Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kezka handiz bizi du egungo egoera, gatazka gainditzeko prozesu politikoan ez zaiolako euskararen normalizazioari dagokion garrantzia ematen eta ondorioz “Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena” aurkeztu die Euskal Herriko eragile politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalei. Hori da Donostiako Kutxa Andia aretoan egin den ekitaldi berezian Kontseiluak azaldu nahi izan duena.

BerriaTB-ren bideoa: klik hemen

“Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena”ren oinarrizko puntuak:

1. Kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea

Hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe. Gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko oztopoak daude. Euskararen hizkuntza-komunitatetik kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenak baliogabetu egingo lukete. Ikusi besterik ez dago hizkuntzaren normalizazioari begirako erabaki ausartek zer-nolako debekuak izan dituzten.

2. Estatus egokia

Gure herriaren normalizaziora iristeko bake-bidean aterabide demokratikoaren zutabeak zehazterakoan gure hizkuntzak estatus juridikoa beharko du izan.

Berezkoa: Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa. Lurralde bateko berezko hizkuntza edo hizkuntza propioa izendapenekin, lurralde horretan historian zehar ezarritako komunitatearen mintzairari egiten zaio erreferentzia. Berezko hizkuntzaren kontzeptua hizkuntzaren beraren genesiaren eta garapenaren zutabeetan oinarritzen da, bai sozialean eta antropologikoan, hizkuntza- eta kultura-komunitatearen kontzientzia duen komunitatea, bai lurraldekakoan, komunitate horren lurraldea, bai eta historikoan ere, hizkuntza horrek historian zehar izandako garapena.

Ofiziala: Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntza ofizialtzat erabilia izan dadin bere lurraldearen barruan. Hartara, gure hizkuntzaren berreskurapena ahalbidetuko duen estatus juridiko bakarra ofizialtasuna da. Ofizialtasuna ez da hizkuntzaren berezko ezaugarria, hizkuntza bati esleitzen zaion estatusa baizik. Euskarak ofiziala behar du izan bere lurralde osoan, eta lau dimentsio hartuko dira kontuan: politikoa, lurraldetasuna, dimentsio kolektiboa eta objektiboa. Horrela, euskarari ofizialtasun statusa esleitzeak ondorio juridikoak eragiteaz gain, babes eta berme juridikoak ematen dizkio euskaraz bizi nahi duen herritarrari.

Lehentasunezkoa: Egoera gutxiagotuan dagoen hizkuntza batek izan beharreko nahitaezko ezaugarria da. Historian zehar izandako desorekak zuzentzeko eta euskaraz bizitzea errealitate bihurtzeko euskarak erabilera normalizatua eta lehentasunezkoa izan behar du. Lehentasunezko hizkuntza izendatzeak euskararen aldeko politikak ahalbidetzeko gaitasuna eskaintzen du: lurralde guztietako instituzioetan, zerbitzu publikoetan, hedabideetan, irakaskuntzan, etab.

Ezagutu beharrekoa: Ezagutza unibertsalizatzea nahitaezkoa da hizkuntzaren berreskurapen-prozesua bermatzeko. Euskara ezagutu beharrak bermatuko ditu herritarren arteko bizikidetza eta euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarren nahia.

Horrela, ezagutza unibertsalizatzeak ondorio positiboak eragingo ditu, besteak beste, euskaraz bizitzeko, hizkuntza hautua bermatzeko, administrazio publikoen eginkizunak betetzeko, euskara gutxiagotzen duten hizkuntza-jarrerekin amaitzeko, etab.

Bukatzeko, emakume bat igo da oholtza gainera bere haurrarekin eta bertaratu direnei etorkizunean berari, bere haurrari eta euskaraz bizi nahi duten herritar orori beren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ahalegin guztiak egiteko eskatu die Euskal Herriko eragile politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalei. “Nik nire hautaua egin dut, eta zuek?” galdetu die aipatu eragileei.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa