Lehenengo ABIAN honetan, Kolonbiari buruzko Kronika batekin gatoz. Leioako Kampuseko Gizarte Zientzietako Asanbladako kide baten eskutik, zein urtebetez ikastera joanda dagoen Kolonbiara. Urte berezia Kolonbiako ikasleentzat, hau da bere hitzetan bertan ikusitakoa!


Une garrantzitsuak bizi ditu hezkuntza publikoak Hegoamerikan. Besteak beste, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Txile eta Kolonbian, gaurko neoliberalismoak dakarzkien pribatizazio prozesuak, eta hauen kontrako ikasle borrokak gori-gorian daude.

Nire partetik, abuztuan Kolonbian kurtsoa hasi zenetik bizitakoaren kontakizuna egin nahi dut. Borroka, eztabaida, batasuna eta gatazka protagonista dituen historia bat da. Hasi aurretik, argi utzi nahi dut euskaldun baten, kanpotar baten bizipenak direla, borrokak eta ezagutza faltak zeharkaturikoak.

Kolonbiara ikastera heldu eta gutxira ezagutu genuen problematika lehenengoz. Unibertsitateko paretetan idatzitako mobilizazio deialdiek esnatu gintuzten, eta irailaren 7an, herria zeharkatzen zuen mobilizaziora batu ginen. Informazioa bilduz joan ginen orduan, “Reforma a la Ley 30” delakoaren inguruko problematika ezagutzen. Esan zigutenagatik, Hezkuntza esparru europarraren prozesuaren (Bologna prozesua) antza hartua genion.

Aldi berean, guk ikasten duguneko unibertsitatean ikasleek zuten antolaketa maila ezagutzen ere joan ginen, eta nazio mailan ematen zena. Jakin genuen Kolonbia osoko ikasleak udaran zehar koordinakundea osatu zutela, Mesa Amplia Nacional Estudiantil (MANE) izenekoa. Eta jakin genuen gure unibertsitatean talde anitzak zeudela, eta haietan, era irekian jarduten zutenak batasun mahai batean elkartuak zirela lehenengoz.

Talde hauekin kontaktuan jakin genuenez, urrirako, zehazki urriaren 12-13rako, paro nazionala antolatua zen. Gure kasuan, paroari urriaren 11ean (asteartea) eman genion hasiera. Ikasgeletako ateak ikasmahaiez blokeatu, eta “asanblada iraunkorra” ezarri genuen. Hala ere, ikasleen arteko gatazken ondorioz (batik bat mobilizazioaren izaera ez-biolentoaren inguruan, kaputxadun ikasleekin eztabaida eman zelarik), lehen aste horretan mugimendua ahuldu egin zen, eztabaida zahar (eta hein batean pertsonal) horiek ikasleria urrundu baitzuten.


Edonola ere, akatsetatik ikasiz, eta barne gatazkak ahal bezain albora utziz, aurrera jarraitu zuen mobilizazioak. Greban aste osoa iraun ondotik, urriaren 16ean MANE delakoaren asanblada nazionala iritsi zen. Bertan, Kolonbia guztian ikasleek lortutako mobilizazio maila altua, eta garaipenerako aukerak ikusirik, eta grebarekin aurrera jarraitzea erabaki zen, estatuaren partetik jasotako erantzun gogorra kontuan hartuta ere (Calin, ikasle bat hil zen mobilizazioetan, zeharo argitu gabeko testuinguru batean) .

Horretaz gain, ikasleen unibertsitate-programa (programa mínimo) garatzeko deialdia egin zen, unibertsitate bakoitzean eztabaidatu eta elkarjarriz osatuko zena. Eta horrela, mobilizazio eta hausnarketa egitarau indartsu bat definituta, eta beste sektore batzuen (lanbide heziketako eta bigarren hezkuntzako ikasleak zein unibertsitateetako irakasle eta langileak) elkartasuna jasorik, gogotsu itzuli ginen gure herri eta ikasguneetara. Greba bultzatzen jarraitzea, eta soilik legebiltzarrak ley 39 delakoa bota eta unibertsitateetako egoera errepresiboak bertan behera utzi ezkero erretiratzea ikasleon adierazpen, presio eta eraikuntza tresna hau.

Tartean, unibertsitateetako ordezkariek mobilizazioak prestatzeko eginiko bilkuran, euskal ikasleok gure herritik jasotako elkartasun keinuak iristarazi genizkien kolonbiar ikasleei. Leioako ikasle mugimenduak,Komite Internazionalistek,Ikasle Abertzaleek eta Elektrotxaranga musika taldeak helarazitako atxikimen argazkiak eta testuak jaso ziren. Ordezkarien aurrean irakurrita, oso eskertuak izan ziren keinu hauek.

Unibertsitatera itzuliz, Astelehenean bertan fakultatez fakultate asanbladak burutu ziren, zenbaitetan dekanoak ere han zirela, eta gehienetan irakasleen presentziarekin. Haietan, kasu gehienetan bederen, grebarekin aurrera jarraitzea erabaki zen, eta denbora hau nazio mailako eta unibertsitate mailako problematikak aztertzeari ematea (beste fakultateetan, eztabaida egun gehiagoz luzatu zen, baina, azkenean, mobilizazio eta hausnarketa proposamenarekin bat egin zuten).

Hurrengo asteetan, hausnarketa eta informazio dinamikak burutu ziren, bigarren hezkuntzako ikaslekuetan, komunikabide lokal zein nazionaletan, bizilagunen etxeetan, edota plaza publikoetan. Horrez gain, eta nazio mailako plangintzaren baitan, ostegunero mobilizazioak burutu ziren, tartean ihauteriak edota antortxa eta kandelen desfileak bezalako mobilizazio berritzaileak. Herrialde guztian zehar burututako dinamika hauen bidez, eta biolentziaren erabilerarik gabeko estrategia bat erabiliz (ikasle mugimenduaren sektore zabalek erabili izan bait dute hau, ekintza publikoa beti arriskutsua izan den herrialde bat izanik, baina zilegitasun maila oso baxuetara iritsia zen borroka molde hau) iritzi publikoan eragin handia lortu zen.

Esan bezala, mobilizazio eta hausnarketa dinamikaz iritsi ginen azaroaren 10.era, egun horretan, hogei bat egun lehenago herrialdeko puntu oso ezberdinetatik irten eta bidean jendea jasotzen joandako martxak bogotán sartu ziren. Hiriburuko lau izkinetatik sartu ere, bertako eta inguruneetako ikasleekin baturik, eta hiri osoa blokeatu genuen, Plaza Bolivar izeneko plaza nagusian batu aurretik. Bezperan, eta herrialdeko puntu askotako ikasleok iadanik martxan geundela, kolonbiako presidente Juan Muanuel Santosek erreforma proiektua bertan behera uzteko asmoa agertu zuen, bere ospea asko makaltzen ari baitzen.

Ondorengo asteburuan, Asanblada nazional handi eta liskartsu batean, greba bertan behera uzteko baldintzak ezarri ziren. Zehazki, legea parlamentutik kanpo kokatzea, ikasleekin negoziazio bideak indartzea eta unibertsitateen desmilitarizazioa (Santander departamenduko UIS bezalako zenbait unibertsitatetan, poliziaren presentzia konstantea baitzen). Hurrengo astean zehar, baldintzak beteta, eta unibertsitateetako errektoretzekin kurtsoaren luzapen baldintzak itundu ondoren, unibertsitate ezberdinak greba uzten joan ginen. Bide hau, ala ere, ez zen ikasle mugimendu guztiaren gogokoa izan, askok gobernuaren azpijokoa aurreikusten bait zuten, aurreko hainbat esperientziatan oinarrituta. Hala, unibertsitate gehienetan berriro klasetara itzuli eta, arazo batzuekin, kurtsoa bukatu ahal izan genuen, hiru-lau asteko atzerapenarekin.

Abenduaren 7an, lehenengoz ezarri zen ikasleen, unibertsitateko langileen, bertako instituzioen eta gobernuaren ordezkariak batzen zituen mahaia. Geroztik, negoziazio bidean dago gatazka hau, baina argia denez, urte honetan zehar kalean mobilizazio eta presioa beharrezkoa izango da, AEBek eta kolonbiar oligarkiak duten hezkuntza proiektua geratu, eta kolonbiarrena sortzeko. Bide honetan, herri aktibazioaren isla diren prozesu andana eratu dira. Sormenaren adibide diren musika edota antzerki taldeaetatik, alternatibak eraikitzeko gaitasunaren isla den “ikasleen lege proposamena” eraikitzeko lantaldera.

Analisi orokorrago bat egitea komenigarria bada ere, hainbat gako ikutzeko, esan genezake ikasle antolakundeek, ikasle eta herritar masa zabalak aktibatzeko era aurkitu dutela,estrategia berriak eraiki eta hezkuntza herriarena izateaz gain, nazioaren kontzientzia kritikoa dela azpimarratuz. Bide guztia, aitzitik, ez dago egina, borroka oraintxe hasi bait da. Orain artekoa, ala ere ez da bide erraza izan, eta kolonbiar herri eta ikasleriak lan handia, kolpe asko, hainbat atxilotu eta hildako bat utzi ditu iadanik. Baina dudarik gabe, aurrera jarraituko dute, herriaren hezkuntza defendatuz.

Julen Rodriguez

GGZZko ikasle asanbladako eta

Komite Internazionalistak-eko kidea

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa