Ikasturtea hasi da, eta nola ez, ikasleok berriz ere martxan jarri gara, ikastetxez ikastetxe, fakultatez fakultate iraultza egitera goaz. Iraultza horretan borroka ezberdinekin egingo dugu topo, eraso, inposaketa anitzekin, denak ordea ausardiaz eta aurrera eginez erantzungo ditugu; ikasleak garelako, posible dugulako, LORTUKO DUGULAKO!

Irudimenez beterik gaude, mingaina ateratzen ere badakigu, baita behar denean hortzak erakusten ere, baina gure benetako indarra kolektiboan datza. Horregatik, aurtengoan AZAROAREN 5ean hitzordu berezi bat dugu euskal ikasleok BILLABONAN; IKASLE EGUNA’11!

Azaroaren 5ean, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko Ikasle Eguna’11 antolatzeaz gain, milaka ikasle biltzen diren egun honek bizi dugun erasoaldia salatzearekin batera, geure eskubideak aldarrikatu eta ikasle kolektiboa indartzeko balio behar du. Egun honetan hezkuntza eta herria eskutik helduta doazela erakutsi behar dugu, bai eta herria bera askatu duen eskola eredu berri baten beharrizana ere. Borroka honetan Euskal ikasleok paper garrantzitsua jokatzen dugu, ikastetxe naiz fakultatetan burutzen dugun eguneroko borroka baita gure etorkizunaren jabe egingo gaituen benetako iraultza!

Urtero bezala, aurtengo ikasle egunak berak ere badu abesti propioa, “Libre” XARMA musika taldeak berak eginda. Beraiek ere borrokarako prest daude, baita indarrez beterik ere, Laiak eskuan hartuta iraultza egiten ari dira. Animo ba! Horregatik, tartetxo hau aprobetxatuz hemendik gure eskerrak eman nahi dizkiegu eginiko lan eta prestutasunagatik. Mila esker Xarma!

Datozen egunetan ikasle egunaren inguruko berri gehiago publikatzen joango gara, egitaraua, sarreren salmenta puntuak, bertaratzeko garraio zerbitzuaren gaineko informazioa…. Oraingoz ordea, eguna, lekua eta abestiarekin uzten zaituztegu, letra eta guzti, azaroaren 5rako denok jakin eta elkarrekin abestu dezagun!



Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa