Egutegietan gorriz markatuta ageri zaizkigu hainbat egun, gure herriaren ukazioa eta honen asimilazioa bermatzeko helburuarekin. Egun asko dira, ezberdinak beraien izatean eta arrazoietan, baina helburu berari so daude denak. Egun Euskal Herrian bizi dugun zatiketa admintratiboak bezala, egutegiak ere Euskal Herria nortasun arrotzen baitan errotzea eta zatiketa horretan sakontzea du xede.  Horren erakusle da pasa den azaroaren 11 bera ere, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan ospatzera behartzen dituzten jai egun arrotza.

Badu zenbait urte orain, iparraldeko gazteek ekimenak burutzen ditugula frantses besta egunen kari. Egun horiek arrotzak direlako euskaldunentzat, borroka egunak dira guretzat.

Lehen Gerla Mundialean (1914-1918), Frantziak herritarrak behartu zituen soldadu sartzera, heriotz mehatxupean. Frantzia osoan biztanleak intsumitu baziren ere, joaiteari uko eginez edo frentetik desertatuz, Euskal Herrian zen intsumitu eta desertore kopuru handiena. Izan ere, garai hartan, herri hontan bizi ziren gizon eta emazteen gehiengoak ez zuen frantsesa mintzatzen, ez zuen frantses izaitearen sentimendua. Batzuk ez zuten borrokatu nahi frantses estatua arrotza irudikatzen zutelako; besteek, gerlak justifika ezinak zirela pentsatzen zutelako. Herritar anitzek intsumisioaren hautu hori egin zuten, eta hauen familiek garesti ordaindu zuten: heriotz kondenak, erbesteratzeak, presondegi zigorrak…

Gerla Mundialean, alde batetik, frantsesak ez ziren euskaldunak frantsestu ziren. Frentean, frantses hizkuntzaz gain beste mintzaira guziak debekatuak baitziren. Gerla bukatuta, soldadu joan ziren euskaldunak, frantses izaiteaz harro itzuli ziren herrira. Laburrean, Frantziak atxeman zuen aspalditik xerkatzen zuena: euskaldunak frantsestea, haien nortasunaz gabetuz.

Gaurko egunean “soldadu borrokalari horiek” omendu eta ez dituzte 10.000 baino gehiago ziren herritar intsumitu eta desertoreak aipatzen. Oldartzen gaitu Frantziaren nahiagatik hil ziren euskaldunak, euskara baizik ez zekitenak, frantses banderarekin omentzeak. Egun, argi dugu Frantziak jai egun hori hontarako baliatzen duela:

Bere mugen barneko herrietan (Euskal Herrian, kasu) frantses sentimendua txertatzeko

Historia desitxuratuz, gaur ere haien armadarekin egiten dituzten itsuskeriak justifikatzeko

Zentzu hortan, gu ere frantses eredu zapaltzailearen aitzinean intsumitzen gira. Frantziak Euskal Herria zapaltzen segitzen dueno, ez dugu ikusten zergatik errespetatu beharko ginukeen. Frantziak euskal herriak dituen eskubideak ukatzen ditueno, ez dugu ikusten zergatik bere sinboloak eta jai egunak onartu beharko genituzkeen. Ez gira frantsesak ez eta ere espainolak. Euskaldunak gira eta kitto. Hemen ez da Frantzia, ez Espainia, Euskal Herria da.

2010eko azaroan Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako hainbat gaztek
Ipar Euskal Herriko kontseilariei zuzenduriko gutunetik

Euskal Herriko Egutegiaren alde

Jai egun arrotzei intsumisioa!

Etiketak: Info, Iparralde

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa