Ondorengo lerroetan Ikasle Abertzaleak-eko kide ohi batzuek prestatutako iritzi artikulu bat duzue. Testua Galde Gonzalez (IAko kide ohi eta UPVko Ikasle Kontselu Zentraleko Presidentea izandakoa), Oihana Etxebarrieta (IAko kide ohi eta UPVko Ikasle Kontselu Zentraleko Presidentea izandakoa) eta Igor Zulaika (IAko kide ohia) lagunek izenpetzen dute.  Hona hemen testua:

Bologna: Ez genuen arrazoirik izan nahi

Duela 11 urte, IAko ordezkari bat ESIBk deituriko topaketa batean izan zen, Goteborg-en, eta bertatik bueltan hezkuntzan emango ziren aldaketa handi batzuei buruz hitz egin zigun. Europako Goi Hezkuntza Esparruan emango zen homogeneizazioaz, unibertsitate hezkuntza merkantilizazioruntz ematen ari zen lehen urratsez… Bologna Prozesuaz, hain zuzen. Gutariko askok ez genuen horretan sinetsi nahi izan. Munduko Merkataritza Elkartea hezkuntza zerbitzuak liberalizatu zitezen negoziatzen ari al zen? Eskulanaren zirkulazio askea eta titulazioen salerosketa ahalbidetuko zuen gobernu ezberdinen arteko akordiorik sinatu al zen? Horrek ezin zuen egia izan. Ez genuen egia izaterik nahi.

Zoritxarrez, berehala konturatu ginen amesgaizto hura oso erreala zela eta hura indarrean jartzeko prozesua hezkuntza komunitatearen gehiengoaren bizkar garatzen ari zela Paris eta Madrilen. Ikasleok elkarri informatu, eztabaidatu, eta berriz ere informatu genion elkarri. Harremanetan jarri ginen Euskal Herriko hezkuntza komunitatearekin eta baita beste hainbat herrialdeetako ikasle mugimenduekin. Herrialde Katalanetako ikasleei dagokionez, adibidez, ikusi genuen arras parekoak zirela gure irakurketak. Prozesu horren inguruan asko ikasi genuen: postgraduen bidezko titulazioen degradazio eta espezializazioa, iraultza pedagogiko legez saldu nahi izan zitzaigun ECTS kreditu sistema berria, finantzaketa konpetitiboa delakoa eta enpresa pribatuen eskuhartzea unibertsitatean babesle gisa, etorkizuneko tasen igoera…

Unibertsitateko arduradun eta ikasle askok gogoratuko duten moduan “Zer da Bologna” liburuxka gorri bat publikatu genuen. Bertan, hori dena salatu genuen puntuz puntu. Unibertsitate ezberdinek ahal izan zuten bezala saiatu ziren liburuxkari erantzun ematen. Batek, UPVk, prozesua defendatzen zuen libreto urdin bat kaleratu zuen, banan-banan erantzunez IAk publiko egindako liburuxkako eskema osoari. Dozenaka hitzaldi, eztabaida eta mahai-inguru antolatu genituen; ikaskide, dekano eta errektoreekin eztabaidatu genuen. Gainera, azken garaietako ikasle mobilizaziorik handienetakoak burutu genituen eta ez genuen inongo zalantzarik izan Bologna ahal bezala baldintzatu eta eteten saiatzeko orduan.

Goi hezkuntzaren garapenari dagokionez, bere horizontaltasuna eta herritar izaera bultzatzearen aldekoak ginen. Horretan sinesten genuen. Hezkuntza herriaren mesederako eta eskura egon behar zuela ulertzen genuen, ez merkatuen mesederako! Batzuek utopikotzat jo gintuzten, beste batzuek are gauza okerragoak esan zituzten guri buruz. Beste askok, berriz, prozesuaren borondate onaz konbentzitu nahi izan gintuzten; alegia, sistema pedagogikoa aldatu beharraz eta gure higikortasunari egingo zion onuraz.

Guk, prozesua etetea eta hari buruz hausnartzea proposatu genuen. Beharrezkoa al zen hura guztia? Kanpoan hotz asko egiten zuela esan ziguten, hotz gehiegi, eta batzuek erabaki zuten Paris eta Madrili lotuta jarraitzea hobe genuela. Ondoriok nabarmenak dira..

Hala eta guztiz ere, ezinbesteko ziruditen neurri batzuen aplikazio irrazionala ebitatzea lortu genuen, jende asko hausnartzera bultzatu genuen, eta uste dugu gazte andana baten iritzi kritikoa garatzen lagundu genuela. Neurri asko indarrean jarri zituzten, bai, baina beste batzuk atzera botatzea eta askori aldaketak egin behar izatea lortu genuen. Nabarmena da, beraz, IAk gidatutako ikasle mugimenduak era positiboan baldintzatu zuela Bologna Prozesua. Euskal Herriko unibertsitateetan izandako garapena atzerrikoekin konparatzea besterik ez dago.

Joan diren urtetan ikusi dugu zoritxarrez gure aurreikuspenak betetzen joan direla. Deigarrienak, akaso, “fulltime” ikasle perfil berriaren sorrerarekin lotuak. Ikasketak eta lana bateraezin egiten dituen ikaslea dugu hau, klase eta praktiketara soilik joan daitekeena. Bestelako jarduerarik burutu ezin dezakeen ikaslea, akritikoa, infantilizatua, DBHn balego legez tratatua dena, klase magistraletara joateko derrigorrezko betekizuna duena eta, nahiz eta lan mordoa entregatu, azken azterketak egitera behartua kasu askotan.

Aurreko guztia gutxi ez, eta orain espainiar gobernuak, kapitalaren metaketa krisia aitzaki, aurreikusi eta salatzen genuen planifikazioarekin bete betean bat egiten duten hainbat neurri iragarri ditu: tasen igoerak eta hezkuntza zein ikerketan murrizketak. Merkantilizazio eta pribatizazio prozesua arindu besterik egingo ez duten neurriak, goi mailako hezkuntzaren elitizazioa ekarriko dutenak,“fulltime” ikasle profilarekin batera.

Guk ez genuen arrazoirik izan nahi. Espero genuen hezkuntza komunitateak prozesua gelditu egingo zuela ondorioak jasan aurretik. Oker egotea nahi genuen, baina, zoritzarrez, ez da horrela izan. Hori bai, ez da oraindik beranduegi gauzak zuzentzeko. Esperantza handiak ditugu jarriak egun hezkuntza sistema nazional baten alde lanean eta murrizketen kontra borrokan dabiltzan ikasleengan; jarrera pasibo eta akritikoak salatzen dituen ikasleengan. Haiek lor dezakete hezkuntza komunitateak bere jarrera zuzentzea eta bestelako hezkuntza eredu bat defendatzeari ekitea, jendartearen beharrizanetara egokitua eta ez merkatuen mesedeei men egitea helburu duena.

Horregatik, datorren maiatzaren 10ean IAk antolaturiko #ikaslealtxamendua-n, mobilizazio egunean, parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Guk parte hartuko dugu, jakina. Ikasle-mugimenduaren parte izan ginelako, eta oso harro gaudelako mugimendu horretaz, bera izan delako Euskal Herriak behar duen euskal eskolaren eraikuntza lanean borroka eredugarriak bultzatu dituena. Eta jarraitzen duena halakoak bultzatzen. Horregatik hartuko dugu parte. Ez garelako ohiko ikasle…

Galder Gonzalez, Ohiana Etxebarrieta eta Igor Zulaika,

atzoko eta betiko ikasle eta abertzaleak.

GARA egunakarian

BERRIA egunakarian

Etiketak: Info

Iruzkin bat orain arte.

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa