«Hitza hartzera» deituta daude ikasleak ostegunean. Espainiako Hezkuntza ministro Juan Ignacio Wertek planteatutako erreformaren aurkako greba egingo dute, Hego Euskal Herrian ez ezik, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian ere bai. Mobilizazioa antolatu duten hamar deitzaileen artean dago IA Ikasle Abertzaleak. «Ikasle masa kritiko bat» badela uste du Ikoitz Arresek, eta subjektu bihurtu behar duela: «Erreformari ezetz esango diogu, baina azalduko dugu zeri esango diogun ezetz, eta zergatik. Guri egiten digu kalterik handiena».

Maite Asensio Lozano (Bilbo) BERRIA bidez

Mobilizatzeko eskubidea auzitan dagoen honetan, greba egin ahal izango duzue ostegunean?

Ikasleen greba eskubidea ez dago aitortuta ikasleen eskubide eta beteharrei buruzko dekretuan, baina egingo dugu. Izatez, ikasleon autonomia sustatzeko deitu dugu grebara, baimenik eskatu gabe, beharra ikusten genuelako.

Nazio askotako ikasle mugimenduek antolatu duzue greba, baina Espainiako ikasle mugimendu batzuek ez dute bat egin. Zergatik?

Deitzaileok bi baldintza betetzen ditugu: batetik, Werten erreformaren irakurketa komuna egiten dugu; bestetik, norbere nazioari hezkuntzaren gainean erabakitzeko eskubidea aitortzen diogu. Madrilgo ikasleak ere badaude: Madril Gaztelako hiriburu gisa aitortzen dute haiek. Baina Ikasle Sindikatua bezalako talde estatalistek ez dute antolatu, Euskal Herriari, Herrialde Katalanei edo Gaztelari ez dietelako erabakitzeko eskubiderik onartzen.

Nolako harrera izan du grebarako deiak Hego Euskal Herrian?

Oso ona; azken urteetako onenetakoa. Alde batetik, egoera inoiz baino krudelagoa delako, eta ikasleok ikusi dugulako guk ere subjektu izan behar dugula mobilizazioetan. Eta bestetik, greba honetara hainbeste mugimenduk deitzeak eragin du erantzuna ere zabalagoa izatea, baita IA antolatuta ez dagoen lekuetan ere; Iruñerrian, adibidez, IA hamabi eskolatan dago, eta 21etan egingo dute greba.

Zer dago 11×12 leloaren atzean?

Data bat da, estatuko gainontzeko hizkuntzetan: 2012ko urriaren 11. Hezkuntza herritik herriarentzat da aldarrikapena, eta horren bidez dei egiten dugu gure hezkuntza sistemaren alde borrokatzera urriaren 11n, eta 12an ere bai [Hispanitatearen Egunean].

Zein kexa aterako duzue kalera 11n?

Werten erreformari ezetz esango diogu; Hego Euskal Herrian erreformarik egitekotan hemengo hezkuntza komunitateak erabaki behar du nolako erreforma nahi duen. Kexatzeaz gain, hezkuntza komunitatearen parte hartzea aldarrikatu ere egin nahi dugu.

Murrizketek eta erreformak ikasteko eskubidea bera auzitan jar dezaketela uste duzue?

Bai. Adibidez, unibertsitateko tasen igoerarekin nabaritu da: matrikulazioak ez ezik, aurrematrikulazioak ere jaitsi dira.

IAren aspaldiko salaketa da unibertsitatea elitista bihurtzen ari dela…

Eta Wertek inolako lotsarik gabe berretsi du, esanez unibertsitateak onenentzako gunea izan behar duela. Sistema kapitalista patriarkalaren ikuspegian txertatutako merkatuak ezartzen du zein den onena. Zelan neurtzen da? Lehiakortasunarekin, tasen igoerarekin…

DBH eta Batxilergo amaieran azterketa egiteak ekarriko du selektibitatea kentzea, baina orain unibertsitate bakoitzak ezarriko ditu sarbide irizpideak. Nola ikusten duzue?

Gu ez gaude azterketak egitearen kontra, baina bai legeak inolako eztabaidarik gabe onartzearen aurka. Guk urteetan eskatu dugu tokian tokiko beharretara egokitutako sarrera froga bat, baina badirudi erabateko askatasuna emango dietela unibertsitateei, norbere edukien araberako froga bat egiteko, eta ez Euskal Herriko edukien edo beharren arabera.

Wertek dio ikasle gehiegi dagoela unibertsitatean, eta, horregatik, hainbatek ikasketak aldatzen dit

utela lehen kurtsoa amaitzean. Unibertsitate ikasketek balioa galdu dute? Ala ikasleei heldutasuna falta zaie?

Ez dut uste ikasleak infantilizatuta edo alfertuta daudenik, baina bai sistema honek infantilizatu nahi dituela. Nire irakurketa da unibertsitate porrota dagoela hor: adibidez, Euskal Herriak behar al ditu urtero EHUtik ateratzen diren 300 kazetariak? Gure ustez, unibertsitateek zein Lanbide Heziketak Euskal Herriaren garapena eta biziraupena bermatu beharko lukete, bertako beharrizanei erantzuteko.

Ikasketak eta lana bateratuko dituen LH ere mahai gainean dago.

Full-time ikaslearen figura bultzatu nahi dute. Goizez ikasitako horretan arratsaldez lan egiteko aukera saldu nahi dute, baina, funtsean, etorkizuneko langile prekarioak heztea da asmoa.

Curriculumean ere ahalmen handiagoa izango du Espainiako Gobernuak. Nazionalismoek gora egitea saihestu nahi omen du Wertek.

Eta Espainiako nazionalismoa bultzatu. Baina oker dabil: gure asmoa ez da olatu independentista bat bultzatzea, baizik eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua bultzatzea.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa