Uztailaren 1a arte matrikulazio kanpaina zabalik izango da NUPen. Horren arira, unibertsitateko hainbat eragile eta norbanakok NUPen ere euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dugu beste behin ere. Ikasle Abertzaleakek, Kontseiluak, Sortzen Ikasbatuaz-ek,  eta LAB, ELA eta EILAS sindikatuek ikasleei ikasketak euskaraz egiteko deia egin nahi diegu.

1.    Lehenengo eta behin, esan nahi dugu zorionez euskaraz bizi nahi duen jendea gero eta gehiago dela. Goi mailako ikasketak egitea ezinbestekoa da gaur egungo gazteen prestakuntzarako eta ondorioz, haien bizimoduaren parte garrantzitsua da zeregin hori. Zentzu horretan, ikasketa horiek euskaraz burutzeko mota guztietako zailtasunak badaude ere, argi eta garbi ikusten dugu, euskaraz matrikulatzea bera, gure hizkuntzaren aldeko ekintza dela. Gaurko gazteek, euskara hautatuz irekitzen diote etorkizuna euskarari, beraz, euskaraz bizitzearen aldeko apustua egin dezaten dei egin nahi diegu.


2.    Ez da komunikabideen aurrean agertzen garen lehenengo aldia, NUPeko euskarazko matrikulazioa bultzatzeko asmoz. Honetan ere, aurreko urteetan egindakoetan bultzatu gintuen datu esanguratsua bera azpimarratu nahi dugu, alegia, gero eta handiagoa dela unibertsitateko goi mailako hezkuntzara iristen den ikasle elebidunen kopurua. 2005/06 ikasturteko matrikulazio datuek jada arrazoia eman ziguten, orduan matrikulatu ziren ikasle euskaldunen % 20ko muga gainditu eta % 21,5era iritsi baitzen. Iaz % 22,37 izan zen, eta aurtengo ikasturtean ikasleen %23,5ek euskaraz “ongi do oso ongi” dakiela baieztatu du (eta beste %13k “zerbait ezagutzen” duela). Bestetik, aurten %23,84 izan da Hautoprobetara matrikulatutako Batxilergoko ikasleen kopurua. Errealitate honek aise gainditu du Unibertsitateak berak aurreikusten zuena. Ikasle euskaldunen kopuruak eta ehunekoak gora egin dute ia Fakultate eta Eskola guztietan.

3.    Errealitate honen aurrean, egia da unibertsitateak zertxobait gehiagotu duela bere euskarazko eskaintza, baina zoritxarrez, gehiagotze honen oinarria ez da hizkuntza normalizaziorako benetako Plangintza. Batetik, bere garaian Errektoreak ezin izan zuen euskararako atxikia izendatu, proposatutako hautagai guztiek uko egin diotelako kargu horri. Atxikitza berezitik Errektoreordetzaren mendera pasatzean euskarak pisua eta garrantzia galdu zituen unibertsitatearen gobernuko organigramaren barruan. Bestetik,    2007an Euskararen Normalizaziorako Plana onartu egin zen, euskararen garapen jasangarriarentzat gutxieneko baldintzak betetzen ez duen Plana. Plan horrek ez du ikasketa guztiak euskaraz eskaintzeko aukera jasotzen, ezta helburu horretara ailegatzeko estrategiarik markatzen. Azken bi ikasturte hauetan Plan hori luzatu besterik ez da egin. Edozein modutan, xehetasunetan sartu gabe, 2007-2009rako Plan horrek argi utzi du ikasle euskaldunen erantzun ona izan dela. Beste era batera esanda, euskarazko irakasgaiak eskaini diren tokian matrikulazioa izan da. Aurtengo ikasturtean, 782 ikasle matrikulatu dira euskarazko irakasgaietan.

4.    780 ikasle horiek ezin dute bere ikasketak euskaraz burutu, irakasgairen bat besterik ez. Ez dira, hala ere, NUPeko ikasleen % 10era ailegatzen, aurten hautaprobak egin dituzten ikasle euskaldunen ehunekoa % 23,84 izan arren. Egoera honek ezinegona sortzen du ordezkatzen ditugun petsona-multzoetan, uste dugulako, gauzak honela, ez zaiela behar den moduan erantzuten mahaigainean dauden beharrei, eta ez dela gaia garatzen behar den seriotasunaz. Egun diren baliabideen erabilera eraginkorra baino, benetako Euskararen Normalizazio Plana behar du NUPek, ikasketa prozesuaren elementu guztiak aintzat hartuko dituena, irakasle eleaniztunen kontratazio politika egokia jasoko duena, besteak beste.

5.    Horregatik eskatzen diogu errektoretza taldeari gure ikasleen eskubideak berma ditzatela eta, aldi berean, ikasle euskaldunak animatu nahi ditugu euskarazko eskaintza aintzat hartzera eta matrikula egitera.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa