UPVko LAB, STEE/EILAS eta ELA sindikatuok biharko deitutako ikasle grebari gure sostengua adierazi nahi diogu

UPV/EHUko LAB, STEE/EILAS eta ELA sindikatuok bihar, urriak 11, deitutako Ikasle grebari gure
sostengua adierazi nahi diogu komunikatu honen bitartez.

Biharko greba deialdia Europear Batasunak bultzatutako eta Mariano Rajoy-ren gobernuak inposaturiko erreformei, eta bereziki, Wert hezkuntza ministroaren murrizketei ikasleen ezezko borobilena azaltzeko baliatu nahi dute Espainiar estatuko nazio ezberdinetako Ikasle mugimenduek. Era berean, neurri horiek guztiak elkarte autonomoetako gobernuen babesarekin gauzatzen ari direla ere salatu eta nazio zapalduen subiranotasuna babesgabe uzten dutela neurriok argi utzi nahi dute.

Erreformak, murrizketak eta eskubide sozial, politiko eta kulturalen gutxitzea salatzea ere bilatzen du ikasleen deialdiak, krisi ekonomikoak aitzakiatzat harturik, gizarte eredu gero eta injustoago eta estatu gero eta uniforme eta zentralistago batetara bideratzeko ahalegin nabarmena agerian jarriz.

Ikasleek, nola ez, unibertsitateen pribatizazio eta elitizazio joera salatzen dute, unibertsitateetan enpresa pribatuek duten gero eta pisu handiagoa eta azken urteetako tasen igoera eta beken sistema gutxitzearen aurka azaltzen direlarik.

UPV/EHUko LAB, ELA eta STEE/EILAS sindikatuok bat egiten dugu deitzaileek gure herriak hezkuntza arloan ere burujabe izateko duen beharraren aldarrikapenarekin, gure hezkuntza sistema gure behar eta erabakien arabera planifikatu eta erabakitzeko. Zentzu honetan, gure kide eta, oro har, unibertsitateko langile orori dei egiten diogu Ikasle mugimenduaren deialdi hau babesteko.

Leioan, 2012ko urriaren 11n

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa