Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak Nazio Manifestazioa deitu du datorren maiatzaren 5erako.

Bizkaia mailan eskubide zibil eta politikoak urratuak dituzten hainbat lagunek emaniko prentsaurrekoa:

Hemen gaude berriz ere, Bizkaiko hainbat herritarrek sufritzen ari diren errepresio eta zapalkuntza egoera ezberdinak salatzeko. Zenbaitetan, gaur egungo egoera politikoan, iraganeko gauzetaz hitz egiten ari garela badirudi ere, zoritxarrez ez da horrela.

Estatu Espainolak sustatuko eta Estatuko botere judiziala eta polizialak kudeatutako “Todo es ETA” teoria, eta batez ere bere ondorioak, oraindik ere indarrean daude. Jende asko espetxean gatibu, jazarpenak jasaten, identifikazioak eta isunak jasotzen,…. eta abar luze bat sufritzen ari dira, demokrazia batean onartuak diren jarduera politiko eta sozialengatik. Beste hainbat berriz, Auzitegi nazionalean epaituak izatera itxaroten daude. Zergatik eta, euren eskubide zibil eta politikoak praktikara eramateagatik. Teorian legediarengatik babestuak egon beharko litzateke, baina praktikan ez da horrela, eta hemen gaudenok horren isla gara.

Gizarteko sektore jakin baten aurkako kriminalizazioa izan du helburu estrategia horrek, eta edozein desadostasun adierazpenaren kontra aplikatzen da. Gure herriko eragile eta elkarte askok, manifestatzeko, libreki adierazteko edota elkartzeko oinarrizko eskubideen zanpaketa jasan dute.

Herri honetan gehiengo batek urteak daramatza gatazka honen konponbiderako tresnak, bideak bilatzen eta praktikara eramaten, hala ere, Estatuak gerran segitzen du.

Euskal Herriak, bake eta normalizazio egoera baten aldeko apustu garbia egin duen honetan, ezin dugu permititu horrelako egoerak gertatzen jarraitzea. Ezin dugu onartu, Euskal Herria eszenatoki politiko berri batetara transitatu nahi duen honetan, oraindik ere, eszenatoki berriaren testuingurura egokitu nahi ez duten eta antzinako errezetekin aritzen diren elementu polizial eta arduradun politikoak egotea.

Horren adibide,Apirilaren 30ean “D3m” eta “Askatasuna”ko kideen kontra egingo den epaiketa. Euskal Herriko 13 pertsona izango dira epaituak, beraien aurkako 7 eta 9 urteko espetxe eskaerekin. Euren delitua, Euskal Herriko milaka pertsonen bozkatzeko eskubidea bermatzea. Azken finean, oinarrizkoa den eskubide bat herritarrei eskaintzea. Asko dira, zazpi pertsona hauekin batera epaiketaren zain daudenak. Eta bereziki gazteak dira oldarraldi honen ondorio bortitzenak sufritzen ari direnak.

Gure konpromisoa argia da, errepresioa eta eskubide zibil eta politikoen urraketekin bukatzeko, eta KONPONBIDEAREN aldeko urratsak emateko lan egingo dugu.

Bide horretan, bihar bertan Arartekoarekin bilkura bat izango dugu, Bilboko hainbat hiritarrek pairatu dituzten jazarpen kasuen testigantzen eta D3M eta Askatasuna auzien eta epaiketaren berri emateko eta konpromisoak eskatzeko.

Guzti honen aurrean denon bultzada ezinbestekoa izango da. Beraz, eta eraso hauen aurrean erantzun bat eman behar delako, Apirilaren 20an ostirala, arratsaldeko 19:30etan Bilboko Plaza Berrian, “ eskubide guztiak guztiontzat” lemapean egingo dugun ekitaldian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Oraindik ere existitzen den errealitate gordin hau salatu, eta egoera hauek jasaten dituzten kideei elkartasuna eskaintzeko. Soilik denok batera emango diogulako amaiera eskubide zibil eta politikoen urraketei.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa