Ordutegi aldaketak eta barne-antolakuntza “txarra” salatu dituzte. Ikasle talde batek unibertsitatean bertan igaro du gaua protesta gisa eta bihar bilduko dira errektoreordearekin. Nafarroako parlamentuak “zilegi” ulertzen ditu unibertsitateko ikasle eta langileen protestak; baina Foruzaingoaren “neurriz kanpoko jarrera” salatzea baztertu du. (Berria bidez)

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasleak greba mugagabean daude iragan ostegunetik. Ordutegi aldaketak eta unibertsitatearen barne antolakuntza “txarra” salatu dituzte. Hain zuzen ere, magisteritzako ikasleek azken orduko ordutegi aldaketa pairatu dute. Izena eman ondoren eta klaseak hasi baino lau egun lehenago, unibertsitateak jakinarazi zien goizean ez dutela eskolarik izango, arratsaldez joan beharko dutela guztiek. Ikasleek salatu dute horrek jada planifikatutako unibertsitatetik kanpoko formakuntza jasotzea galarazten duela, eta gainera, ikasle askok ikasketak utzi beharko dituztela, ordutegi aldaketaren ondorioz ezin dutelako jarraitu jada ikasketak ordaintzeko hartuta zuten lanarekin. 

“Ikasleoi planifikatzeko eskatzen digute beti, eta gero halako aldaketa bortitz eta justifikatu gabeak jasaten ditugu”, kexatu da ikasleen ordezkari bat. “Magisteritzako fakultatea beti antolatu da gaizki eta urteak daramatzagu arazoekin, baina oraingoan bigarren kurtsoko ikasleak eta euskarazkoak asko mobilizatu dira”. 

Unibertsitateak bi arrazoi eman ditu eskolak arratsaldeetara mugatzeko: leku arazoak daudela NUPen eta ez dagoela goizez eskolak emateko adina irakasle. Salatu dute legez kanpokoa dela izena eman eta gero ordutegia aldatu izana.

Bihar errektoreordearekin bilduko dira ikasleak, konponbide batera iristeko helburuarekin. Egunero asanblada informatiboak antolatzen dituzte eta ikasle talde batek unibertsitatean bertan igaro du gaua protesta gisa. 

Ikasleen esanetan gainera ikasgai askoren ordutegiek bat egiten dute eta jada ordaindutako bi ikasgairen artean aukeratzera behartzen dute ikaslea. Hala, “bidezko” ordutegiak eskatu dituzte; eta goizez edo arratsaldez ordutegi jarraia izateko aukera ematea galdegin dute. “Ez gara talde radikal bat, ikasleak gara, unibertsitatearen kudeaketa eskasa jasaten dugunak, eta norbaitek entzutea nahi dugu”, azaldu dute ikasleek. NUPren kudeaketa aldatzea eskatu dute, “ez gaitezen izan beti ikasle eta langileak euren antolatzeko gaitasun ezaren ondorioak pairatzen ditugunak”. Errektoretzari murrizketen gainean gogoeta egitea ere eskatuko diote, baita barkamen ofiziala ematea eta arazoak berriro errepikatuko ez direneko konpromisoa agertzea. 

Nafarroako parlamentuak “zilegi” ulertzen ditu protestak

Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu du ikasle eta langileek murrizketa eta tasen igoeren aurka egindako protesten “zilegitasuna” aitortzen duen adierazpena. Bilduk bultzatutako testuan ikasle eta langileek “erabateko adierazpen askatasunez manifestatzeko duten eskubidea” bermatzeko beharra jasotzen da. 

Adierazpenak aurrera egin du baina atzean geratu dira bertan jasotzen ziren beste hiru puntu: batetik, Parlamenduak NUPko ikasleei babesa eta elkartasuna adieraztea, “iragan ostiralean protesta egiteko eskubidearen urraketa jasan zutelako eta Foruzaingoak bortizki zapaldu zituelako”; bestetik, agintariei gertatutakoaren ardurak bere gain hartzeko eta azalpenak emateko eskatzen zitzaizkien, Foruzaingoa unibertsitatera nork deitu zuen eta ikasleen kontra egitea zergatik agindu zitzaien argitzeko. Azkenik, Foruzaingoaren “neurriz kanpoko” eskuhartzea salatzea eskatzen zitzaion Parlamentuari. 

Hiru puntu horien aurka bozkatu dute UPNk eta PPk. Aldeko botoa eman dute NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak. PSNk abstenitu egin da. Juan Jose Lizarbe bozeramaile sozialistak adierazi du protestak “logikoak eta arruntak direla, baina poliziaren ekintzaren baloraziorik ez dutela egin nahi; “batzuk barruan geunden eta ez genuen askorik ikusi” azaldu du.  

Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak, aldiz, Foruzaingoaren jarrera “neurriz kanpokoa eta onartezina” izan zela adierazi du. Jose Miguel Nuin Ezkerrako kideak Javier Morras Presidentetza kontseilariaren agerraldia eskatu du, Foruzaingoak unibertsitatean egindako kargaren inguruan azalpenak emateko.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa