Gaur, Gasteizko campusean HERRIRA Mugimenduak ekimena burutu du. Larunbat honetan izango den Plazara! mobilizazio nazionalaren harira, dei egin dute plazak aldarrikapenez bete ditzagun.

Euskal Preso Politikoen euskal herriratzea eta hauen eskubideen alde egiteko deia ere luzatu dute.

Ikasle Abertzaleak-en Plazara! deia

Argazkiak

HERRIRAren oharra:

Mila esker Gasteizko Kanpuseko Herrira mugimenduak antolatu duen GOAZEN PLAZARA! Ekimenean parte hartu izanagatik!

Plazak elkargune, jai gune eta aldaketak abiarazteko gune izan dira historian zehar. Mundu osoko plazetan, jendarte ezberdinen aldarriak, sarri oinarrizko eskubideen aldeko aldarriak, oso presente egon dira beti.

Gero eta gehiago dira euskal presoek pairatzen duten espetxe politikari amaiera eman eta kartzela politika konponbide gako batzuetara igarotzea eskatzen duten ahotsak. Horrela nabarmentzen du gaurko egunak jaso duen babes zabalak: ikasle, irakasle, sindikatu etab. Beraz, indarrak biltzen jarraitzen dugu, eta aurrera goaz.

Gaur gaurkoz gobernuak ez daude bakea eraikitzeko aukera berrien mailan, ez baitituzte giza eskubideen urraketak alboratzen. Eskubideei baldintzak jartzea edota politika zaharkituetan mantentzea ez dira errezeta egokiak aukera berriak era egoki eta baikorrean bideratzeko. Beraz, euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Gaurkoan, espainiar estatuko kartzela ezberdinetan sakabanatuta dauden hiru ikaskideak ekarri nahi ditugu gogora. Ikastea bezain oinarrizkoa den eskubidea ukatzeaz gain, Aiala, Iker eta Xalba, haien senideengandik ehunka kilometrotara daude: Aiala Zaldibar Estremeran 500kmra, Iker Araguas Burgoseko espetxean 124 kmra eta Xalba Ramirez Soto del Realgo espetxean bere senideengandik 383 kmra dispertsatua.

Sakabanaketak, presoen eskubideak ez ezik, euren ingurune afektibo eta sozial osoaren eskubideak urratzen ditu. Urtero, Aiala, Iker eta Xalbaren senideen antzera milaka eta milaka euskal herritarrek arrisku nabarmena pairatu behar izaten dute sakabanaketa dela-eta. Legearen bidez eta borondate politikoa medio berehala aldatu litekeen salbuespeneko neurria da sakabanaketa.

Eskubide urraketarik gabeko eszenatokia nahi dugu, Giza Eskubide guztiak errespetatuak izango diren agertokia. Espetxe politika konponbide gakoetara igarotzea ezinbestekoa deritzogu.

Dudarik gabe, presoen giza eskubideen errespetuak konponbidean aurrera pausua ekarriko du, eta horixe eskatu nahi diegu gobernuei, pausuak eman ditzaten.

Bide horretan, gaur Triangeluan egin dugun gisara, kaleak betetzen jarraitu beharko dugu. Euskal jendartearen ekarpena, inplikazioa -bakoitza bere ahalmenaren arabera-, konpromisoa eta elkarlana ezinbestekoak izango dira aro berriari leihoak zabaldu eta aulki hutsik gabeko Euskal Herria ezagutzeko.

Eskerrik asko guztioi!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa