@berria egunkaritik jasotako artikulua:

Larrepetit – Leire Bilbao

SELEKTIBITATEA

Ukondoak mahai gainean eta burua liburu eta apunte artean sartuta dauka Liernik. Kolore ezberdinetako arkatzak esku banatan hartu eta orriak margotzen dabilela dirudi. Garrantzitsuena gorri, garrantzitsu izan daitekeena urdin. Orriak pasa ahala lepoa laxatzen du noizbehinka. Eta erloju orratzei begiratzen die une oro. Horrelaxe dabil azken egunotan. Etxetik liburutegira eta liburutegitik etxera, bizkarrean urte osoko irakasgaien pisua hartuta.

Nola-hala gainditu ditu ebaluaketako azterketak, globalak, errekuperaketak… eta ekainaren 7an hasi eta 9a arte, berriz, selektibitatea dauka. Datorren urtean izan daiteke selektibitaterik ez izatea, baina aurten, Lierni eta bere ikaskideak ez dira libratu. Irailetik aurrera ze unibertsitatetan zer ikasi erabaki behar dute, eta bere lagun taldean bostetik batek baino ez dauka argi.

Urte osoan ikasi eta ikasi ez dituenak hiru egunetan azaldu behar omen ditu Liernik. Ikasturte hasieran buruz eta arrapaladan ikasitakoak erabat ahaztuta dauzka ordea. Liburutegitik etxera heldu, zerbait afaldu eta bere logelan gordetzen da txuletak prestatzeko.

«Nondik zabiltza, neska? Eguraldi eder honekin eta orri zuri bat dirudizu», agurtu du aitak etxera sartzerakoan. «Selektibitatea, aita, selektibitatea». «Eta erabaki al duzu zer karrera ikasi?». «Notek uzten didatena». «Oraindik ez al duzu pentsatu, neska?». «Ez, aita, zenbat aldiz esan behar dizut ez didatela pentsatzen irakatsi memorizatzen baino».

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa