Gaurko egunez, Egin Dezagun Bideak antolaturik, presoen eskubideen defentsan Ibaetan burutzen ari den baraualdian hezkuntza komunitateak hartu du lekukoa. Guk, ikasleok, hezkuntza komunitateko partaide aktibo garen heinean, ekimen nahiz aldarrikapenarekin bat eginaz, baraualdian aurkitzen gara Ibaetan bertan.

Gure aldarrikapen eta borroka ez da Donostiko kanpusera mugatu, Euskal Herri zabalean hainbat ikastetxe eta unibertsitateetan burutu baitituzte ekimenak ikasleek. Hona hemen kronika eta argazki batzuk.

Altsasu.

Euskal herri mailako gose grebarekin bat egin du altsasuko ikasleriak. Gaur abenduak 14 gose greba burutu du Altsasuko institutoko ikasle mugimenduak helburua euskal presoen askatzea delarik. Kontzentrazioa egin dugu instituto aurrean ikasleak, batu gaitezen eta mobilizazioekin bat egitea, gose grebara deituz. Horrekin batera ikasle presoak klaseratzea eta gaur bokatak motxilan uzteko aldarrikapena gauzatu dugu.

HUEZI

HUEZIko ikasle eta irakasleek ere, egin dezagun bideak aste honetarako antolatu duen baraualdiaren baitan, hitza hartu eta unibertsitatean ekimen propioa garatu dute. Hona hemen egitaraua:

-ASTEARTEA 13

12:00tan Baraualdiaren hasiera (botilak banatu eta atxikimenduak jasotzen hasi)

13:00tan Kontzentrazioa sarreran

16:00tan Dokumentala. Sagarraren bidea

-ASTEAZKENa 14

13:00tan Kontzentra sarreran

16:00tan Dokumentala. Tortura EH-n

19:00tan Ikasle preso ohi baten testigantza (Oier Gonzalez)

Biharko egunez, abenduak 15, osteguna, irakasle, ikasle eta langileek agerraldi masiboa burutuko dute eguerdiko 13’00tan.

Gasteiz

Gasteizko Kanpuseko ikasle mugimendua osatzen dugun eragileok, aste osoan zehar burutzen ari diren euskal preso eta iheslarien aldeko baraualdiarekin bat egin eta guk geuk ere gure kanpusean baraualdia burutu dugu.

Horretaz gain, azken egunetako gertakariek gure jarrera irmoki mantentzera bultzatzen gaitu, argi gelditu baita, bai estatu espainolak zein frantsesak ez dutela euren jarrera errepresiboa alde batera uzteko inolako intentziorik. Horrela, astelehenean Josu Esparza militante nafarra espainiaratzeak eta gaur Donibane Garazin Ihintza Oxandabaratz eta Julen Mujika atxilotzeak, lan egiteko eta borrokarako beharra erakusten digu bi estatuen jarrera immobilista hautsi ahal izateko. Gizartearen konpromisoa handitu behar da, egoera eraldatzeko garaia iritsi baitzaio euskal gizarteari.

Guzti hau dela eta, 24 orduko gose greba goizeko 8:45etan hasi da. Ikasleok kanpuseko fakultateetan hainbat ekimen burutuko ditugu euskal presoen egoera salatu eta gose grebarako deialdia luzatuz.

Eguerdiko 13:00ean, kontzentrazio bat burutu da, Kanpuseko Liburutegiaren sarreran eta gero eserialdia jantokian.

Arratsaldean berriz, 18:30ean bizikleta martxa bat antolatu da Kanpuseko triangulotik hasita Andra Mari Zuria plazara non bertan aste osoan zehar bezala kontzentrazio bat burutu den 19:00etatik 20:00etara bitartean. Ondoren, guztiok Letren Fakultatera joan gara non gaua pasako dugun.

Gauean zehar, hainbat ekintza daude planteatuta. Lehenik eta behin, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek eta PATek antolatutako hitzaldi bat egongo da. Ondoren, pelikula emanaldi bat eskainiko da, “En el nombre del hijo” hain zuzen ere, 1981ean Irlanda iparraldeko IRAko eta INLAko preso politikoek burututako gose grebaren ingurukoa. Pelikularen ondoren, mahai-inguru eta eztabaida bat sustatuko da, Irlanda iparraldeko eta Euskal Herriko presoek gauzatzen dituzten borroken arteko paralelismoen inguruan hausnartzeko helburuarekin.

Bihar goizean goizeko 9’00tan ekimenari amaiera eman eta urtarrilaren 7ko manifestazioari gure atxikimendua emateko agerraldi masiboa burutuko dugu.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa