Ondorengo agiriaren bitartez, LAB sindikatuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sailburu den Isabel Celaá-ren diskurtso “hipokrita eta bikoitza” salatu du. Gainera, “hezkuntza kalitatea eta enplegua handitzea ekarriko duten neurriak eskola komunitatearekin eztabaidatzera eta adostera jar zaitez behingoz” exijitu dio.

Mobilizazio Egunerako IAko materiala:

Agerraldia ·   Bitartekoak (I) ·   Bitartekoak (II)

Isabel Celaá gezurretan ari da. Martxa honetan lanpostu gehien suntsitu duen enpresari eta agintari politikoen arteko lasterketa ankerrean liderra izango da hezkuntza sailburua. Madrilgo Gobernuak ezarri dituen neurrien aurrean hitzez irmoki aurka azaldu da, egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dugun hezkuntza sistemaren defendatzailerik sutsuena bezala agertuz. Bere adierazpenak entzunda ematen du, hezkuntzan murrizketak hemendik aurrera hasiko direla, 2010etik hona berak zuzentzen duen Sailak inposaturikoak existituko ez balira bezala. Ahaztu egiten zaio, nonbait, bere sailetik sustatutako erabaki antisozial sorta: hezkuntzako langile guztiei egindako soldata murrizketak, ordezkapenak betetzeko modu maltzurra, langileen gaixotasun aldiak pagatzeko irizpide berriak…
Madrilek neurri berri horiek ezagutzera eman baino lehenagotik Jaurlaritza hasia dago ikastoletako eta ekimen sozialeko titularrekin datozen 4 urtetarako hezkuntza kontzertuak negoziatzen. Zehaztasunez negoziazio horiek ezagutzen ez baditugu ere, Hezkuntza Sailak kontzertuak negoziatzeko mahai gainean jarri dituen irizpide berrien ondorioz esan dezakegu, ekimen sozialeko eta ikastoletako ikasgelak ikaslez gainezka izango direla, eta lanpostu asko desagertuko direla. Madrili kritikatzen dion hori bera da, Celaá andereak ikastoletan eta ekimen sozialeko ikastetxetan egin nahi duena. Ikastetxe horiek eta ikastetxe horietako langileek orain arte izandako murrizketei -ordainsarietan, proiektuetan, prestakuntzan, …- arestian aipatutako neurriak gehituko zaizkie.

LABetik Celaáren diskurtso hipokrita eta bikoitza salatu nahi dugu, eta hori esateaz batera, diskurtsotik haratago neurri horiek ikasleen hezkuntza kalitatean, eta enplegu suntsiketan izango duten eragina azpimarratu eta agerian jarri. Gainera, salagarria deritzogu langileen ordezkaririk gabe burutzen aritzea negoziazio horiek, ikastetxeotako langileen interesak eta diru publikoaren erabileran gardentasuna eta partaidetza soziala batere bermatu gabe.

Azken bi urteotan irakaskuntza osoan galdutako enpleguari, ezkutuko LEE edo EREak, Madriletik inposatu eta Celaák aplikatuko dituen neurrien ondorioz galduko direnak gutxi ez eta, horiei gehitu behar dizkiogu ikastoletako eta ekimen sozialetako ikastetxetako hezkuntza kontzertuen negoziazioen ondorioz galduko direnak, hain zuzen, Celáa berak proposatutako irizpideak jarraituz galduko diren lanpostuak, alegia.

Beraz, Celaá anderea, kontuak eta ipuinak alde batera utzi, eta enplegu suntsiketa gutxiago! Mesedez ez itzazu hezkuntza eragileak eta jendartea gehiago nahastu, eta hezkuntza kalitatea eta enplegua handitzea ekarriko duten neurriak eskola komunitatearekin eztabaidatzera eta adostera jar zaitez behingoz.

Euskal Herrian, 2012ko apirilaren 26an
Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa