Pasa den astean, urtarrilaren 20an (ostirala) Ikasle Abertzaleen aurkezpenak burutu zituzten Urretxuko eta Zumarragako Lizeo ikastetxean eta Joxe Mari Iparragirre institutuan.


Lizeoan 10etan zuten hitzordua, eta 30 ikasle inguru gerturatu ziren erabilera anitzeko gelara. Institutuan, berriz, 12:25etako jolas-garaian egin zuten aurkezpena, eta 32 ikasle hurbildu ziren. Oro har, ikasleen interesarekin eta harrera onarekin oso pozik agertu ziren hizlariak eta ikasleak eurak.

DBHko eta batxilergoko ikasle batzuei aurkezpen hauek egiteko ideia sortu zitzaien lehenengo hiruhilekoan. Ikastetxeetan ikasle mugimendurik ez zegoela ikusi, eta heziguneetan bizi duten egoera landuko zuten ikasle taldeak sortzeko beharra zegoela iruditu zitzaien. Euskalduntzearekiko eta antolatzeko zailtasunekiko kezkak bultzatu zituen aurkezpenak prestatzera. Beste herrietan ikasle taldeak zeudela jakin eta herrian eredu hori jarraitzea beharrezkoa zela ikusi zen.

Gaurko aurkezpenetan unibertsitateko bi ikasleren laguntzaz hitzaldi txikia eman dute jolas-garaian. Ikasle Abertzaleak antolakundeak jorratzen dituen ildo nagusiak azaldu dituzte: euskaraz ikasteko eta euskal edukiak jasotzeko eskubidea, eskolan ikuspegi feminista jasotzeko eskubidea, ikasleei dagozkien eskubide demokratikoen defentsa (adierazpen askatasuna, greba eskubidea, ikastetxeko erabakietan parte hartzeko eskubidea…). Bukaeran, zalantzak argitzeko tartearen ondoren, ikastetxeko egoeraren gaineko azterketa egiteko txosten bat banatu zaie ikasleei, bete eta horren gainean eztabaidatzeko. Diagnostiko hau lagungarria izan ohi da ikasle taldea osatu eta gerora zein gai landu behar duten erabakitzerako orduan.

Hasiera itxaropentsuarekin, badirudi aurrerantzean ere Urretxuko eta Zumarragako ikasle mugimenduak emango duela zer esana! Hemendik aurrerakoa hasiera bezain arrakastatsua izan dadila.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa