Atzoko egunez, urriak 12, Hispanitatearen egunean, euskal ikasleok beste behin ere ezer ospatzeko ez dugula erakutsi genuen. Jai egunari berari bizkarra eman eta klasera joan ginen, Herri Eskoletara! 42 eskola baino gehiago burutu ziren Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia osoan zehar eta 1000 ikasle baino gehiago hartu zuten parte. Hemendik gure zorion eta animoak egutegi arrotzen inposaketen aurrean zutitu eta Euskal Herriko Egutegiaren alde iraultzan ari zareten ikasle guztioi! Ikasle borrokaz lortuko dugu!

Hemen doa laburrean eguneko kronika  eta argazki batzuk:

  • Gasteizko unibertsitatea:

Eguna goiz hasi da, horrela guztia antolatzera iritsi garenean, jadanik 30 pertsona inguru zain geneuzkan, hilik zirudien kanpusari bizia emanez, eta goiza aurrera joan den heinean kopuru hau ugaritu egin da, 90 pertsona kopurua erraz gainditurik. Bi saioz osatu da eguna, lehena, hizkuntza eredu arrotzen inguruan garatu da. Honen amaieran, hamaiketako bat prestatu da ikasleek etxeetatik ekarritako jakiekin eta bigarren saioa, Irlandako gatazkaren ingurukoa izan da. Bitan banatu da: hitzaldia lehenbizi eta muralen marrazketa ondoren.


  • Gernikan

Geur, urriak 12 gernikeko herrixeri eta hor goixen agitzen dauzenari erakutsi dotzague geurkoa eztala izen geure egune!

Goizeko 10tan bildu gara Seber Altube ikastolan, eta bertan euskera klase bat emon dogu. Ordu batez Seber Altuben egon eta gero Institutura abiatu gara. Bertan ekonomiako maisuak, “Nork-Nori-Zor?” dokumentalaren bidez, kontsumitzaileak direnak zenbat diru zor duten herrialde azpigaratuetan ikusi da. Gero, eztabaida txiki bat sortu da horren inguruan eta parte hartze itzela egon da.

Azkenik “hezkuntza eta hizkuntza” tailer bat burutu dogu eta danon artien era batera edo bestera, Euskal Herri osoan ze egoeratan dagoen euskera, eta zein garrantzitsua den guretzako konturatu gara. Honek ere eztabaida izugarri interesgarri bat ekarri du atzetik.

30 bat pertsona bildu gara ekintza desberdinetan, eta danok batera erakutsi dogu nortasun propioa dekogule ta eztogule zetan ospatu biher geurie eztan egun bat.

JAI EGUN ARROTZEI, INTSUMISIOA!


  • ICE institutua (Bilbo)

20 pertsona agertu gara goizeko 9’00tan gure herri eskolara, baina zipaioak agertu dira eta 15 pertsona inguru identifikatu gaituzte, eta pankartak eta kartelak kendu dizkigute. 50 minutu berandu bada ere herri eskola egin dugu! Erasoen aurrean tinko!

  • Tolosa, Orixe-Maestri ikastetxean

85 bat pertsona bildu gara, Tolosaldea institutoan. Goizeko 9’00ak aldera bildu gara Laskorain, Orixe eta Tolosaldeako ikasleakbaita herriko hainbat gazte ere. Lehen eskolan Euskal Herriko hizkuntza ereduei buruz jardun dugu. Ondoren Euskal Herriko gaztetxe mugimenduetaz aritu gara (kukutzako bideoak, Kortxoenea eta Inpernu gaztetxeetako testigantzak). Azkenik 11etako eder bat egin dugu eta herrian urte hauetan zehar buruturiko ekimen batzuen bideoak ikusten aritu gara.


  • Askatasuna (Iruña)

Askatasunako ikasleak institutuan bertan geratu gara 10:30etan eta bertan sartzeko aukerarik ez genuenez Burlatako plaza batean egon gara. Bertan musikaz baliatuz hamaiketakoa hartzeko giro ederra lortu dugu. 12’00ak arte plazan egon gara eta orduan Mendillorrirantz abiatu gara kalejiran. Mendillorrira iristean taldetan banatu eta herri kirol txapelketa bat egin dugu. Hainbat joko egin ondoren kontzentra bat egin dugu Mendillorri eta Erripagaina bereizten dituen errotondaren parean. Denera 25 ikasle izan gara goiz osoan zehar

  • Txantrea:

Txantreako ikastetxeak (Eunate, Virgen del camino, Mariana sanz, Jesuitinas eta Irubide) 10:30tan gelditu gara eta tortila lehiaketa batekin hasi dugu eguna gero denok elkarrekin jateko. Hamaiketakoa hartu ondoren jokoak egin ditugu elkar ezagutzeko. Joko bakarra egin eta lan taldeetan banatu gara txantreako ikasleen batzarrak ikasle mugimenduaren inguruko  prestaturiko galdera batzuk erantzuteko.Gero, erantzunak amankomunean jarri ditugu eta eunateko aldizkariak jaso ditu aldizkarian publikatzeko. Ondoren, kaskallueta dantza taldeak prestaturik dantza ikastaro bat egin dugu euskal dantza batzuk ikasteko. Amaieran kalejira errebeindikatzailea egin dugu Txantreatik. Osotara 40 ikasle inguru izan gara goizean.

  • Ekialde institutua

Goizeko 9’30tan gosariarekin batera egunaren aurkezpena egin dugu eta gero egungo Hizkuntza Politika ezberdinen inguruan hitz egiten aritu gara. Horren ostean 11:00 Txileko ikasle mugimenduaren inguruko saioa izan dugu eta denera 50 ikasle bildu gara ekialdeko kiroldegi barruan.

ARGAZKI GEHIAGO: hemen!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa