Euskal Herriko Bilgune Feminista

HERRITARTASUNAREN HEZKUNTZA:

ADOKTRINEMENDUA ESKUINETIK

Planteatzen diren eduki aldaketen artean daude: homosexualitatea, homofobia, xenofobia, generoa, abertzaletasuna…bezelako edukiak ez azaltzea, ez lantzea, eta honen ordez, konstituzioaren mugak ezagutzea, fanatismoa eta terrorismoa bezalako edukiak lantzea.

Ideologizazioaren aitzakiapean egin dute proposamen berri hau, ustez, ideologizazioa ekiditeko, baina ideologizazioari ideologiarekin erantzunez. Gure ustez, ezin baitute ideologizazioaz hitz egin, haiek berdin egingo dutenean. Ez al da ba ideologizazioa konstituzio batek ezartzen dituen mugetan bakarrik heztea? Edo jendartean gertatzen diren zapalkuntza edo errealitateak ezkutatzea?

Gainera, beldurra dutela azpimarratuko genuke. Izan diren eta abian diren aldaketa sozial, kulturalei beldurra. Ezin dituzte jendartean ematen diren aldarrikapen eta errealitateak ukatu, ezin dute ekidin lesbiana gisa jardutea, edo gay edo trans gisa; familia eredu anitzak existitzea, feminismoaren gorakada edo dauden herri mugimenduak.

Honez gain, bizi garen antolakuntza eredu ekonomiko eta sozial honetan, gure jendartean gero eta sumindu eta oldartu gehiago gaude, inoiz baino krisi/ezadostasun/haserre handiagoa dagoenaren seinale da eta nola ez, aldaketa beharra gero eta urgenteagoa denaren seinale ere; eta PPk, guzti hori ezkutatu nahi du.

Ideologizatzeaz gain gezurretan ari direla ere uste dugu. Egia ez esatea gezurra esatea ere bada eta. Bertan agertzen diren elementu askoren inguruan gezurretan ari dira, abertzaletasuna, homosexualitatea edo ekintza sozialen inguruan…

Ez gaitu sobera harritzen eskuinak beti aldarrikatu izan dituen baloreak direlako; konstituzioa, berdintasun formala, klase identitatearen deuseztea, familia nuklearra… baina ez deritzogu onargarri egun existitzen diren zapalkuntza guztiak horrela tratatzeari; bereizkeria egoera larriez ari gara, pobreziaz, indarkeria sexistaz…

Herri honen etorkizuna garen herritarron oraina eta geroa dago jokoan. Hezkuntzak, pertsona aske/kritiko/burujabe eta osoak-integralak sortu behar ditu eta hauek, jendarte antolakuntza justuagoaren eraikuntzan aktibatu; sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz. Baina, kontziente gara agintariei ez zaiela hau interesatzen; ez zaie elkartasunean, parekidetasunean eta askatasunean oinarritutako jendarte eredua  interesatzen. Horregatik, direnak eta ez direnak egin dituzte eta egingo dituzte hezkuntzan (murrizketak, edukietan atzera pausuak) herritar obediente, panpin, ez-jakin, ekoizle burugabe eta kontsumitzaile sutsuak… sortzearen helburuarekin.

Baina kontziente gara ere, gaitegian aldaketa hauek emateak, orain arte bezala hezitzaileen esku utziko duela benetan zer nolako baloreak jasoko dituzten ikasleek, eta berriro ere pertsonen borondatearen esku geldituko da hein batean  balore justu, erreal, demokratikoagoetan eta hezkidetzaileetan heztea.

Hortaz, lanean jarraituko dugu, ezkerretik, alternatiben bidetik, feminismotik betiere, jendarte eredu berri baten aldeko aliatuen arteko sarea osatuz, bestelako eredu justu eta parekidea lortzeko lanean.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa