Aurreko astean zehar gelditu gabe aritu dira Gasteizko ikasleak minimoen aldarrikapen eta borrokan. Ikasleok iraultza egiten dugunaren adierazle dira!

Larunbatean prentsaurreko jendetsu baten bidez M.23an iraultzarako deia egin zuten ikasleek!

M.23an IKASLEOK IRAULTZARA… HEZKUNTZA HERRIARENTZAT!


Info +: www.hezkuntzaherriarentzat.blogspot.com


Hona hemen prentsaurrekoan irakurritakoa:

Kaixo! Egunon guztioi

Hezkuntza honek balio ez digula argi erakutsi digu azken urteotako esperientziak, baina bereziki horren adierazle izan dira azken asteotan hezkuntza sistemaren eraldaketaren alde egindako ekimen ezberdin eta jendetsuak.

Hezkuntza eredu honek, praktika kontziente zein bereziki inkontzienteen bidez egungo gizartea erreproduzitzen du, eta gure ustez gizarte hau ekonomikoki, sozialki eta kulturalki injustua izanik, hori eraldatzeko beharra dago. Hortarako, hezkuntzak edukien, irakasteko moduaren, autoritateen, zigorren eta abarren bidez egiten duen gizarte honen erreprodukzioa eteteko beharra dugu.

Etete horren beharra aspalditik dator, hezkuntza honek gure interesak oso gutxi hartzen dituelako kontuan, baina eraldaketaren beharra gero eta argiagoa egiten ari da, hezkuntzak pribatizaziorako eta herritarron interesen gainetik merkatuaren beharretara moldatzeko norabidea hartzen ari den honetan.

Baina gure jendartea eraldatzeko konpromesua ez da etete hutsera mugatzen. Hortatik haratago alternatiba bat eraikitzeko lanean aritzeko erabakia hartu dugu Gasteizko ikastetxe ezberdinetako ikasleok. Horren lehen pausu bezala, hezkuntza alternatibo hori aurrera eraman ahal izateko Gasteizko ikastetxe guztietan hainbat baldintza minimo behar ditugu:

1. Ikasleon grebarako eskubidea errespeta dadin, ikasleok ere momentuko egoera sozial-ekonomiko eta politikoaren arabera gure aldarrikapenak kalera ateratzeko, gizarteko beste sektoreei babesa emateko eta gure geroaren alde egiteko eskubidea errespetatua izan behar dugulako

– Batxilergo eta DBHko 3. eta 4. mailetan grebak jarraitu ala ez gure erabakia izatea, eta ez gurasoena eskatzen dugu,

– Greba aurrera ateratzeko bozkaketa klase orduetan egitea eta

– Greba egunetan azterketarik ez egotea eskatzen dugu.

2. Eskola orduen barruan gure hezkuntza eredu propioa garatu, eta gure ikasketa denboraren baitan ikasleon interesekoak diren gaiak ezagutu, eztabaidatu eta orokorrean lantzeko, antolatu eta horiek aurrera eramateko aukera izatea. Hortarako:

– Behar izanez gero asanbladak luzatu ahal izatea,

– Helburu hezitzaileak dituzten eztabaidak, hitzaldiak, tailerrak eta abar klase orduetan burutu ahal izatea eta

– Irakasleek egiten duten moduan guk ere hizlariak eta dinamizatzaileak ikastetxe barrura ekartzeko aukera izatea eskatzen dugu.

3. Ikastetxea, zein orokorrean gure heziketara bideratuta dagoen espazio fisikoa, publikoa dena, gure kabuz helburu hezitzaileak dituzten ekintzak gauzatzeko erabili ahal izatea.

– Antolatutako hitzaldiak, eztabaidak eta abar burutzeko espazio bat izatea eta guk kudeatutako ikasleon gela bat izan ahal izatea eskatzen dugu.

4. Gelako giroa hobetzeko, ikasleen edota ikasle eta irakasleen arteko harreman txarrak konpontzeko, eta bereziki hezkuntza prozesuarekiko ikasleon konpromesua sustatzeko gaur egun indarrean dagoen zigor sistema aldatu behar da.

– Zigorren ordez ondorioak erabiltzea, hau da, egindakoarekin zerikusirik ez duten eta haserrea erakusten duten neurriak hartu beharrean, egindakoaren ondorioak biziaraziz eta arazoa konponduz hezteko balio duten neurriak hartzea.

– Ondorio horiek ikasle eta irakasleen artean, elkarrekin, erabakitzea. Horrela ikasleok klase osoaren ikasketarekin konpromesu handiagoa izatea bultzatuz.

5. Informatuak egoteko, eta guk besteak informatzeko eskubidea, eta adierazpen askatasuna errespetatu behar zaizkigu: horregatik gizarte eta ikasle mailan gertatzen denaz informatzeko eta guk antolatutako ekintzen berri eman ahal izateko gureak diren espazio ugari izatea exijitzen dugu.

6. Ikasleok lehiakortasuna eta indibidualismoa sustatzen EZ duen ebaluazioa behar dugu, Horregatik eskatzen dugu: Azterketak anonimoki zuzentzea, eta ondoren behin nota jarrita, hobetu beharra duten ikasleekin batera arazoaz eztabaidatu eta bien partetik beharrezko aldaketak egitea. Adibidez klaseak dinamikoagoak egitea, ikasleak adiago egoteko.

7. IKASLEON HITZA KONTUAN HARTZEA. Gaur egun Gasteizko ikasleok ditugun ordezkaritza maila eta bere hezkuntzan eragiteko ahalmena hutsaren hurrengoak dira. Gure hitza ez da inolaz ere kontuan hartzen, eta ikasleok ez dugu inolako aukerarik garen KOLEKTIBO gisan jarduteko. Botere harreman oso asimetriko batean gaude bai zuzendaritza, eskola kontseilu zein hezkuntzari buruzko erabakiguneekiko. Hori dela eta, gune horiek gure legitimitate osoa galdu dute. Alternatiba gisan oinarrizko minimo bezala eskatzen dugu: pisuzko gaiak, maila altuko arazoak, hezkuntza ereduarekin lotutakoak zein momentu puntualen aurrean agertzen direnak eztabaidatu eta batera konpontzeko asanblada orokorrak eta egitura horizontalen sorrera bultzatzea.

Minimo hauek lortzea ezinbestekoa da hezkuntza alternatibo bat aurrera eramateko, eta beraz, minimo hauen onartzea ikasle eta irakasleen beste hezkuntza eredu baten alde hartutako konpromesuaren erakusle izango da.

Horrenbestez, minimo hauek ikastetxeetatik kalera atera, eta beste hezkuntza eredu baten aldeko aldarriarekin batera ozen entzun daitezen martxoak 23an ikasleok zita berezia dugu.

Martxoak 23an Gasteizko DBH edota Batxilergoko ikasle oro 11:00etatik aurrera egingo den lanuztearekin bat egin eta ordubatetan Andra Mari zuriaren plazatik aterako den manifestaziora joatera gonbidatzen dugu. Hortaz gain, arratsaldeko 17:30tan “Hezkuntza herriarentzat!” lemapean plaza beretik aterako den manifestaziora ere gonbidatzen zaituztegu. Asko dugu irabazteko! Hor dugu martxoak 29ko greba orokorra ere, baina gure lehenengo pausua, datorren ostiralekoa, gizarteari hezkuntzan iraultza nahi dugula erakusteko balio dezala!

Gora ikasleria!

Martxoak 23an denok kalera!!!

Gora Hezkuntza Herriarentzat!!!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa