Prentsaurrekoa burutu dugu gaur nafar gobernuaren Hezkuntza Delegaritza aurrean Wert espainiar hezkuntza ministroak inposatu nahi dituen erreformak salatu eta datorren maiatzaren 10erako iragarri dugun mobilizazio egunera ikasleria deitzeko.


Ir a descargar

Ikasle Abertzaleak-eko kideek, Haizea Solagurenbeaskoa eta Ikoitz Arrese, irakurritako testua:

Agerraldi honen bitartez, Ikasle Abertzaleak-ek iragan astean espainiako hezkuntza ministroa den Jose Ignacio Wert-ek dekretu bidez egindako hezkuntza murrizketak arbuiatu nahi ditu eta erantzuteko beharra azpimarratu.

Zerbitzu publikoen pribatizazioa, pentsioen izoztea, osasungintzaren pribatizazio ahalegina, lan erreforma basatia, BEZaren igoera, murrizketak soldatetan… hamaika dira azken urteetan krisi ekonomikoaren aitzakipean gobernuek herritarroi egin dizkiguten errekorte bidegabeak. Guk sortu ez dugun krisi ekonomiko eta zibila guk geuk ordaintzea nahi dute. Herriak ordaintzea nahi dute. Azken hamarkadetako bizi eta garapen eredu neoliberalistaren kontraesanak agerian utzi dituzte. Sistema kapitalista eta patriarkarraren ondoriorik basatienak geuk pairatzea da euren helburua. Kapitalismoaren berfundazioa egiten saiatzen ari dira. Krisiari aurre egitetik urrun, gutxi batzuen interesei men eginez dekadentzian sakonduko duen berfundazioa. Interes horiek gauzatzeko merkatuen diktaduran bizitzera kondenatu nahi gaituzte. Oraingo honetan, hezkuntzan burutu nahi dituzten murrizketak argi erakusten dute asmo hori.

Eta hemen gaude, Euskal Herriko hainbat ikaslek, besteak beste, #martxokoiraultza gauzatu zuten hiriburu batean, Iruñean. Eta espainiar hezkuntza ministroa den Wert-en hezkuntza murrizketak tinko salatu nahi ditugu.

Ikasgeletako ikasle kopuru maximoa handitu nahi dute.

Neurri honek bere baitan eta ezinbestean, ikasgeletako ikasleen maxifikazioa ekarriko du. Ondorioz pedagogia eredu atzerakoi bat garatzera joko da, ezin izango delarik ikasle bakoitzaren beharrizanetara egokitutako heziketa jarraikor eta egokia garatu. Ikasleak gure hezkuntza garapenaren subjektu izan beharrean, objektu huts bilakatzen gaitu neurriak. Eskola porrota gainditzeko bitartekoa dela dioten arren, aukera gehiago zabaltzen dizkion neurria dela ikusten da.

Batxilergoko adar bakarra egotea baimenduko dute.

Modu honetan, adarren eskaintza irizpide errentagarrien araberako aukeraketa bilakatuko dute, batxilergoko eredu jakin batzuk sustatzera joko direlarik, produkzioa oinarri hartuta. Eskaintza mugatzearen ondorioz, ikasleon deslokalizazio behartu bat sustatuko da tokian tokiko eskaintzak murriztuz.

Hezitzaileen irakats orduak gehitu nahi dituzte.

Neurri honekin irakasleriaren lanaren prekarizazioa eragitearekin bat, klase magistralen eredua bultzatu besterik ez du egiten, heziketa integral eta egoki bati ateak itxiz. Hezitzaileen lanaren debaluazioa eragiteaz gain, gainera, sektore honetako langabezia tasa igoko du.

Hezitzaileen bajak 10. egunera arte irautea nahi dute ordezkorik gabe.

Ikaslearen heziketa noraezean geratuko da; heziketa ordu horiek galdu egingo direlako, bai edukiz nahiz pedagogikoki.

Unibertsitate tasak igo nahi dituzte.

Azken urteetan salatu izan dugun ondorioak isla da neurri hau. Bologna Prozesuarekin batera ekindako unibertsitatearen pribatizazioan urrats berri bat da. Zerbitzu publikoaren agorpena eta enpresen esku sartzeari ateak irekitzen dizkio neurri honek. Eta bide batez, ikasleriaren sailkapena sustatuko du; ikasteko aukera eta erraztasunek dituen elite eta ikasteko ezintasuna eta muga ezberdinak izan ditzaketen artean.

Bekak jasotzeko irizpide aldaketa. Behar ekonomikoez gain, beraiek markatutako ebaluazio sistemaren araberako emaitza izango da irizpidea.

Aurrez azaldutako ikasleen sailkapenean sakontzeaz gain, elkarren asteko konpetibitatea sustatuko du, nota honenak nork aterako. Eta aldi berean, ikasle orok duen hezkuntzarako eskubidea errotik ukatuko du.

Neurri guzti hauek gainera, ordezkatzen ez gaituzten Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sailburuekin hartu dituzte, hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikasle, hezitzaile, guraso, eragile eta norbanakooi bizkarra emanez eta aspalditik jorratzen ari diren inposaketen bidean urrats berri bat emanez.

Neurri erabat zentralista izateaz gain, inposaketa hutsa da. Herritarrak ordezkatu beharko lituzketen politikariek, berriz ere euren interesen araberako erabakiak hartu dituzte.

Iribasek neurriok pairatuko ditugun sektoreekin hitz egingo duela esan badu ere, elkarrizketa horiek, erabakiaren aplikazioaren gauzapenean garatuko direla argi eta garbi adierazi zuen. Ez ditu inolaz ere zalantzan jartzen edo epe labur batena izan ditzaketen ondorioak baloratzen. “Errazak” ez direla esanda, “esfortzu bateratu” bat egiteko deia ere luzatzera ausartu da, hau da, batzuon miserian sakontzea gutxi batzuen interesengatik.

Celaáren jarrera hipokritak ordea mugak hautsi ditu. Autonomia Erkidegoak dituen konpetentzien aldeko jarrera itsu bat hartu du, Wert-en proposamena inposaketa zuzenak direla salatuz. Neurriek, hezkuntzaren kalitatean eta eredu publikoan izan ditzaketen atzerapausoak salatu baditu ere, ezin ahaz dezakegu orain urte bete bera zela, guraizeak eskuan, murrizketak burutzen eta hezkuntza komunitateran gainetik inposaketak garatu zituena. Bera da Unibertsitatean Bologna Prozesuak bezalako estrategia neoliberalak sustatzen dituena, besteak beste.

Ikasle eta abertzaleok, neurriak aplika ez ditzaten exijitzen diegu. Ez dugu inolaz ere onartuko hitza ukatu eta hezkuntza beraien interesetara bideratu nahi duten neurririk. Ikasleak ezin gara besoak gurutzaturik geratu. Gure egunerokoa eta etorkizuna baldintzatu nahi duten honetan, ezinbesteko garrantzia hartzen du ikasleok egoeraz jabetu, antolatu eta erantzun bateratu bat artikulatzeak. Horregatik, bi deialdi luzatu nahi dizkiogu euskal ikasleriari.

Lehenik, datozen asteetan Euskal Herriko Ikastetxe, Lanbide Heziketetako Zentro eta Unibertsitatean antolatuko diren Murrizketen inguruko asanblada informatiboetan parte hartzeko gonbidapena egin nahi diogu. Neurriok ikasle guztiok pairatuko baititugu.

Eta bestetik gurekin batera datorren maiatzaren 10ean burutuko dugun mobilizazio egunean kide aktibo izateko. Goizean paroak deituko ditugu eta ondoren hezigune guztietan kontzentrazio eta manifestazioak burutuko ditugu. Maiatzaren 10ean #ikaslealtxamendua artikulatzera goaz!

Honekin batera, dei egiten diogu euskal hezkuntza esparrua osatzen dugun eta euskal herritar orori, Euskal Herriaren kontrako neurri hauen aurrean, elkarrekin, tamainako erantzuna eman dezagun eta murrizketa hauek geldi ditzagun. Asko garelako, batera mobilizatzeko beharra azpimarratu nahi dugu gaurkoan ere. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioa eraiki bidean, eraso hauek gelditzea dagokigu oraingoan.

topatu.info : klik hemen

Gara-ko notizia: klik hemen

Berria-ko notizia: klik hemen

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa