Iragan da dagoneko ekaitza, amaitu dira euri zaparradak, eta hauekin batera, beste urte betez ere Ikasle Eguna pasa da. Hiru eguneko montajea; lana, izerdi, barne irrika eta zirrara nahasten diren zurrunbiloa. Ordu txikiak arte lanean, zenbat etorriko dira? euria egingo ote? ondo aterako da? Galdera, hipotesi eta zalantzak… eta azkenean Ikasle Eguna!  Ametsez, ilusioz eta motibazioz beteriko eguna!

Euria egin zuen, bai, erruz gainera! 1983ko uholdeetatik euri gehien egin duen eguna izan omen da larunbatekoa eta Billabonak euriteen zatirik txarrenetarikoa jasan zuen, gainera… Guzti horren erdian, guk, Ikasle Egun bat ospatu genuen! Ezin izango genuen ezer egin, ordea, zuen guztion laguntzarik gabe!

Tantaz tanta ikasle uholde bat osatu genuen! Eguraldiari aurre eginez, aldarrikapen, festa eta dantza!. Eta… noski… ondorengo desmontajea! Garbiketa, lana, nekea… eta harrotasuna. Ikasle Egun bat egitearen harrotasuna. Eraiki dugulako, eztabaidatuz eta esperientziak konpartituz euskal eskola nazionalaren bidean, urrats berri bat eman dugu!

Gaurko egunez urrats hori posible izatea egin duzuen guztiei eskerrak ematea tokatzen zaigu. Besoak irekita hartu gaituzten Billabonako herritarrengatik hasi eta gurekin batera Ikasle Egunean busti zineten guztiei gure eskerrik beroenak. Dantzaz, kantaz, hausnartzen edo erakusten, irri egiten, zarata ateratzen, sukalde lanean, parean jarritako edozein lan egiten, irudiak batzen… modu batera edo bestera parte hartu zenuten guztioi eskerrik asko! Eskerrak urte betez gurekin izateagatik, Ikasle Eguna aurrera atera eta ikasle uholdea bera urte betez gehiago posible egiteagatik! Tantaz tanta euria erori arren, barrutik eta kanpotik bustita izan arren, ikasle uholdea baino uholde indartsuagorik ez dagoela erakutsi genuen!


Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa