Etorkizuna langileona izan dadin, gaur, ikasleok, BORROKA!

MURRIZKETEN AURREAN, ANTOLATU ETA ERANTZUN!

Maiatzaren lehena. Maiatzak 1. Langile borrokaren eguna. Gaurko honetan inoiz baino arrazoi gehiago dugu kalera atera eta gurea dena defendatzeko, gure eskubideak ozen aldarrikatzeko. Azken hamarkadetan herritarroi egin zaigun erasoaldi handienetarikoan aurkitzen gara. Inposaketa bat bestearen atzetik, zaparrada itxuran iritsi zaizkigu erreforma ezberdinak gure Euskal Herrira. Behin eta berriro Euskal Herriko herritarron gehiengoaren nahi eta beharrak errespetatu gabe merkatuaren diktaduran bizitzera kondeta nahi gaituzte. Gutxi batzuen beharren arabera, gure izana, oraina eta etorkizuna hipotekatu nahi dute.
Testuinguru honetan, ikasleok mila arrazoi ditugu kalera ateratzeko. Ikasle garen heinean, gure eskubide guztiak banan banan urratzen dituztelako egunero. Ikasle aske eta burujabe gisa hezi eta garatzen lagundu beharrean, erreforma hauekin bereziki, etorkizuneko langile gisa prekarietatera eta miseriara kondenatu nahi gaituzte, sistemaren esklabu bilakatu. Besoak gurutzaturik gure etorkizunarekin nahi bezala jolasten utziko diegula uste badute ordea, jai dute.

Eraso bakoitzaren aurrean  antolatzea eta borrokatzen jarraituko dugu. Ikasleak ez gara beldurtzen, ezer galtzekorik ez dugu eta mundu berri bat dugu eraikitzeko, Euskal Herri bat irabazteko.  Amore ematea zer den ez dakigu eta jarritako oztopo guztien gainetik, gaurko errealitatea eraldatzeko helburua dugu, biharko etorkizuna marraztera goaz.

Gaurko egunez, Maiatzak 1, markatuko bidean urrats berri bat emango dugu. Ikasleak harrotasunez kalera atera eta gurea dena defendatuko dugu gainontzako klase zapalduekin batera. Eta bihar ikasgeletara itzultzean borrokan jarraituko dugu. Murrizketa, erreforma eta zapalkuntza guztiei hortzak erakutsiko dizkiegu. Ez baitago #ikaslealtxamendua geldituko duen Wert-ik, Celaá-rik edo Iribas-ik. Gaur bezala, maiatzaren 10ean ere, antolatuz eta erantzunez, ikasle borrokaz lortuko dugu!


Gora ikasle mugimendua! Gora euskal langileria!
Gora maiatzaren lehena!
Maiatzaren 1ean ere, #ikaslealtxamendua!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa