Zorionak pasa diren UPV/EHUko eta UPNA/NUPeko hauteskundeetan parte hartu eta eskubide urraketa bakoitzaren aurrean iraultzarako hautua egin duzuen euskal ikasle guztiei! Fakultatez, fakultate, ikaslez ikasle lortutako bozka kopuruak argi erakutsi du hemen iraultzarako prest dagoen ikasleri bat badagoela!

Lehen indarra izan gara NUPen eta EHUn!

Argi esan izan dugu ikasturtero, eta ozen ohiukatu dugu aurtengo ikasturte hasieran ere:

Makurturik nahi gaituzte, inposaketen aurrean altxatuko ez diren ikasleak nahi dituzte. Ez dute lortu, ordea! Guk, irudimenez, indarrez, ilusioz eta konpromisoz heltzen diegu erronkei. Bahitu dizkiguten eskubideak geureganatzeko borrokatzeko prest gaude! Fakultateetako txikitasunetik, kanpusetako handitasunean arraun egiteko prest gaude! Borrokalariak gara, ondo dakite hori!

Beraz, eskerrik asko hauteskundeetan sobreak hartu eta hautestontziak bestelako unibertsitate eredu baten aldeko bozkaz bete dituzuen euskal ikasle guztiei! Ikasleok aski da! oihukatu dugu ozen. Nire, zure, gure artean osatzen dugun ikasle uholdearekin  fakultatez fakultate iraultza egitera goaz!


Abenduaren 22an izan genituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan klaustrorako ikasle hauteskundeak. Hauekin batera itxi egiten zen Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetako ikasle ordezkaritzarako hauteskundeen fasea. Bi urteetarako hautagaitza nagusiak bozkatu dira, ordezkariak mahai gainean ditugu eta orain instituzioetan lanean aritzeko garaia  zabaltzen zaigu  ordezkarioi.

Ikasle eta abertzaleok beste urte batez  hauteskundeetan parte hartzeaz hausnartu dugu eta unibertsitate organoetako egitura insituzionalen antidemokratikotasuna eta euskararen ukapen sistematikoa agerian utzi ditugu berriz ere. Izan ere ikasleon ordezkaritza, hezkuntza komunitatearen gehiengoa gurea izan arren, hutsaren urrengoa da (%22koa kasurik onenean). Euskararen erabilerari dagokionez, bilkuren portzentaia altu bat gaztelaniaz gauzatzen dira, hainbat kasutan itzultzailea sikiera bermatzen ez delarik (fakultate mailan gehien bat). Ordezkariei dagokienean, gainera, ez daude derrigorturik elebidunak izatera, egoera hau batez ere salagarria bezain kezkagarria da EHU-UPVren kasuan (nola izan daiteke unibertsitatea euskalduna izatez, ordezkari euskaldunik ez bada?).

Unibertsitateko instituzioez ateratako argazkia, beraz, iluna da oso. Hala izan arren, Ikasle Abertzaleok hauteskundeetan parte hartzea erabaki genuen. Zergatia? Ikasleon eskubideen alde, beste unibertsitate eredu bat eraikitzeko tresna guztiak ikasleriaren eskuetan ipintzea; unibertsitateen euskalduntze integrala bultzatzeko nahiz unibertsitateko ikasketen pribatizazio prozesua salatu eta geldiarazteko helburuaz aurkeztu genituen zerrendak. Laburki: ilunaren gainean kolore biziak zabaltzeko.

Esan bezala, Hego Euskal Herriko unibertsitateetako instituzioetako hauteskunde orokorrak burutu dira, eta Ikasle Abertzaleok lehenengo indar gisara gailendu gara: bai Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan eta lehenengo biderrez Nafarroako Unibertsitate Publikoan.  Guztira 2300 ikaslek baino gehiagok bozkatu gaituzte eta klaustroan (unibertsitateetako ordezkaritza organo gorenetan) 20 ordezkaritik gora lortu ditugu, fakultate mailan aldiz  10 baino gehiagotan gara gehiengoa.

Datu zaparrada garaipenaren ikurretik haratago doa ordea, honakoa azpiarratu nahiko genuke-eta: Ikasleok abertzaleak, gorriak, euskaldunak, herritarrak eta feministak diren ordezkariak hautatu ditugu unibertsitateetako mapa politikoa astintzeko. Honek aditzera ematen du unibertsitateko ikasleriaren sektore zabal baten kezkak eta kontzientzia kritikoak norabide edo zertzelada horiek dituela oinarri. Beraz, hauteskundeetako emaitzez borrokatu nahi den beste unibertsitate ereduak ezaugarriok izateko nahia agerian geratzen da beste behin. Guztion artean proiektu politiko unibertsitario horri taupadak ipintzen ari gara (aspaldi hasi ginen gainera) eta orain, inoiz baino argiago, esparruz-esparru, definituz goaz. Fakultateko batzarretan, kanpusetan, Nafarroan nahiz Vascongadetan, ikasle asanbladetan, klasean, IAko taldeetan, klaustroetan… eraikiz goaz geurea izango den unibertsitatea.

Guzti honengatik Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetako ikasle abertzale eta gorriei gure eskerrik beroena!
Orain, inoiz baino gehiago,
zeure, geure hitza, ikasleon iraultza!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa