Iragan larunbatean, hilak 9an, Oarsoaldeko ikasle eta abertzaleek Ikasle Eguna burutu zuten Oiartzunen. Goizeko 10:30etatik aurrera, festa eta aldarrikapena bateratu zituzten eskualdeko ikasleek.

Elkar ezagutu eta guztien artean aurrera begira asmoak landuz, oraina irauliz etorkizuna eraiki daitekeela ondorioztatu zuten.

Argazki galeria: klik hemen

Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleak-en balorazioa:

Lehenik eta behin, MILA ESKER Oarsoaldeko Ikasle Egunean parte hartu zenuten guztiei! Borobila izan zen gure eguna, borobila eta etorkizunari begira lanean jartzeko indar nahikoa eman ziguna. Goizeko 10:30tan jolasekin hasi ginen jendea biltzen, lotsa guztiak gaindituz irriak nagusitu ziren Oiartzungo herriko plazan. Euskal mitologiako pertsonai bilakatu ziren eskualdeko ikasleak eta horren harira fantasia modukoa bilakatu zen eguna bera ere, magikoa.

Kalejira biziaz animatuko genuen ondoren herri guztia, lokaletako txokotatik atera genituen gazteak eta Landetxera bideratu genituen, hantxe zeuden ekitaldia hasteko prest beste hainbat ikasle. Ekitaldian, urte osoan zehar ikastetxeetan burututako borrokak gogoratu genituen, argi utzi genuen ez dela urte geldoa izan, mugitu garela eta oraindik mugitzeko arrazoi asko daudela. Murrizketekin agintariek ezarri nahi diguten itzala argituko duen ortzadar koloretsua garela oihukatu genuen lau haizetara; ez gaituzte kikilduko!

Bazkaria hasi zen ondoren, bertan Beñat Gaztelumendi, Jon Martin eta Ekaitz Zkh-rekin bertso-hop zoragarria eduki genuen. 160 pertsonen aurpegietan irriak azaleratu zituzten hirurek, baita lotsagorritutako masailak ere. Itzulia eman zieten mahai guztiei eta alaitasun algarak Aiako Harrietan ere entzun zitekeen.

Bertso Hop-a amaitu eta poteo musikatua hasi genuen herritik zehar. Ikasle, gazte eta heldu bildu genituen orduan. 160 asko al ziren bazkarirako? Ba jende gehiago gehitu genuen gure bidera, zuzen eta alai ekin genuen bidera.

Hamarretan eman genien hasiera kontzertuei, Besteik-Pe hasi zen eskualdeko gazteen gerria mugitzeko musika jotzen. Egurra ta Kittok jarraitu zuen eta denek egin genuen salto, denek egin genuen irri. Amaitzeko Ingo al deu? igo zen oholtzara eta noski egin genuela! Noski dantzatu genuela! Arrimatuta, urrunduta… denetik ikusteko aukera eduki genuen gau hartan.

Handik aurrera bakoitzak bere bidea egin zuela esan genezake. Oiartzungo gaztetxea zabaldu zen asanbladaren lanaren eskutik eta bertan jarraitu zuen parrandak. Guk, antolatzaileok harrotasuna sentitu genuen une hartan. Amaitu zen, baina hasiera paregabea izan zen modu berean. Esan bezala, egun borobila izan zen larunbatekoa, jai alaia, iraultzailea eta euskalduna egin genuen Oiartzungo kaleetan eta etorkizunari begira indarra emango zigun jaia egin genuen jendearen bihotzetan. Irailean hasiko da ikasturte berria, ez dago hain gertu, baina larunbatak denoi emandako indarrak ikasturte paregabea burutzera eramango gaitu, ziur gaude!

Beraz mila esker berriro ere gurekin batera oraina iraultzeagatik eta geroa eraikitzeko urratsak emateagatik! Laister ikusiko dugu elkar!

GORA IKASLEON BORROKA!

IRAULI ORAINA, ERAIKI GEROA!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa