Oarsoaldean ere Gazte1+ez! dinamikaren baitan 2008ko apirilaren 18az geroztik atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izandako Oarsoaldeako gazteekin batu gara. Urtarrilean burututako epaiketan 11 lagun absolbituak izan baziren ere, beste 6 gazte espetxe zigorra jaso zuten. Egun, Epaitegi Gorenaren behin betiko sententziaren zain daude. Epaia “zigortzailea” izan litekeelakoan, eragile sozial, sindikal eta politikoekin babes kanpaina bat abiarazi dute.

Ikasle Abertzaleak antolakundetik, gazte auzipetuei dagokien aitortza politikoa egin eta gure babes osoa adierazi nahi izan diegu. Gure etxeetako ateak zabalik dituzte eta konpromesu horren baitan, eskualdeko ikastetxeetan, ostegunero elkartasun ekimenak egingo ditugu eta baita antolatuko diren mobilizazioetan parte hartuko dugu.

“ATXILOKETARIK EZ! EUSKAL GAZTERIA LIBRE ETA LEGALA!

Urriaren 24ean, Espainiako Auzitegi Gorenak Oreretako 6 gazteen kontrako auzia aztertu zuen, eta horrela, Entzutegi Nazionalak inposatutako 6 urteko zigorra berrestuko zuen ala ez eztabaidatu zuten, honenbestez, zigorra berrestuz gero, atxilotze eta espetxeratze arriskuan daude gure herrikideak.

Oarsoaldeko Ikasle Abertzaleok bat egiten dugu Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduarekin, eta eraso berri honen aurrean garbi ikusten dugu mobilizazioa eta auzipetuei babesa ematea ezinbestekoa dela.

Behin baino gehiagotan errepikatu dugu gazteak garela eta ez terroristak, eta ideia batzuengatik espetxeratzea lotsagarria iruditzen zaigula. Guk Euskal Herri aske batean sinesten dugu, non ideia guztiak errespetatuak izango diren, horrexegatik ezinezkoa zaigu Espainiar eta Frantziar estatuek darabilten espetxeratze politika hau ulertzea. Bakearen bidea egiteko prest agertu gara euskal herritarrok, baina hau al da bakea? Gertuko gazteak dira 6 hauek; herrikoak, lagunak, ezagunak… askorentzat. Tamalez, ez dira bakarrak. Legitimitate eta askatasun osoa eman behar diogu Espainiar Estatuari berdin jarrai dezan? Ideia batzuengatik 6 gazte hauek 6 urtez lau pareten artean itxita egotea onartu behar dugu?

Guk ezetz uste dugu! Eraso honi aurre egin behar diogu! Gu gainera, etorkizuneko Euskal Herri berri horren ametsarekin bizi gara, ikasleak gara eta askatasunean heziak izan nahi dugula oso garbi dugu, euskal gazteriak adierazpen askatasuna bermatua izan behar duela sinesten dugu. Koloretazko Euskal Herri bat nahi dugu, anitza, beraz argi daukagu ideiak espetxeratzea ez dela horretarako bidea. Kasu honetan 6 lagun ditugu arriskuan, gure amets bera partekatzen duten 6 lagun, gure amets beragatik arriskuan dauden 6 lagun. Beraz, argi dugu ezin garela beso gurutzatuekin gelditu, haien lana goraipatzeko garaia da eta eraso berri honi ahalik eta erantzun sendoena ematekoa ere. Horregatik, ikasgeletan, patioetan edota korridoreetan ere entzun dezatela gure oihua! Espainiar eta Frantziar gobernuek jai dute! Oarsoaldeko ikasleriak ezezko tinkoa ematen dio eraso honi, horrexegatik egiten dugu bat Eleak mugimenduak abian jarritako kanpainarekin “GURE ETXEKO ATEA ZABALIK DUTE”, baita sententzia atera eta hurrengo egunean 19:00tan Xenpelar plazan egingo den prentsaurrekoarekin.

Ikasleok ere badugu hitza!

GORA EUSKAL GAZTERIA, LIBRE ETA LEGALA!

 

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa