• Api : 23 - Hitzaldia: 68ko Mexikoko ikasle mugimendua
  • Api : 18 - Gasteizko IA | Ostiralero euskal preso eta iheslariak etxera!
  • Api : 15 - Ikasleoi erasorik ez! Euskal Herriak konponbidea
  • Api : 14 - “Lehen aukera”: Ez lehena, ez aukera!
Topatu.info-ren jarraipen berezia:


Ehunka ikasle bildu dira Billabonako plazako karpan Ikasle Abertzaleakek antolatutako Ikasle Eguneko zita nagusian. Irudimenez betetako ekitaldi ederra ikusteko parada izan dute bertara gerturatuek. Hitzordua iaz Amurrion ospatu zen Ikasle Egunetik gaur arte, urtebetean, ikasleek egindako lanaren testigu izan den bideoarekin hasi da.

Ondoren, Billabona Amasako dantzariek, dantzaren bitartez, ikasleen zapalkuntza eta hauen borrokak irudikatu diuzte bertakoak aho zabalik utziz. Ondoren Goienetxe Anaiak taldeko ZKH-k ekitaldirako espreski prestatutako rap-a abestu du laiak eskuetan hartuz azaldu diren ikasleek dantzariak lurretik altxarazten zituzten bitartean. Txalo zaparrada handiekin itzali dira fokoak.

Bigarren bideoaren txanda izan da gero. Herri eta fakultate ezberdinetako ikasleek euren borroken berri eman dute bideo horretan. Honen ostean iritsi da ekitaldiko unerik hunkigarriena. Aurkezleetako batek Ikoitz Arrese ikasle presoaren gutuna irakurri du. Iazko urriaren 23an Espainiako Poliziak gazteen aurka egindako sarekadan atxilotu zuten IAko kidea. Espetxetik, borrokan jarraitzeko deia luzatu die ikasle eta abertzaleei. Arresek gutunean dioenez, estatuek badakite “gazte mugimenduan lanean gabiltzan gazteak garela herri hau egunez egunez eta arloz arlo eraikiko dugunak” eta ildo horretan kokatu ditu ikasle borrokak eta Ikasle Eguna bera ere.

Ekitaldia bukatzeko Haizea Solagurenbeaskoa IAko kideak hartu du hitza. “Borrokaren esperientzia eta konpromisioak hezi gaituen iraultzaren haziak gara. Gutariko bakoitza iraultza hazi txiki bat da”, adierazi du Solagurenbeaskoak. Ikasleria eraldaketaren eta iraultzaren subjektua dela aldarrikatu eta norabide horretan lanean jarraitzeko deia luzatu du, Euskal Eskola Nazionala eraikitzeko, “gugandik hasi, sistema bera irauli eta herria askatuko duen Euskal Eskola Nazionala bera eraiki”. Bukatzeko tokian toki altxatzeko deia luzatu die ikasleei, “gure baitan aurkitzen den iraultza hazi hori erein eta ikastetxez ikastetxe, fakultatez fakultate, benetako ikasle mugimendu sendo eta indartsu bat altxatzera jo behar dugu!”.

Haizea Solagurenbeaskoaren hitzartzea:

Gora euskal ikasleria!

Ikasturte berri bati ekin diogu dagoeneko euskal ikasleok. Eta gaurkoan, ikasle egun berri batek batu gaitu hemen, Billabonan. Batu gaitu ilusio, indar eta ikasleon grinak. Batu, egun bizi dugun zapalketa eta erasoaldiari aurre egiteko konpromiso argiak.

Murrizketak, sistemaren menpeko diren prozesuak, azpikeria eta errepresioa, gure hitzaren ukazioa, eskubideen urraketa. Mozorro ezberdinekin aurpegi ezberdinarekin aurkezten bazaizkigu ere, gure lurretan herri gisa ikasi eta bizitzeko aukera oro errotik eten nahian dabiltza esku arrotzak.

Euskal ikasleok egin dugu gure hautua ordea. Historiaz, hizkuntzaz, kulturaz …. aberatsa den lurra, gurea den lurra lantzeko erabakia hartua dugu. Biharko euskal herria eraikiko duen eskola berri eraikitzera goaz.

Horretarako ordea, hezkuntzako markoetan, unibertsitate, ikastetxe edo lanbide heziketako zentroetan benetako eraldaketa eragin behar dugu. Gure hitza eta eskubideak errespetatuak izatea lortzeko, euskal herria askatuko duen eskola gorri eta euskalduna eraikitzeko; euskal ikasleok borroka egin behar dugu. Aspaldi ikasi genuen musu-truk ez dela ezer irabazten. Horren adibide da gaurko egunez Billabonara elkarri gaituzten belaunaldiak, aurrea eramandako borroka guztiak. Urratsez urrats bidea eginez joan gara, lekukoa beti goian gogor helduta aurrera egiten jakin dugu.

Eta iraultza ez da bakarrik egiten den zerbait, elkartasunez eta lankidetzaz jorratzen den bidea da, norbanakoen batasunak egiten duelako indarra. Urteetan zehar, gure arbasoek euren eskuekin landu zituzten euskal herriko lurrak. Laiak eskutan hartuta, ilaran elkarren alboan jarrita iraultzen zuten lurra. Irauli, biharko uzta izango zen hazi berriak ereiteko.

Guk, euskal ikasleok, gure arbasoek egin bezala, laiak eskutan ditugula, lurra legez iraultzera jo behar dugu. Gugandik hasi, sistema bera irauli eta herri askatuko duen Euskal Eskola Nazionala bera eraikiko. Sumiso, akritiko eta titere huts bilakatu nahi gaituzten honetan, espainol eta frantsez bilakatu nahi gaituzten honetan, gure buruak askatzera jo behar dugu euskal ikasleok. Gure baitan aurkitzen den iraultza hazi hori erein eta ikastetxez ikastetxe, fakultatez fakultate, benetako ikasle mugimendu sendo eta indartsu bat altxatzera jo behar dugu!

Atzo bezala gaur. Eta gaur bezala bihar, ikasleok lanean jarraitu behar dugu. Egunerokotasunean, klasean, fakultatean…. tinkotasunez, eta harrotasunez beterik, txikitasunetik borroka eginaz iritsiko baikara euskal eskola nazionala egi bihurtzera. Erasoak eraso, kolpeak kolpe, euskal ikasleok aurrera egin behar dugu, soilik ikasle borrokaz lortuko dugulako!

Gora ikasle abertzaleak
Gora ikasle mugimendua!
Jo ta ke irabazi arte!


Ikoitz Arresek Navalcarneroko espetxetik bidalitako gutuna:

Ola Peña!

Iazko Amurrioko Ikasle Egunean zuen aurrean hitz batzuk botatzeko aukera bortizki kendu zidan Polizia Españolak. Hala ere, ezin izan dute gaurkoan, gutunez bada ere, zuekin egotea ekiditu.

Lehenik eta behin, nire besarkadarik potoloena bidali nahi diet ikasle eguna antolatzen lagundu edota ikasle mugimenduko kide izan diren eta gaurkoan dispertsio politikak sakabanatuak dituen Miren, Urko, Zaloa, Aitziber, Xabat… eta gainontzeko ikasle eta ikasle ez diren euskal preso politiko guztiei! Aupa zuek!

Bigarrenik, animo pila bidali nahi diet, ondotxo dakit eta horrelako egun erraldoi bat aurrera ateratzeak dakarren lan itzela, gaurko ikasle egun hau egia izan dadin hilabeteak lanean aritu zareten guztiei. Musika taldeak denen gustukoa izatearen buruhaustea gainditu duzuenoi, karpen tamaina behin eta berriz neurtzen aritu zaretenoi, furgoneta hartu eta ehunka kilometro egin dituzuenei, likoreak ordenatzen ibili zaretenoi eta kartelak Euskal Herriko toki zelebreenetan ere jarri dituzuenoi; eta bereziki, gaurko egunez, eta baita gauez ere, goizaldera arte lanean egongo zareten ikasle eta abertzale guztioi! Zuen lanari esker dira honelako egunak posible! Animo!

Esan bezala, urte bete pasatxo atxilotu ninduten 13 kiderekin batera 22 gazteren kontrako polizia operazio batean. Hilabete eskaz aurretik, gehiengo politiko, sindikal eta sozialak, baita ikasleok ere, Gernikako Akordioa sinatu genuela burutu zen sarekada.

Ondorioa: 14k tortutak salatu genituen eta 21espetxeratuak gaude.
Helburua: Errepresioaren bitartez gatazka politikoaren konponbidearen alde gazteok hartutako konpromezua baldintzatzen saiatzea.

Ta berriz ere, gazteok jo puntuan. Jakin badakitelako gazte mugimenduan lanean gabiltzan gazteak garela herri hau egunez egunez eta arloz arlo eraikiko dugunak. Dela emakumeen eskubideak defendatuz, jai herritar partehartzaileak eraikiz, komunikazio proiektu askeak garatuz edota ikasleon eskubideak defendatuz euskal eskola nazionala borrokatuz. Euskal Herriko gazte mugimenduak bizirik dirau, indarberritzen ari da egunez egun eta gaurko Ikasle Egun hau ere horren isla bada!

Gazteok, batera, gure eskubideak defendatu eta amesten dugun Euskal Herri librea borrokatzeko unea da. Gazte borrokara lotzeko garaia da!

Bukatu baino lehen ta dagoeneko mozkor egongo direnaren ziurtasun osoz, hortik dabilen atzoko ikasle eta abertzale taldeari agur berezi bat botatzea ahaztu gabe; hemen bildu zareten gazte iraultzaile guztiei orain arteko gogo, indar ta ilusio berdinarekin borrokan jarrai dezazuela dei egin nahi dizuet.

Oso oso ondo pasa, pasatu gabe noski, ta gogoan izan, ikasle eta abertzaleon ametsak inongo mugarik ez du, ta urtez urte tantaz tanta erakutsi dugun bezala: ikasiz, irauliz, eraikiz, borrokak egingo gaitu!

Beraz… Jo ta ke ta aurrera beti!

Euskal Preso Politikoak etxera!
Gora ikasle abertzaleak!
Gora Euskal Herria askatuta!

Esperantzaz eta haizeberriz beteriko abagune politiko berri honetan…

2011ko Ikasle Egunean, Navalcarnerotik Ikoitz Arrese Otegi

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa