«Segik bide oparoa egin du, baina egun tresna agortua da»

Haikaren eta haren aurretikako Jarrairen eta Gazteriaken oinordekotzat sortu zuten 2001ean Segi gazte erakundea. Alta, egungo fase politikoan, Euskal Herriaren eta gazteriaren problematikei erantzuteko tresna organizatibo bezala «agortua» dela ebatzi dute, hausnarketa «luze, zabal eta sakonean». Ez dute, haatik, etxean geratzeko asmorik.

Segiren izenean hamaika aldiz hartu izan dute hitza Amaia Elixirik eta Txomin Catalognek. Oraingoan, ordea, gazte-erakundeak bere ateak ixtea erabaki duela iragartzeko izan da.

Erabakiaren nondik norakoak azaltzerakoan, urtebetez erakundearen baitan egindako gogoeta eta eztabaidaren ondorioa izan dela adierazten dute: «Berez, hausnarketa 2009an hasi zen, baina erabakiak azken urtean mamitu dira. Gogoeta oso sakona eta autokritikoa izan da. 2002an zehaztutako estrategia bere mugak jotzen hasia zela, ikuspegi estrategikoa bera galdua genuela eta etengabe erantzun dinamikan sartuak ginela ohartu ginen. Horrek guztiak, nolabait, Segiren eta gazteriaren artean amildegi bat sortu du, eta erakundeak bere helburuak ez dituela betetzen egiaztatu dugu. Agortutako tresna da».

Mugimendu orok bere ibilbidean gorabeherak izaten dituenez eta testuingurua ere aldatzen joaten denez, iraungo badu horietara moldatzea ezinbestekotzat jotzen dute: «Fase berri bakoitzak bere hausnarketa dakar eta gazte antolakundean ere beti eman izan da gogoeta, behar diren egokitzapenak egiteko. Mugimendu guztiak ziklikoak izaten dira. Esate baterako, 2003ko irailean, ‘Amuarrainak begi bi, sei eskailuk hamabi’ prozesu hartan garai hartako testuinguruari egokitutako independentzia eta sozialismoaren aldeko estrategia finkatu genuen, xede horrekin Euskal Herrian gazte-mugimendua eratzea eta bultzatzea helburu zuena. Gazte estrategiaren hausnarketarekin batera, ezker abertzalearen estrategia berria iritsi delarik, guk gazte bezala ere gure erronken, helburuen, problematiken eta egoeren birkokatze edo birdefinitze bat egin behar genuen. Guretzat Segi hestea ez da, inolaz ere, porrot bat. Bere ibilbidea bukatu da behar zuena egin duelako, ongi edo gaizki, akatsekin eta lorpenekin. Beraz, naturaltasunez iritsi den ondorio bat da», dio Catalognek.

Lorpenak…

Balantzea egiterakoan, «errakuntza eta hanka-sartzeak» gorabehera, biek ala biek azpimarratzen dute gazte-erakundeak «bide oparoa» egin duela, nahiz eta askotan egindako lana azaleratu ez den. «Uste dugu Segik egin dituen ekarpenen artean gazteriari bestelako balio batzuk helaraztea izan dela nagusietako bat, batez ere kolektibotasunean egiten den elkarlanak ematen dituenak: elkartasuna, auzolana, elkarrenganako errespetua, balio justuetan oinarritutako bizi-eredua… Horrez gain, militanteoi formakuntza politikoa izatea ahalbidetu digu. Beharrik, ze horrelako egiturarik gabe ez genuen ukanen», nabarmendu du Elixirik.

Egiturari lotuta, nazio-erakundetzeari begirako apustua azpimarratzen dute. «Egia da Haikak hasi zuela bide hori, baina iraupen murritza izan zuenez, Segik erakutsi digu nazio mailan jarduten. Frantses edota espainol bihurrarazteko mendeetan bi estatuek garatutako asimilazio saiakerari aurre egin diogu. Euskal Herrian, eta jakina, gazteriaren baitan ere, hamaika errealitate daude eta horietara egokitzen erakutsi digu. Nazio-erakundetzeari esker Euskal Herria bezala pentsatzen, eragiten, eta gazteen arazoei erantzuteko alternatibak eraikitzen ikasi dugu. Finean, erakunde bakarra izateak ez du, berez, nazio estrategia bermatzen, hau da, izenak ez du izana egiten. Soilik elkarren ezagutzan, elkarlanean oinarritutako lan-filosofia horrek ahalbidetzen du benetako jardun nazionala. Eta hamar urteren buruan, estrategia hori egokia zela esan dezakegu», gaineratu du bozeramaileak.

Horrez gain, independentzia eta sozialismoaren proiektua sendotzeko eta bere inguruan indarrak biltzeko ahaleginean gazte-erakundeak egindako lanak zerikusi handia izan duela irizten diote. Burutu dituzten gazte-topaguneak edota gazte-martxak aipatzen dituzte horren lekuko. Bestalde, «Euskal Herrian gazte-mugimendu indartsua» izateko egindakoaren berebiziko garrantzia gogorarazten dute baita ere.

… eta okerrak ere bai

Gogoetatik ondorioztatu duten akats eta hutsuneak ez dituzte saihesten. «Argi da zenbait alorretan huts egin dugula», aitortzen dute: «Azken hamarkadan jendartea, ohiturak eta gazteria bera asko aldatu dira. Alta, ez dugu asmatu, batik bat azken urteetan, lan egiteko erak eta funtzionamendua egokitzen eta horrek amildegi sakona sortu du gazteriaren eta Segiren artean».

Errepresioa kontuan hartu behar den faktorea dela diote: «Bistakoa da gure jardunean eragina izan duela. Izan ere, bi estatuen errepresio bortitzak erantzun dinamikara mugatzera eraman gaitu eta horixe izan da akatsik nabarmenena. Ikuspegi estrategikotik desbideratu eta epe laburreko dinamikara eraman gaitu. Autokritika hori ezin dugu saihestu. Jakina, urte hauetan guztietan zein fasetan bizi izan garen eta Euskal Herrian zer giro politikoa bizi izan dugun ere ezin da ahaztu. Segi ilegal bilakatu zuten, erakunde terroristatzat jo zuten Hego Euskal Herrian eta sarekada izugarriak pairatu genituen. Ipar Euskal Herrian ere eraso handiak jasan ditugu eta gure lana oztopatua izan da. Gazteen aurkako eta Segiren militantziaren aurkako kolpe gogor horiei erantzun beharra zegoen eta horrek gure proiektu politikoaren inguruko praktika urritu egin du. Zaila egin zaigu bi lan-ildoak uztartzea».

Jakitun dira eragile izatera baino kaleko erantzunera zuzendutako dinamika horregatik kritikatuak izan direla, baina errepresioari leporatzen diote hutsune hori. «Ezin dugu ahantzi errepresioa Estatuak mugimendu bat desegiteko edo likidatzeko duen azken tresna da, hau da, errepresio-ekintzak nolabait posizio ahul batetik egindakoak direla. Estatuentzat mehatxu izan garen heinean, Segik bere egitekoa nola edo hala ondo egin duela ere adierazten du horrek», dio Catalognek.

Errepresioaren atala aipatuta, gazte erakunde abertzalean ehunka militantek erakutsitako «engaiamendua eta emankortasuna» goraipatzen ditu Elixirik: «Eguneroko lanez gain, ilegalizazioaren atzetik ehunka militantek izandako errepresioa eta sarekadak ikusita, gazteek erakutsitako engaiamendua goraipatzekoa da. Kolpeak kolpe, halere, estatuek ez dute inoiz lortu mugimendua gelditzea. Beti etorri dira belaunaldi berriak aurrera jarraitzeko».

Egun espetxean eta erbestean dauden kideekin eztabaida partekatzen saiatu direla gaineratu dute. «Hain zuzen, gaur preso edo auzipetuak dauden hainbat kidek abiatu zuten gogoeta hau. Eztabaida oso zabala eta sakona izan da, militante guztiei irekia eta erroetaraino heldu gara. Ahal izan den neurrian, espetxean daudenekin ere konpartitu izan da eta ekarpenak jaso ditugu». Esker oneko hitzak dituzte horiekiko, «testuinguru honetara iritsi bagara, espetxean edo erbestean dauden gazteen borrokak egindako ekarpenagatik ere izan baita».

Geroa aitzinean

Segiren ibilbidea amaitzen bada ere, Euskal Herriaren eta gazteriaren problematikak hor jarraitzen dutela argi dute: «Testuinguruak, gazteak eta militantzia bera aldatu diren arren, bistakoa da arazo horiek hor dirautela. Gainera, momentu honetan bizi dugun zibilizazio-krisian gazteok kalera irteteko eta alternatibak eraikitzeko are eta arrazoi gehiago dauzkagu, krisia lehen lerroan bizi dugulako eta afektatu nagusiak garelako. Munduan ere gazteria aitzindari izaten ari da eremu askotan: mundu arabiarrean, M-15 mugimenduan, Hego Amerikan (Txile, Argentina..) gazteria lehen lerroan dabil. Gazteriaren puntu errebeldeak hor jarraitzen du, gogoa badago, bakarrik aitzina tiratzea falta dela. Euskal Herrian gainera, hogeita hamaika urteotan defenditutako proiektu politikoa -independentzia eta sozialismoa- zaharkitua, alferrikakoa, zentzugabea dela saldu izan nahi digute. Baina argi da inoiz baino zentzu eta aukera gehiago dituela».

Mugimendu espontaneoek islatzen duten egonezina eta eragiten duten euforia onartzen dute. Haatik, antolatzeak ematen dituen «kemena eta emaitzak» berresten dituzte: «Ukaezina da antolatzeak fruituak ematen dituela. Etxean geratuta ez da ezer lortzen. Gazteriak borrokatzeko edo egoerak eraldatzeko daukan gaitasuna baliatu behar da. Egoerak kalera bultzatzen gaitu eta hemen zerbait aldatuko bada, antolatzen jarraitu behar da, eremu guztietan, gazte mailan, nazio askapenean … Espontaneotasunaren momentuko euforia, garaipen txiki horiek lagungarri dira motibazioa handitzeko eta lanerako gogoa emateko, baina estrategia osoa ez badaukazu, argi dago etsaiak irentsiko zaituela. Alde horretatik, ezker abertzaleko militante gisa lanean jarraitzeko konpromiso irmoa dugu, jada existitzen diren tresnetan edo sor daitezkeen berrietan ere bai».

Segiren historiako azken ekitaldi nazionala iragarri aurretik (Itsasun izanen da heldu den ekainaren 24an, 17.00etan), Elixirik eta Catalognek baikortasun puntuarekin bukatu nahi dute: «Historian zehar, gazteok egoera berrietara moldatzen jakin izan dugu eta oraingoan ere asmatuko dugu. Fase berri honetan ere anitz egiteko eta eraikitzeko bada. Segi tresna gisa bukatu da, baina ez goaz etxera».

naiz: -en informazioa

BERRIAko elkarrizketa

SEGI Gazte Antolakundearen prentsa oharra:

Bagoaz. Bagoaz aurrera, gelditu gabe aurrera. 33 urtetako ibilbide hau horixe bera izan da, aurrerako bide etengabea. Une, belaunaldi eta antolakunde jakin bakoitzeko gazteon ekarpenek eta pausuek elikatu dute bide luze hori. Garai eta herri jakin bakoitzeko gazte guztion lanak ekarri du sormenez, maitasunez eta konpromisoz betetako gazteri hau. Jarrai, Gazteriak, Haika eta Segik, eta horien inguruan aritutako milaka gazteok emandako pausu oro izan da baliagarri, borrokaren lekukoa eskuz aldatzea bermatu dugulako, independentzia eta sozialismoaren aldeko konpromisoa gaur arte ekarriz.

Orain, atzera begiratzean, txosten amaiezinak datozkigu burura, edo mundua konpontzeko esperantzaz gaueko ordu txikietara arte luzatutako eztabaidak, edo inprimatzeko dirurik ez eta A3an eskuz egindako kartelak. Burura datozkigu ere lehenengo ordenagailuak, lehenbiziko atxiloketak, edo barra atzeko txanda luzeak. Gogora datozkigu optimistenak ere motz gelditzeko moduko Topagune jendetsuak, mendian gora eta beherako martxa izerditsuak eta poliziarengandik ihesi korrikaldi neketsuak. Eta burura datozkigu ere bidean eginiko lagunak, partekatutako ilusioak edota lorpen txiki zein handi bakoitzarekin elkarri emandako besarkadak.

Borrokarekiko maitasuna, eta maitasunez egindako borroka da gurea. Eskuratutako lorpen politiko guztiak ez dira nahikoak borrokak gutako bakoitzean utzitako sentsazioak deskribatzeko. Beldurrek, ilusioek, irribarreek, nekeek, gogoak eta harremanek bestelako dimentsioa eman baitiote berez konpromiso politiko hutsa zenari. Era batean ala bestean borroka horretan parte hartu dugunok badakigu zertaz ari garen. Horregatik, atzera begiratzean, harrotasunez betetzen gaitu borroka eder honen parte izateak.

Bide luze horretan pausu berri bat ematera gatoz gaurkoan. Mugimendu guztiek aro ezberdinak bizi dituzte, hasi eta bukatu egiten direnak. Gaur aro baten bukaera iragartzera gatoz. Azken urteetako eztabaidek Segi tresna gisa agortuta dagoela ondorioztatzera eraman gaituzte. Segi eta euskal gazteriaren arteko amildegia handitu ahala, geroz eta gehiago urrundu da antolakundea bere jardunetik: gazte problematikari erantzun eta Gazte Herria eraikitzeko helburutik. Amildegi horren zabaltzeak gazte estrategia bera muga batzuetara iristea ekarri du. Muga horietara iristea faktore ugarik eragin dute: gazterian azken hamarkadan eman diren aldaketak, ilegalizazioa, nazio eraikuntzaren estrategia garatzeko zailtasunak,…

Errepresioak, bestalde, lan politiko publikoa egiteko moduan baldintzatu gaitu, hein batean klandestinitatera bultzatuz. Horrek era berean, aurpegiaren beste aldea erakusten digu, estatuan jo puntuan egoteak Segi-k erakutsi duen konpromisoa baieztatzen baitu, mugimendua gelditzea behin ere lortu gabe.

Denbora tarte horretan, Euskal Herriko abagune politikoa erabat aldatu da. Ezker Abertzaleak ekarpen handia egin du nazio askapen borrokan Zutik Euskal Herria adierazpenarekin, eszenatoki politikoa aztoratuz eta ziklo berri bati hasiera emanez. Estrategia aldaketak independentzia eta sozialismotik gertuago kokatzen gaituzten ate berriak irekitzera eraman gaitu. Horrez gain, ETAk bere jardun armatua behin betiko amaitzeko hartutako erabakiak itzulezina egin du Euskal Herrian irekitako Prozesu Demokratikoa.

Faktore guzti horien ondorioz eta egungo testuinguruan, Segik tresna bezala eraginkortasuna galdu duela baieztatu eta aro baten bukaera iragartzen dugu. Gazte tresna hau agortua izateak ordea, inolaz ere ez du esan nahi gazte borroka hemen bukatzen denik. Euskal Herrian bizi dugun eraikuntza garai hauetan inoiz baino handiagoa da gazteon erantzukizun politikoa. Bizi eredu kapitalista eta patriarkala krisian murgilduta dago eta gazte problematikari aurre egingo badiogu inoiz baino beharrezkoagoa du gazte belaunaldi indartsu eta konprometitua. Gazteok gara herri honen geroa, gure eskuetan dago etorkizun duin bat eraikitzea eta borroka hori gaurdanik abiatzen da; geroa izateaz gain, oraina ere bagarelako. Gazteria beti izan da iraultzailea, aldaketa prozesu guztien ezinbesteko hauspoa, eta aurrerantzean ere hala izango da.

Zorionak askatasunaren itsasoko ur tanta izan zareten guztioi. Aurrera bolie!

Jo ta ke, irabazi arte!

Gora Euskal Herria aske eta sozialista!

Gora Segi!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa