Biharko, hilak 9, Oarsoaldeko ikasle eta abertzaleek Ikasle Egun mundiala antolatu dute. Azken urteetan egin bezala, euren ikasturteko lan guztia jai batekin bukatu eta horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute.

Jolasak, kalejira, poteoa… eta kontzertuak izango dira “Egurra Ta Kitto”, “Besteik-p” eta “Ingo al deu?” taldeen esku.

Eguna 10:30ean hasiko da aldarrikapen jolasekin, Oiartzungo plazan.
Ir a descargar
Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleak-en oharra:

Denbora da Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleok Ikasle Eguna antolatzeko deia egin genuela. Gogotsu ekin genion erronkari eta gogotsu gabiltza datorren ekainaren 9an Oiartzuni su emateko ere. Baina honako egun hau ez dugu festa bakarrik izatea nahi, urrunago iritsi nahi dugu guk.

Etorkizuna beltzez margotu nahi digute ikasleoi, azken aldian bolo-boloan dabiltzan murrizketen harira, eskubide izan beharko liratekeenak ezabatu nahi dizkigute, baina batez ere guretzat oinarrizkoa den eskubidea; hezkuntza bera. Tamalez, murrizketen kontu hau beste bat gehiago da, haien politika zapaltzaile baten beste ondorio bat, besterik ez. Izan ere, ez ditugu trilinguismoa ahaztu, ez eta “educación para la paz” ikasgaia ere. Baina tira, ez dugu hemen luzatu nahi, izan ere zerrenda ez da laburra.

Guk argi utzi nahi dugu, Oarsoaldean ere, sei ikastetxeetan jo ta ke egin diegula aurre inposatu nahi dizkiguten, dekretu, lege edota dena delakoari. Jai egun arrotzetan jende ugari bildu dugu herri eskoletan, martxoaren 22an ere aurre egin genien murrizketei kontzentrazio jendetsuak eginez, egutegi propioaren aldeko dinamika egonkor bat lortu dugu Oiartzunen… eta berriz ere luzatu daitekeen zerrenda bat datorkigu. Baina lan honen ostean herrira zabaltzeko modu hoberik al dago Ikasle Eguna bera baino?

Ba halaxe ikusten dugu guk, egun honetan festaz apainduko dugu egin dugun eta egiteko dugun lana. Badakigu gauzak hobetu daitezkeela, lan gehiago egin daitekeela, beraz sei ikastetxeak kalera irtengo gara ekainaren 9an eta herriarekin konpartituko ditugu gure borroka eta kezkak. Inposatu nahi diguten oraina iraultzera goaz, eta denon artean, elkarlanean, geroa eraikitzera! Beraz animatu! Eraiki gurekin etorkizuna! Festa giroa ere baliatu dezagun geurea dena defendatzeko!

Honakoa da egun paregabe honen egitaraua:

• 10:30 Aldarrikapen Jolasak Herriko plazan

• 12:30 Kalejira Zaratatsua

• 13:00 Ekitaldia Landetxen

• 14:00 Bertso-Hop Bazkaria Landetxen Zkh, Beñat Gaztelumendi eta Jon Martinen eskutik.

• 18:00 Poteo musikatua!

• 22:00 Kontzertuak Landetxen:

Egurra Ta Kitto

Besteik-p

Ingo al deu?

Sarrerak Makutxon, Amaxkarren eta Landaren salgai.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu eskualdeko lau udalei, haien laguntza berebizikoa izan baita egun hau martxan jartzeko, eta bestalde, animoak bidali nahi dizkiegu Nafarroako gure kideei! Eutsi gogor!

Baina zuek ez ahaztu, ekainaren 9an Oiartzunen Ikasle Egun Txikia! Jaia, aldarrikapena!

IRAULI ORAINA, ERAIKI GEROA!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa