaintzen (ingenieritza batzuk, kasu), eta euskaraz matrikulatzen bazara posible da  gero errealitatean irakasleak erderaz egitea (medikuntzan gertatzen da). Zuen ikastetxeetan ere, pixka bat adi egonda, eraso txiki asko antzemango dituzue. Euskara menperatzen ez duen irakasle edo langile bat, ikas-materiala gazteleraz…

Bide honetan, agintariek erantzukizun handia dute. PSOE-PPk zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzak berriki proiektu piloto bat martxan jarri du EAEko 40 ikastetxetan. Eskola hauetan gaztelerazko orduak eta ingelesezkoak ugaritu dizkiete, eta euskarazkoak gutxitu. Modelo hau 3 urte barru ikastetxe gehienetara zabaltzea da haien helburua. Jakin dugunez, Donostin bertan dagoen Peñaflorida ikastetxeak datorren urtean Trilinguismo proiektu hontan sartzea erabaki du. Argi eta garbi, Trilinguismoa euskararen kontrako atentatu bat da: gaztelerak ez ditu inondik inora gaur egun dituenak baino ordu gehiago behar. Gaztelera ondoegi dakigu guk! Euskara da oraindik ere gazte askok ondoegi menperatzen ez duguna.

Oso adierazgarria da proiektu hau nork bultzatu duen. PSOE eta PP alderdiek ez dute inoiz herri honetan euskaltzale fama izan. Hemendik deialdia egin nahi dizuegu horrelako erasoen aurrean hezkuntza euskaldunaren alde borrokatzeko. Belaunaldi berrien euskalduntzean, eta beraz ikastetxeetan, dago gure etorkizuna!

Eta bueno, bukatzen joango gara. Baina bukatu aurretik, gogoan izan ezazue hau:

Euskarak euskaldunak behar ditu. Hiztunik gabe ez da ezer.

Eta euskaldunok euskara behar dugu, ze euskararik gabe ez ginateke euskaldun.

Filosofia dosi honekin uzten zaituztet. Espero dugu gaur bota duzuen izerdi pittin horrek euskararen aldeko bidean berretsiko zaituztela. Etzi iritsiko da Korrika Donostiara!  Gu bezain gogotsu egongo zaretela imajinatzen dut.

Besterik gabe, Maitatu, ikasi, eta batez ere, ari. Agur eta oso ondo pasa igandean !

AUPA ZUEK! GORA KORRIKA!

Hemen Leioako Gizarte Zientzietako asanbladaren oharra:

60 lagun inguru elkartu ginen Leioako UPVren Kanpusean egin genuen ikasle mugimenduaren protesta oihuz jositako Korrika Txikian. Mikel Laboa Plazatik hasita, Gizarte eta Komunikazio Zientzietatik, Zuzenbide, Medikuntza, Zientziak eta Arte Ederretako Fakultateraino entzun ziren ikasleriaren garrasiak.

Nagusiki euskeraren aldeko ekimen honetan, ikasleon hainbat borroka ildo azaleratu ziren: presoen aldeko oihuak, Ikasle Gune baten aldekoak, kapitalismoa eta Bolognaren aurkako oihuak, burujabetasunaren aldekoak, kontrol sozialaren aurkako oihuak zein indar poliziaren jazarpenaren aurkakoak. Aipatzekoa, ikasleriaren mezua Errektoretzara bideratu nahi zenean, sarrera protecsengatik oztopatua izan zela. Hala ere, ez zen inongo istilurik gertatu eta giro ezinhobean bertso ezberdinekin amaitutzat jo zen ekimena. Gainera, Arte Ederretako, Medikuntzako zein Gizarte Zientzietako Asanbladako lagunek Leioako ikasleak ziren Xabi De la Maza eta Jone Lozano preso politikoak bertan egon beharko zirela gogorazi nahi izan zuten.

Euskalduntzearen aldeko borrokak aurrera jarraituko badu ere, Trebiñun hasitako bideak Donostian izango du amaiera datorren igandean. Euskal ikasleak ere bertan izango gara!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa