Euskal Herriko gazte mugimenduaren historia biltzen du «Tximeletak, etengabeko metamorfosia» dokumentalak, azken hiru hamarkadetan zehar izandako borrokak, hausnarketak, jaiak, oztopoak, erasoak edo autokritikak, lehen pertsonan kontatuta.   |   (GARA bidez)

Ane ARRUTI

Ederrak dira tximeletak, baina direna izatera heltzeko bizi behar izan duten prozesua ez da hain erakargarria. Irudi horrixe helduta ekin diote Topatu gazte proiektu komunikatiboan Euskal Herriko gazte mugimenduaren hiru hamarkadako historia dokumental batean biltzeari. «Tximeletak, etengabeko metamorfosia» deitu diote; «tximeletak metamorfosi bat jasaten du eta bere bizi prozesu horretan ematen den aldaketa bakoitza tximeleta sortzearen ondorio gisa kokatzen genuen. Dokumentalean metamorfosiaren itxura berdina eman nahi genuen, ez bilakaera bat erakutsi, baizik eta guretzat garrantzitsuak izan diren borroka edo erabaki horiek islatu, eta, era batera edo bestera, gaur egungo egoera erabaki horien sekuentziaren ondorio gisa aurkeztu», azaldu zuen Aitor Martinezek, proiektuko kideak. Berarekin batera aritu dira buru-belarri Unai Bergara, Ander Perez, Iraitz Salegi, Alaia Martin eta Arkaitz Artola.

Hogei bat elkarrizketatu ageri dira ordu eta erdiko dokumentalean, modu batean edo bestean gazte mugimenduko partaide izan direnak. Muntaketa lan zainduari esker, eurek kontatzen dute historia 1988tik gaur egunerainoko artxiboko irudi mordoarekin tartekatuz -asanbladak, topaguneak, manifestazioak, mendi martxak, kontzertuak…-, betiere dokumentalaren haria gazte erakundetzea izanik. Lehen pertsonan azaltzen dira bakoitzaren bizipenak; zergatik erabaki zuen antolatzea, zer ekarpen egin dion horrek, zer-nolako estrategia eta hausnarketak garatu izan zituzten… «Inongo konplexurik gabe saiatu gara azaltzen. Batzuetan gauzak ongi egin dira, besteetan ez. Hori ere islatu nahi genuen. Gainera, erabaki bakoitzaren atzean pertsonak daude eta horien atzean bizipenak. Txostenak badaude, baina oso leku gutxitan topa daitezke lehenengo pertsonan egindako kontakizunak», zehaztu zuen Martinezek.

Esperientziatik ekarpen bat

Nostalgia handiz egindako lana izan dela aitortzen dute egileek, «kontuan hartuta orain Zukgua prozesua ematen ari dela gazte antolakunde bat sortzeko bidean, uste dugu irakaspen bat izan daitekeela. Nahiz eta borroka berria gure unera egokitu beharko den, esperientzia hori guztia hor dago, ekarpen bat da», esan zuten. «Pentsatzen genuen inongo konplexurik gabe jendeari erakutsi egin behar zitzaiola gazte borrokaren historia nolakoa izan den, egokitzeko gaitasuna egon dela, autokritikarako, eta, bereziki, ausardia egon izan dela».

Tximeletaren metamorfosia nola, dokumentala ere bloketan banatuta dago. Lehena, arrautza, oraindik mugimendurik ez duen egitura; bigarrena, beldarra, jada mugimendu bat baduena baina oraindik ere geldoa, osatzeke dagoena; hirugarrena, krisalida, gazteriak jasandako erasoekin lotu dutena, «hamaika izan dira eta askotan eraso horiek aukera eman dute etxe barnera begiratzeko». Alde ezberdinak ukitu dituzte: 80ko hamarkadan heroinaren sarrerak mugimenduan zer-nolako eragina izan zuen, gaztetxeen desalojoak eta errepresioa zentzu orokorrenean. Azkenik, laugarren blokea mugimenduaren laginketa bat egiteko probestu dute: Euskal Jai, intsumisioaren borroka, Gaztesarea, Duina, musikaren eragina…

Gaur egunean amaitu dute dokumentala, aurrera begirako zantzu batzuk badaude ere. «Gure helburua puntu eta aparte bat egitea zen. Zoritxarrez ez gara hain gazteak proiektuaren atzean gabiltzanak, eta bigarren plano batera pasatzen ari gara. Erabakiak beste jende batek hartu behar ditu eta ez genuen inor baldintzatu nahi. Baina elkarrizketatuekin egon ostean, konturatu ginen etorkizunera begira denek oso antzeko klabeak botatzen zituztela eta gaur egungo hausnarketekin bat egiten zuten klabeak zirela. Horregatik erabaki genuen aurrera begirako zantzu batzuk sartzea».

Hasieratik webgune dinamiko bat jarri zuten martxan, Tximeletak.net; «gazteriak proiektuetan parte hartzea eskatzen du, partaide sentitzea. Hortik dator egunerokotasuna webgunean azaltzearena», dokumentala ezagutarazteko eta jendeak parte hartzeko. «Kontziente ginen dokumentalean herri mailako borroka horiek islatzea oso zaila zela baina webgunearen bidez marraztu ahal izango genituela gazte mugimenduaren hamaika adar horiek». Elkarrizketatuei etorkizunaren inguruan egindako galderak, esaterako, ez dira dokumentalean agertzen, baina webgunean daude ikusgai.

Azaroaren 29an jaialditxo bat egingo dute Donostiako Dokan. Ondoren, behin euskarri fisikoa eskuetan, salgai jarriko da eta herriz herriko aurkezpenak egingo dituzte. Durangoko Azokan Topaturen standean izango da salgai eta Txalapartak abenduko katalogoan ere sartuko du. Aurkezpen biratxoaren ondoren, sarean eskegiko dute, gidoi batekin lagunduta, edonork bere herrian emanaldiak eta aurkezpenak egin ditzan, «ulertzen dugulako proiektu hau ez dela gurea, guztiona baizik».

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa