Bihar, ekainak 1, NAIZ hedabide berria ernaiko da. Komunikazioaren alorrean azken urte hauetan izandako aldaketa azkarrak kontatzen dira “Pertsonen neurria” deituriko bideoan. Prentsa tradizionalari eragin dioten aldaketak eta formatu digitaletara egokitzeko premia areagotu dutenak.

Aldaketa horien ondorioz sortu da beste ikuspuntu bat izango duen komunikabide honen proiektua, non gizabanakoak ez diren irakurle hutsak izango.

Zer da NAIZ?

NAIZ izatetik dator.

NAIZ gu garenaren zati bat da: herri ekintzailea, indarrez beteta, etorkizunera begira diharduena iragana ahaztu gabe. Egingo dugun kazetaritzak ere ezaugarri horiek ditu. Sortzen ari garen komunikabide berriak izateko modu ugari bil ditzake. Ez guztiak, jakina; ez baitira gurera bilduko gainerakoei izan nahi dutena izaten ez uzteaz bizi direnak. Euskal Herrian abiaraztea lortu dugun garai berri honetan gauzak desberdinak izan daitezke, baina hori pertsonen araberakoa izango da. Era berean, mundu hobea ere lor daiteke, baina mundu hori ez da bere kabuz, bakarrik, etorriko.

Hemendik aurrera bizi beharko duguna pertsona horien nahien, grinen eta beldurren emaitza izango da, baita pertsona horiek beste batzuekin elkartzeko eta orain arte gure herrialdea izan dena ez den beste zerbait (bere gauza onekin eta txarrekin) eraikitzeko duten gaitasunaren emaitza ere. Komunikabideen eremuan ere bai.

Ildo horretatik, gauza on horiek indartzeko erabili nahi dugu teknologia. Gauza on horien artean, munduan eta XXI. mendean kokatutako Euskal Herriko lurraldeak eta herritarrak erreferentziatzat hartuko zituen komunikazio talde bat sortzeko duela hamarkada bat baino gehiago inbertitu zuen komunitatea dago. Nazio desberdin bat egiteko profesionalak diren eta, aldi berean, ezarritako boterearen mendekoak ez diren komunikabideak behar direla uste duten pertsonez osatutako komunitatea. Teknologia berriek komunitate hori egituratzen lagundu behar dute gero eta handiagoa, indartsuagoa eta zabalagoa izan dadin.

Komunikabide integral gisa, NAIZ ez da informazioa soilik. Eztabaida, agenda, azterketa, parte-hartzea eta abar ere bada. Hori guztia batzuek «kazetaritza berria» deitzen dutenaren ikuspegitik. Egia esan, kazetaritza berri hori betiko kazetaritzaren hoberena baino ez dela.

NAIZek herri hau behetik gora –leihoak irekiz, hesiak hautsiz, gauza berriak ikasiz, gure mugez harago begiratuz– eraiki behar dela uste duen edonorentzat leiho bat izan nahi du

NAIZ izatetik dator. Zure baitan dago izango dena.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa